Plastikoarekin dugun harremana eraldatzeko gonbidapena
Ekainaren 5 honetan ospatuko den Ingurumenaren Munduko Eguna plastikoen kutsadurari eskainita egongo da berriz ere. Aurten, plastikoarekin dugun harremana eraldatzera gonbidatuko gaituzte Nazio Batuek: plastikoa baztertu, murriztu, berrerabili, birziklatu eta, batez ere, birpentsatzera.

Urtero munduan 400 milioi tona plastiko ekoizten dira, eta 2040an kopuru hori bikoiztu egingo dela diote adituek. Ekoizten den plastiko guztiaren erdia, gainera, behin bakarrik erabiltzeko sortzen da. Berrerabiltzen den portzentajea %10ekoa bakarrik da, eta ondorioz urtero ibaietan eta itsasoetan bukatzen duten hondakin plastikoen kopurua 11 milioi tonakoa da; hau da, Eiffel dorreak pisatzen duena 1.089 aldiz biderkatuta.
Zenbaki handi hauez gain, adituak bereziki kezkatuta daude mikroplastikoek sortzen duten arazoarengatik, bost milimetro baino gutxiago duten partikula txikiak presente baitaude dagoeneko itsasoko eta lur azaleko animalien eta gizakien organismoetan. Ikerketek diotenez, pertsona batek 50.000 plastiko partikula baino gehiago irensten ditu urtean, are gehiago arnastutakoak kontuan hartzen badira.
Baina baztertu edo erre egiten diren erabilera bakarreko produktu plastikoek, gizakien osasunari eta biodibertsitateari kalte egiteaz gain, mota guztietako ekosistemak kutsatzen dituzte, mendi tontorretatik hasi eta itsas azpikoetara iritsi arte.
Nazio Batuen arabera, posible da plastikoek eragindako kutsaduraren arazoari aurre egitea, aurrerapen zientifikoak eta dauden konponbideak baliatzen badira. Baina, horretarako, beharrezkoa da gobernuek, sektore pribatuak eta gainerako alderdi interesatuek neurriak zabaltzea eta ezartzea munduko bazter guztietan.
Alde horretatik, Nazio Batuek naturari begiratzea proposatzen dute konponbide-iturri gisa. Biomimetikak, edo naturan oinarritutako diseinuak, plastikoarekiko mendekotasuna murrizteko ikuspegi berritzaileak eskaintzen ditu.
Duela gutxi egindako ikerketek plastiko biodegradagarriak sortu dituzte, itsasoko uretan deskonposatzen direnak, mikroplastikoak sortzea saihestuz eta ongarri gisa jardunez.
Beraz, Ingurumenaren Munduko Egun honek ahotsa altxatuko du kutsadura plastikoaren ondorioei buruzko ebidentzia zientifiko gero eta handiagoaren aurrean.
Plastikoarekin dugun harremana eraldatzera gonbidatuko gaituzte: plastikoa baztertu, murriztu, berrerabili, birziklatu eta, batez ere, birpentsatzera, etorkizun garbiagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko.
Nazio Batuen Ingurumen Programak (PNUMA) zuzenduta, Ingurumenaren Munduko Eguna 1972an ezarri zuen lehen aldiz Nazio Batuen Batzar Nagusiak. Urtero herrialde ezberdin batek babesten du, eta aurten anfitrioi eta antolatzailea Koreako Errepublika da.
Azken 50 urteetan ospakizuna munduko plataforma garrantzitsuenetako bat bihurtu da, ingurumen kausen mesedetan. Dozenaka milioi pertsonak bat egin dute mundu osoko jarduera, ekitaldi eta era guztietako ekimenetan modu birtualean eta presentzialean parte hartzeko.
EUSKAL HERRIAN
Euskal Herriari dagokionez, Ekoetxeen sareak keinu txikien balioa nabarmendu nahi izan du, eta larunbatean, ekainak 7, hainbat tokitan antolatu diren hondakinen garbiketa kolektiboetan parte hartzeko deia egin du.
Ekoetxea Meatzaldeak, adibidez, giza jardueraren ondorioz presio handia jasaten duen gune bat garbituko du, Trianoko mendien goialdea, zehazki, Larreineta eta Barrionuevo auzoen inguruetan (Trapagaran). Bilketa goizeko 10.30ean hasiko da eta lau orduko iraupena izatea espero dute.
Ekoetxeen sareko arduradunek adierazi dutenez, «plastikoek eragindako kutsadura eskala globaleko ingurumen krisia da, eta ekosistemei, giza osasunari eta ekonomiari eragiten die».
Nafarroari dagokionez, Naturaren Interpretazio Zentroek ere egitarau berezia prestatu dute egun honetarako. Ekitaldi nagusia Bertizen izango da aurten eta, bertan, ate irekiak izango dira ostegunean eta bisita gidatuak larunbatean, Malerreka eta Baztan artean dagoen basoa lehengoratzeko eta berreskuratzeko lanak gertutik ezagutzeko, baita Parke Naturaleko mintegian gaztainondo barietate tradizionalak berreskuratzeko proiektua ere.
Egun honetan ez ezik, urte osoan zehar ere askotariko jarduerak antolatzen dituzte. Helburua da natura-ondareari balioa ematea eta hura babesteko beharra azpimarratzea, etorkizuneko belaunaldientzat kontserbatzeko.
Naturarekin modu jasangarrian eta harmonian bizitzeko beharra eguneroko aldaketa eta hautu txikiekin hasten da, bizimodu ekologikoagoetara eta ingurunearekiko arduratsuagoetara eramango gaituztenak. Nafarroa lurralde anitza da, eta urteak daramatza lanean ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik helmuga iraunkorra izateko. Ez da kasualitatea Foru Komunitateko lurraldearen %33k nolabaiteko ingurumen babes bat izatea.

Lurraldearen %22 hartzen duten 55 gune babestu Araba, Bizkaia eta gipuzkoan
Euskal Autonomia Erkidegoak «ekarpen nabarmena» egin dio Natura 2000 Europako sare ekologikoari: 55 gune babestu ditu, lurraldearen %22 hartzen dutenak, parke natural guztiak barne.
Bilboko Euskalduna Jauregiak “Naturgune Babestuak, erronka partekatua!” jardunaldia hartu zuen maiatzaren 23an. Bertan, erakundeetako ordezkariak, adituak eta naturguneen erabiltzaileak bildu ziren, gune horien plangintza, koordinazioa eta kudeaketa hobetzeko.
Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, HAZI Fundazioak eta Euromontanak antolatutako ekitaldian, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) eta Europako Batzordearen ordezkariek ere parte hartu zuten, eta biodibertsitatearen kontserbazioaren egungo erronkei eta Natura Leheneratzeko Europako Erregelamendu onartu berriaren inplikazioei heldu zieten.
Ekitaldiaren hasieran, Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak nabarmendu zuen naturagune babestuen plangintza integratua «Euskadiko erakundeen arteko lankidetzaren emaitza esanguratsuenetako bat» dela.
«Ingurumen garbia, osasungarria eta iraunkorra ez da soilik desiragarria, Nazio Batuen Batzar Nagusiak onartutako giza eskubidea da. Administrazio gisa, legezko agindua ez ezik, gure osasunaren, ekonomiaren eta ongizatearen oinarri diren balio naturalak babesteko betebehar etikoa ere badugu», adierazi zuen.
Jardunaldian argi utzi nahi izan zuten Natura 2000k ez dituela giza jarduerak eragozten, kontserbazioarekin bateragarria izatea sustatzen baitu. Ildo horretan, abeltzaintza estentsiboa edo artzaintza bezalako praktika tradizionalei eusteko eta laguntzeko beharra nabarmendu zuten, balio ekologiko handiko espazioak kontserbatzen laguntzen dutelako.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek plangintza-tresnak berrikusteko eta eguneratzeko elkarrekin egindako lana balioetsi zuten, eta Natura 2000 kudeatzeko planak tresna autonomikoetan txertatu dira. Erantzunkidetasun instituzionalaren eredu hori jardunbide egokiaren adibide gisa aurkeztu da Estatuan eta Europan.
Jardunaldiari amaiera eman zioten esku-hartzeetan Euskal Autonomia Erkidegoaren lana Europako Itun Berdearen eta 2030erako Biodibertsitate Estrategiaren testuinguru zabalagoan kokatu zuten, eta biodibertsitatearen krisi globalari aurre egiteko tokiko komunitateekiko, Estatuko administrazioekiko eta Europako administrazioekiko lankidetza indartzeko beharra nabarmendu zen.
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

El primer festival Aske pone la banda sonora a una Euskal Herria libre

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)
