Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Osakidetzan trans pertsonen eskubideak ez direla betetzen berretsi dute kolektiboek

Loratuz Lotu, Anitzak eta LumagorriHAT trans pertsonen elkarteek argitaratutako txosten batek ondorioztatu duenez, Osakidetzako genero unitate bakarrean ebakuntzen itxaron-zerrenda hainbat urtetakoa da, arreta diskriminatzailea da, patologizazioak dirau eta ez zaie subjektu gisa kontuan hartzen.

Loratuz Lotu, Anitzak eta LumagorriHATen txostenaren aurkezpena.
Loratuz Lotu, Anitzak eta LumagorriHATen txostenaren aurkezpena. (NAIZ)

Gurutzetako ospitalean dagoen Genero Identitate Unitatean (GIU), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trans pertsona guztiak artatzeko atal bakarrean, ematen den arretak kolektibo honetako pertsonen eskubideak ez dituela betetzen salatu dute zenbait elkartek.

Hala ondorioztatu dute Osakidetzako GIUaren egoeraren inguruko I. Txostenean, Loratuz Lotu, Anitzak eta LumagorriHAT trans eskubideen aldeko kolektiboek egindako lan bat.

Ostiral honetan aurkeztu dituzte honen emaitzak eta ondorioak Gasteizen Klaudia Ugarte LumagorriHAT-eko presidenteak eta Brayan Altimasberes Loratuz Lotuko kideak. Datuak «benetan etsigarriak» direla deitoratu dute eta «susmatzen genituen iritziei eusten diete».

Azaldu dutenez, ikerketa lan honen abiapuntua 2024ko otsailaren 15ean Gasteizko Legebiltzarrak onartutako Trans Lege berria izan zen, trans pertsonak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa. Honetan, elkarteekin batera pertsona transen arretarako osasun-gida bat sortuko zela arautu zen.

Urte horretako abenduan Enrique Peiro Osasuneko sailburuordearekin bildu ziren kolektiboek eta Osakidetzarekin gida prestatzeko asmoa agertu zuten eta hala izango zela baieztatu zien sailburuordeak, azaldu dutenez. Hala ere, martxoan gida prest zegoela iragarri zuen Lakuak, baina kolektiboen onespenik eta parte-hartzerik gabe, hau beharrezkotzat jotzen badute ere.

Beraz, Gurutzetako genero atalean bizitako esperientziak «paperean jartzeko» 42 pertsonen erantzunak jaso dituzte inkesta batean. Itxaron-zerrendei dagokienez, baginoplastien kasuan nabarmendu dute bost urteko itxaron zerrenda, ebakuntzarako datarik aurreikusi gabe. Gainera, inkestan parte duten eta ebakuntza hau eskatu zuten lauden bati bakarrik egin zaio.

Mastektomien kasuan itxaron denboren arteko desberdintasun handia azpimarratu dute. Izan ere, 2022ra arte urtebetekoa izan zen, eta ordutik aurrera bi urtekoa, 2025eko erdialdera arte. Gainera, 2023an itxaron zerrendan sartu ziren bost pertsonetatik lauk ez dute oraindik ebakuntzaren aurreikusitako datarik jaso.

Orkiektomiei dagokienez, datuak positiboagoak direla nabarmendu dute Ugartek eta Altimasberesek. Honi buruz jasotako bi erantzunen kasuan hilabete gutxiren buruan egin ziren ebakuntzak. Bestalde, inkesta honen arabera 2020an egin zen azkenekoz bularre-handitze bat.

«Indarkeria instituzionala»

Itxaron zerrenden arazo hau «indarkeria instituzionaleko» kasu bat dela salatu dute. Argudiatu dutenez, «zure bizitza bost urtez geldiarazita» izateak psikologikoki ondorio oso larriak ditu, «beste edozein ebakuntzaren kasuan bezala».

Horrekin, patologizazioak jarraitzen duela azaldu dute, psikiatrarekin kontsultan umetan sexu erasorik jasan ote duten galdetzen zaielako eta generoaren inguruko estereotipoen araberako balorazioa egiten zaie, gainera.

Lodifobia eta ez-binarioak kontuan ez hartzea

Trans pertsonek Gurutzetako GIUan bi oztopo «garrantzitsu eta larrirekin» topo egiten dute, elkarte hauen arabera. Batetik, lodifobia kasuak «etengabean» ematen dira. Adibide gisa ebakuntza baterako 60 kilo jaitsiarazi zuten emakume bat aipatu dute, bai eta botika asko ez hartzeko baina argaltzeko Ozempic delako diabetesa tratatzeko botika «arriskutsua» hartzea gomendatu zuten beste kasu bat ere.

Bestetik, genero ez-binarioarekin identifikatzen diren pertsonak ez dituztela kontuan hartzen jakinarazi dute. Trans pertsonak jaiotzean asignatutako generoarekin identifikatzen ez direnak direla azaldu dute eta hau binarismoaren barruan (gizon edo emakume) edo kanpoan egon daitekeela. Beraz, «pertsona ez-binarioek bi aukera dituzte, beraien identitatearen inguruan gezurra esatea edo artatuta izatetik baztertuak izatea», argitu dute.

Dezentralizazioaren zain

Beste gabezietako bat zirujau talde bakarra dagoela da, trans pertsonen elkarte hauen arabera. Hori dela eta, «atzerapena ulertzen dugu, baina ez dugu ulertzen bitartekorik ez jartzea», azaldu dute. Lege berriak arautzen duen deszentralizazioaren zain jarraitzen dute ere bai, baina «oso urrun» ikusten dute.

Horren harira, ohartarazi dute deszentralizazioarena «ezin dela izan itxaron zerrendekin bukatzeko neurri bat». Funtsean, kontsulta gehiago jartzearen alde daude, baina ez gida kliniko berdina aplikatuta.