NAIZ

21 torturatu gehiago onartu ditu Nafarroako Gobernuak, bost hamarkadatan zehar erasotakoak

Tortura jasan duten 21 lagun gehiago biktima gisa onartu ditu Nafarroako Gobernuak, ostiral honetan jakinarazi denez, horien artean gaur egun eurodiputatua den Pernando Barrena. Bost hamarkada ezberdinetan kokatzen dira kasuak, 1980. urtetik 2011ra arte.

Burlatan torturaren aurka eginiko agerraldia.
Burlatan torturaren aurka eginiko agerraldia. (Jagoba Manterola | Foku)

Egiaren Garaia Da dinamikak ostiral honetan jakinarazi duenez, beste aurrerapauso garrantzitsu bat eman du Nafarroan torturaren biktimak aintzakotzat hartzeko prozesuak. Oraingoan 21 lagun biktima gisa onartu dituzte.

«Gure herrian torturaren aplikazioak izan duen irismenaren lagin txiki bat baino ez dira –aipatu dute Torturatuen Sareak eta Egiari Zor Fundazioak osatutako ekimenak–. Batzordeak orain arte aitortutako kasuen kopuruak argi eta garbi erakusten du hamarkadetan zehar salatu dugun zerbait: tortura sistematikoki aplikatu dela Nafarroan eta Euskal Herri osoan zehar. Hainbat eragileren ukazioa eta kontakizun interesatua bezain sistematikoa. Aztertu beharreko gertaerak ezinbestean. Zergatik torturatu gintuzten ezagutarazi eta tortura ahalbidetu zuen testuinguru politikoaren arrazoiak mahai gaineratu behar diren bezalaxe. Hori baita berriro ere ez errepikatzeko bermerik eraginkorrena».

Onartutako kasuak bost hamarkada ezberdinetan jazo ziren, eta horrekin argi gelditzen da torturaren ezarpena iraunkorra izan dela. Hauek dira biktima gisa onarturikoak:

-Santi eta Juanjo Agirre Galartza anaiak, Espainiako Poliziak bakoitza bi aldiz torturatua (otsailean eta urrian) 1980an, eta beste behin Guardia Zibilak 1980an eta 1981ean, hurrenez hurren.

-Santiago Sáez Maimón, Guardia Zibilak torturatua 1981ean.

-Manuel Azkagorta Agirre, Espainiako Poliziak torturatua 1981ean eta 1984an.

-Jaime Azcona Garriz, Espainiako Poliziak torturatua 1982an.

-Mertxe Gonzalez Portillo, Espainiako Poliziak torturatua 1983an.

-Juan José Carrascosa Martínez de San Vicente, Espainiako Poliziak torturatua 1984an.

-Elia Lara Martos, Espainiako Poliziak bitan torturatua, 1984an eta 1987an.

-Pernando Barrena Arza, Espainiako Poliziak torturatua 1985ean.

-Elena Urabayen Albizu, bi aldiz torturatu zuten, 1987an Guardia Zibilak eta 1990ean Espainiako
Poliziak.

-Aitor Díez Aldama, hiru aldiz torturatu zuten ordezkaritza desberdineko hiru polizia-taldek:
1990ean, Guardia Zibilak. 1995ean, Ertzaintzak. 1997an, Espainiako Poliziak.

-Iban Verdugo Marcotegui, Guardia Zibilak torturatua 1997an.

-Miguel Ángel Llamas Montoya, Guardia Zibilak torturatua 1999an.

-Aiora Epelde Agirre, bitan torturatua: 2001ean eta 2003an, Espainiako Poliziak.

-Xabi Flores Bengoetxea, Espainiako Poliziak torturatua 2005ean.

-Maider Caminos Miranda, Guardia Zibilak torturatua 2008an.

-Iker Araguas Jusué eta Mikel Marin Irurozki, Espainiako Poliziak torturatuak 2008an.

-Egoi Irisarri Alzueta eta Eneko Villegas Amezketa, Espainiako Poliziak torturatuak 2010ean.

-Xabier Beortegui Martínez, Guardia Zibilak torturatua 2011n.

Hauekin 76 dira lege bidez Nafarroan Estatuak eragindako indarkeria politikoaren biktima bezala aitortutako pertsonak. Guztira 170 eskaera erregistratu direla adierazi du Egiaren Garaia Da ekimenak. Aipatutako 76 horien artean sei hildako daude (bat torturaren ondorioz), 48 torturatu eta gainerako 18 kasuetan biktimek lesioak jasan zituzten.

«Nabarmendu nahi dugu, halaber, tortura-kasuak ez direla zenbaki hutsak, pertsonak baizik –zehaztu du–. Eta senideak eta lagunak. Hamarkadetan zehar, pertsona askok isilean sufritu ditugu torturaren ondorioak, gure bizitzak eta gure hurbilekoenak markatu dituzten esperientzia traumatikoen pisua geurekin eramanez. Bada garaia, beraz, torturak gure herrian duen tamaina, dentsitatea eta intentsitatea jasotzeko. Oraindik ez baitira ezagutzen bere osotasunean».

Biktimei eta Nafar Gobernuari gonbita

Aurrekoetan bezala, indarkeria politikoa jasan duten pertsonak aitortza eskaera aurkeztera animatu dituzte. Izan ere, epea 2027ko uztailera arte irekita dago eta «guztiek laguntzeko prest gaude. Horretarako, nahikoa da info@egiarizor.eus edo nafarroakotorturatuensarea@gmail.com helbide elektronikora idaztea edo 948307715 telefono zenbakira deitzea».

Honezaz gain, «erantzukizun publikoak nork bere gain hartu behar dituela» berretsi du ekimena, «eta uste dugu Nafarroako Gobernuak, honi dagokionez, aurrera egin behar duela. Ekainaren 26a, Torturaren Biktimak Babesteko Nazio Batuen Nazioarteko Eguna izanik, data egokia izan liteke horretarako».