«Ez ginen jaio erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, gauzatzeko baizik»
Prestaketa lanetan zebiltzan Gure Eskuko kideak, Josu Etxabururekin hitz egin genuenean. Hilabeteak daramatzate ekainaren 7ko mobilizazioa prestatzen. Autogobernuen inguruko eztabaidarako sintonia bat sumatzen du, baina herritarrak entzun eta eztabaidaren parte bihurtzearen alde egiten du.

Bilbo ezberdin pentsatzen dutenen topalekua izan dadin nahi du Josu Etxaburuk, iparrorratz argi batez: erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta ahalik azkarrena gauzatzea.
Azaroan jarri zenuten hitzordua: ekainaren 7an Bilbon. Zertarako izango da hitzordua?
Bilbo Herri libre bat izango da ekainaren zazpian. Zazpi lurraldeetako euskal herritarrok herri agerraldi bat egingo dugu. Ekimen kolektibo bat izango da, komunitatea adieraziko duena eta aldi berean, erabakitzeko eskubidea erdigunera ekarrita, komunitate bat aldarrikatuko duena.
Elkarrekin ospatzeko egun bat izango da, herri gisa jauzi bat egin beharra adierazteko momentu bat, Euskal Herria garela ozen aldarrikatzeko momentu bat; eta baita ere herri libre eta burujabe bat izan nahi dugula aldarrikatzeko egun bat.
Nazio bat garela pentsatzen duten guztien lekua izango da hurrengo larunbata, euskal herritarrok gure etorkizuna demokratikoki eta libre erabakitzeko eskubidea dugula pentsatzen dugun guztion topalekua eta tokia izango da Bilbo. Burujabetzaren aldeko bultzada emango dugu elkarrekin, geure aniztasunetik, komunitate gisa eta festa giroan.
Aipatu duzue burujabetzaren bidean jauzi bat emateko unea izango dela. Zein aukera daude jauzi horretarako?
Batetik, batzuek eta besteak aldarrikatzen ari diren autogobernu zabalago baten beharra dago, esku artean ditugun transferentzia batzuen higadura ere sumatzen da. Guk diogu, betetzeaz harago, sendotu egin behar direla transferentzia batzuk eta XXI. mendeak Euskal Herriari aurrean jartzen dizkion erronkei aurre egiteko tresna gehiago behar ditugula, burujabetza espazio gehiago aurkitu behar ditugula. Iruditzen zaigu hau dela momentua, eta ez dugu esaten herri sentimendu eta herri harrotasun batetik bakarrik, aurrera egiteko beharra duen herri baten ikuspegitik ere aldarrikatzen dugu hori.
Gainera, iruditzen zaigu gure lurraldeetan badagoela nolabaiteko sintonia bat autogobernuen inguruko gogoetan, eta aurrerapausoak eman nahi horretan. Iruditzen zaigu, azken batean, lurralde bakoitzak ematen dituen aurrerapausoak beste lurraldeen prozesuetan lagungarri eta elikagai izaten direla. Eta, horri lotuta, pentsatzen dugu elkarrekin eta anbizioz jokatzeko une interesgarria dela.
Gasteizko Parlamentuan inoizko abertzale gehien dagoela esaten, da, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian ere lurraldetasunaren eztabaidak baduela zer esana. Eztabaida horiek Parlamentuetatik herritarrengana hurbiltzea duzue helburuen artean. Erraza al da?
Zer da erraza eta zer zaila? Nik esango nuke egin beharreko lana dela. Ficoban egin genuen konferentzia subiranistak ere hori zuen helburu, Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko eztabaida euskal jendartean zabaltzea eta herritarrekin partekatzea. Uste dugu aurrera egiteko garaia oraintxe dela, baina baita herria eztabaiden eta erabakien partaide egiteko garaia dela ere. Demokrazian sakontzeaz gain, ezinbesteko balore bat sustatu nahi dugu: erantzukidetasuna. Adostasunak lortu beharko dira hor, eta adostasun hori askoz ere sendoagoa izango da herritarron babesa baldin badu.
Herri libre bat ekimenean atxikimenduak biltzeko bilkurak izan dituzue gizarte eragileekin, sindikatuekin eta alderdiekin. Zer nolako erantzuna jaso duzue?
Erantzun oso ona izan da. Ez nuke dikotomia batean jarriko nortzuk eman duten atxikimendua eta nortzuk ez. Gure Eskuren lana ez da lubaki berriak zabaltzea, zubi lanak egitea da, ezberdin pentsatzen dugunontzat leku komun bat planteatzea erabakitzeko eskubidean sinesten dugun guztiontzat. Harreman guztiak joan dira goxo eta egoki; batzuek bat egingo dute eta besteek ez, baina denekin lanean jarraituko dugu, orain arte egin izan dugun moduan.
Burujabetzarekin lotutako zenbait korapilo landu zenituzten Konferentzia Subiranistaren bidez: testuinguru globalean herri gisa nola azaldu, eragiteko gaitasunak handitu, eskubideak... Zergatik hautatu dituzue gai horiek?
Planteatutako korapilo horiek direlako mamia, estatus politiko berri baten eta burujabetza osoaren planteamenduari gai horiek ematen diote mamia. Eztabaida politiko hori herritarroi hurbildu egin behar zaigu, eta, horretarako, askotariko eragile soziopolitikoak gure herriak behar dituen estatus politiko berri horien inguruan solasean jarri nahi ditugu. Argi daukaguna da herri gisako erantzun bat artikulatu behar dugula. Herri libre bat ez du Gure Eskuk bakarrik lortuko. Lortuko du herri oso batek, eta herri oso baterako bidelagun asko behar ditugu. Eta bidelagun horiek guztiek elkarrekin pentsatu behar dugu, elkarri entzun behar diogu, eta jendarteari helarazi zergatik behar dugun ahalmen politiko gehiago Euskal Herriarentzat.
Zazpi lurraldeen arteko lankidetza datozen urteetan oso garrantzitsua izango dela iruditzen zaigu. Euskal Herria lotu behar baldin badugu, lankidetzatik lotuko dugu. Lurralde bakoitzak ematen dituen urratsak besteontzat elikagai eta lagungarri izango dira. Sarri askotan esaten da erabakitzeko eskubidea jendearen pentsamendutik eta kezketatik desagertuta dagoela. Baina ikusi genuen zeinen garrantzitsua den estatus politiko berri bat, tresna berriak izatea eta erabateko burujabetza eskuan izatea, hain zuzen ere euskal herritarron bizi baldintzak hobetzeko.
Naziometroak azken irakurketako datuak argitaratu berri ditu, eta erabakitzeko eskubideak babes zabala jaso du, %66,3ko babesa. Zer balorazio egiten duzue horren inguruan?
Hamar lagunetik zazpik erabakitzeko eskubidearen alde egiten du, eta oker ez banago, %52k adierazten du estatus politiko berri baten inguruan herritarrei galdetu egin behar zaigula. Horrek esan nahi duena da euskal gizartea konturatzen ari dela zeinen garrantzitsua den hemen erabakitzea eta guk erabakitzea.
Galdera egiten badiogu edozein euskal herritarri ea hemen erabaki behar dugun gutxieneko soldata, seguruenik baiezkoa izango da nagusi. Baita etxebizitza politikaren edo bestelako politiken inguruan galdetuta ere. Beraz, jendeak erabaki nahi du. Eta kontua da erabakitzeko eskubideak, eskubide demokratikoa den heinean, gizarte demokratiko bat sendotzen duela, eta hori bultzatu beharra dagoela iruditzen zaigu.
2013ko ekainean sortu zen Gure Esku Dago, ez du ibilbide makala egin.
Ficoban jaio ginenetik 12 urte izango dira, eta iragan larunbatean Ficobara itzuli ginen. Duela 12 urteko euskal gizartea oso desberdina zen gaur egungoarekin alderatuz. Uste dut bere garaian erabakitzeko eskubideaz hitz egiteak bere zailtasunak zituela, eta gaur egun erabakitzeko eskubideaz modu naturalean hitz egiten da. Orain nola gauzatu eta garatu beharko genukeen autogobernu mailaz hitz egiten da, eta bide horretan geure aletxoa jarri dugula iruditzen zait.
Bilakaera honetan Gure Eskuk izan ditu ikusgarritasun une batzuk, eta beste batzuetan beste langintza sakonagoetan, isilagoetan ibili gara, batzuekin eta besteekin harremanak egiten, zubiak eraikitzen, ezberdin pentsatzen dugunon artean hitzorduak antolatzen… Iruditzen zaigu datozen urteetan ere antzeko lerroan lan egingo dugula, betiere gure hasierako hiru zutabeei helduta. Lehena, herri bat garela, eta horregatik da Gure Eskuren proposamena Euskal Herri osoari egina, zazpi lurraldeei begirakoa. Bigarrena, herritarron garaia dela, herritarrok parte aktiboa izan behar dugula, honelako erabakietan gure etorkizuna ere jokoan dagoelako. Eta hirugarren zutabea, erabaki nahi dugula. Gogoratu behar da Gure Esku ez zela jaio erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko bakarrik, bai ordea erabakitzeko eskubidea gauzatzeko.
Hiru zutabeei erantzungo die larunbateko zitak?
Egun batetik harago doan deialdi bat da. Azaroan bota genuen deialdi hau. Xabier Euzkitzek eta Izortze Santinek irakurri zuten agiria, baina ez zuten Gure Eskuren izenean egin, 100 pertsonak baino gehiagok adierazi zuten atxikimendua. Eta kontua ez da nork nori ematen dion botoa, ezta bozkatzen duen ere, kontua da herritarrek herritarroi egindako deia dela. Pentsatzen baldin badugu nazio bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta burujabetzaren alde urratsak egiten jarraitu behar dugula aniztasun hori errespetatuz, gure hitzordua da.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Denuncian que Soto Ivars presentará en Bilbo su libro «que niega la violencia machista»

Muere Robe Iniesta, cantante de Extremoduro muy ligado a Bizkaia, a los 63 años

Robe Iniesta, el poder del arte


