Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Euskara eta migratzaileak: harrera duina eta sedukzio estrategiak hizpide

‘Ongi etorri euskararen mundura’ jardunaldiek migratzaileen harreran eta euskararekiko harremanean dauden erronkak aztertu dituzte. Harrera egokia eta bizi-baldintza duinak bermatzea eta euskara modu erakargarrian sustatzea dira erronka nagusiak.

‘Ongi etorri euskararen mundura’ jardunaldia.
‘Ongi etorri euskararen mundura’ jardunaldia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Lakuako Gobernuaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatuta ‘Ongi etorri euskararen mundura’ jardunaldiak burutzen ari dira ostegun eta ostiral artean Bilboko Arrupe Etxean bi helburu nagusiekin: hizkuntza harrerari buruzko ezagutza ekoiztea eta, ezagutza horretatik abiatuta, harrera protokolo egokiak diseinatzea erakunde eta eragileen aldetik esku-hartze egokiak bideratzeko.

Izan ere, Kontseiluaren hitzetan, euskararen normalizazio eta biziberritzeko prozesuaren egungo erronketako bat da euskal herritar berriak helburu hori erdiesteko aliatu egitea, eta, horretarako, ezinbestekoa da harrera egokia egitea.

Gaur egungo egoera nahiko kezkagarria da. Begirune Fundazioak 2023an argitaratutako txosten baten arabera, EAEn bizi diren atzerritar jatorriko pertsonen %85ek ez dakite «batere» euskaraz, %10ek oinarrizko ezagutza dute, eta soilik %5ek dute euskararen ezagutza ertaina edo altua. Egoera horren aurkakoa da gaztelaniarena: %87,9k ulertzen duela diote, eta %80,8k, idazteko gaitasuna dutela.

Gainera, etorkinen %72k ez du uste lan egiteko euskara behar duenik, eta bakarrik %50ek uste du euskaraz jakiteak komunitatean integratzea errazten duela. Hala ere, itxaropen izpi bat dago, %83k uste du garrantzitsua dela seme-alabek euskara ikastea.

Egoerari buelta ematen hasteko, lehenik eta behin ondo ezagutu behar dira migratzaileek Euskal Herrira iristean bizi dituzten errealitateak, eta horixe azaldu du hitzaldietako batean Mikel Mazkiaran abokatu eta Sos Arrazakeriako kideak.

Egiturazko oztopoak

Hasteko, egungo harrera sistemaren gabeziak azpimarratu ditu, migratzaileek Euskal Herrira heltzerakoan aurkitzen dituzten oztopoak gogoratuz: Etxebizitza lortzeko zailtasunak, lan duin bat lortzeko zailtasunak, ikasketak egiteko zailtasunak, erroldatzeko zailtasunak... «Atzerritarren Legearen ondorioz, kasu gehienetan, Euskal Herrira iristen den pertsona batek bi urte baino gehiago egin behar izaten ditu egoera irregularrean, eta horrek erabat zailtzen du integrazio prozesua».

«Erronka handia da, baina borondate politikoarekin konpon daiteke»

Hala, gaur egungo sistemarekin harrera duin bat bermatzea «ezinezkotzat» hartuta, dei egin die erakundeei jarreraz aldatzera. «Erronka handia da, baina borondate politikoarekin konpon daiteke». Proposamen bezala, migratzaile profil ezberdinen beharrei egokitutako harrera bulegoak martxan jartzea aipatu du.

Azkenik, euskararekiko jarrerari buruz, migratzaileen artean euskararen ikaskuntza sustatzeko «sedukzio estrategiak» behar direla azpimarratu du eta euskara erabilgarri eta gertuko egiteko politikak aldarrikatu ditu.

Pakistandar jatorriko euskalduna

Prozesua lehen pertsonan bizi izan duen Rizwan Ali ‘Jon’-ek ere hartu du hitza hitzaldian. Pakistangoa da jatorriz. Bertan jaio baina gazte zela atera zen bizitza hobe baten bila, aurrena Greziara eta ondoren, Estatu espainiarrean egonaldi labur bat egin eta gero, Euskal Herrira. Duela ia 15 urte iritsi zen Azkoitira eta bertako familia baten baserrian eman zituen lehengo urteak.

Kalean ikasi zuen euskara. «Bertako jendearekin hitz egiteko ikasi nahi nuen euskara. Egia esan, nahiko erraza egin zitzaidan. Galdezka hasi eta hitz solteak ikasi nituen, eta gutxinaka gutxinaka, euskarazko elkarrizketak izatera heldu nintzen», dio.

Ibarrako Bizi Nahi jubilatu elkarteko tabernan lan egiten du orain, eta «tabernan jendeak niri gaztelaniaz hitz egin eta euskaraz erantzuten diedanean, harrituta geratzen dira».

Rizwan ez da euskaltegi batetik igaro, «baina ezagutzen ditudan migratzaileei beti gomendatzen diet euskaltegiren baten izena ematea euskara ikasteko. Migratzaile asko, nik euskaraz hitz egitea lortu dudala ikustean, animatzen dira. Nik ere euskaltegi batean izena emateko gogoa daukat nire euskara fintzeko baina, lana eta familia dela eta, ez daukat denborarik».

Hala ere, Rizwanen kasua ez da ohikoena. Euskal Herrira iristen diren migratzaile gehienak inguru erdaldun batera iristen dira, non euskara ikastea ez den hain beharrezkoa integratzeko. Horregatik, Mazkiaranek dioenez, euskararen normalizaziorako bidean, lehenik harrera egokia eta bizi-baldintza duinak bermatu behar dira eta, aldi berean, euskara ikasteko «sedukzio estrategiak» behar dira.

Jardunaldiko bigarren eguna

Ostiral honetan hizkuntza harrera maila komunitarioan egiten duten hainbat proiektu ezagutu ahal izango dira. Baina, aurrena, hainbat lekukotza jasoko dira, eskolaratzean euskararik jaso ez dutenen eta euskara helduaroan jaso dutenen gogoetak entzuteko.

Hain zuzen, jarraian, hezkuntza komunitatearen eremuan landu diren harrera esperientzia batzuk bilduko dira mahai-inguruan: Josune Zabalak, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Saileko Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendariak, eremu honen ikuspegi estrategikoa landuko du. Bestalde, Ongi Etorri Eskolara proiektuko Garazi Zarauz, kulturarteko ikuspegia eskola komunitatean lantzeko estrategiez arituko da, betiere euskal kultura eta euskara ardatz. Azkenik, Ikastolen Elkarteko Zirimola aisialdi taldeko Pulunpa (e)ta Xin!, erdal jatorria duten ikasleentzako harrera eta murgiltze plana aurkeztuko du Odei Guirado pedagogoak.

Era berean, atsedenaldiaren ondoren, hizkuntz harrera eta kulturartekotasuna lantzen duten proiektu komunitarioak ezagutu ahal izango dira mahai-inguruan; Arteako Herriko Benta, Plazara, AZET Bilboko etxebizitza sindikatua edota Arrasateko Txatxilipurdi aisialdi taldea, besteak beste.

Eguna bukatu eta jardunaldiak borobiltzeko, hizkuntza harrera proposamenen inguruan eztabaidatzeko ariketa dinamizatua egingo da, entzundakotik egindako hausnarketak jaso eta aurrera begira eman daitezkeen pausoen inguruan adostasunak bilatzeko.