Aitor Manterola
Elkarrizketa
Elias Arruabarrena
Euskadiko Arraun Federazioko presidentea

«Arraunlarien bueltan antolatu beharko litzateke dena, oinarrizkoak dira»

Euskadiko arraun federazioaren presidente berria da apirilaren 14tik. Aurreko agintaldian presidenteorde izan zen, Gipuzkoakoaren buru izatearekin batera. Arraun munduan badela zer aldatu uste du, eta ari direla. Euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzea nazioarteko federazioaren esku dagoela dio.

Elias Arruabarrena, Donostian.
Elias Arruabarrena, Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Arraunlari izan zen Urkin eta Donostiarran. Epaile gero. Eta azkeneko urteetan federazioen munduan sartuta dabil Elias Arruabarrena (Donostia, 1990). Euskadikoaren buru da orain, eta bertako bilera egin da elkarrizketa. Aste berezia du hau, igandean jokatuko delako Euskadiko traineru txapelketa, Bermeon.

Gipuzkoako federazioko presidente izan zinen aurreko agintaldian, eta oraingoan, Euskadikora aurkeztea erabaki zenuen. Zer dela-eta?

Arraun munduko hainbat arlo nola dauden ez zitzaidan gustatzen, eta aldatzeko asmoz sartu nintzen Gipuzkoako federazioan. Lortu dugu gauza batzuk bideratzea. Lan egiteko modua ere aldatu dugu. Euskadiko federazioko presidenteorde ere izan nintzen lau urte horietan. Jarraipena emateko asmoz, animatu egin nintzen. Ezagutzen dut Euskadikoa, eta gustatzen zait federazioen mundua.

Zer da arraun munduan gustatzen ez zitzaizun hori?

Arazo bat zegoenean, ez zen ildo beretik joaten, norberaren ikuspuntuaren arabera, baizik. Gure erabakia izan zen beste bide bat hartzea, eta denboraldiz denboraldi ikustea bide hori ona zen edo ez.

Lortu al duzue?

Arraunaren alde denok lan egitea zen gure asmoa, eta lortu dugu Gipuzkoako federazioan. Euskadikoan ere lan bera egin dugu aurreko lau urteetan, eta ikusi da jendea pozik dagoela, emaitza oso onak izan ditugulako hauteskundeetan.

Gehiengoa pozik, baina egon zen beste hautagaitza bat ere, eta tartean, helegiteak ere bai.

Lehen Euskadiko federazioan egondako jendea ere bazen beste zerrenda horretan, baina lehen egondakoak zirenez, hainbat eragilek ez die botorik eman.

Zein dira lau urte hauetarako zuen asmoak?

Programarik ez dugu prestatu. Azkenean, aurreko agintaldian egindako lanaren segida delako gurea. Gure oinarrietako bat izan da naziorteko txapelketak hemen jokatzea, tartean Espainiakoak: bateletan, traineruetan eta ergometroan; eta irail honetan, aulki mugikorreko beste bat egongo da Legution. Horrekin segi nahi dugu, klubei erraztasunak ematen dizkielako: gertu daude, ez dute bidaia luzerik egin behar, gastuak gutxitzen zaizkie...

Zein da aulki mugikorreko Euskal selekzioaren egoera?

Aurrera atera dugu berriz ere. Maila onekoa izan da historikoki, eta galdutzat emanda zegoen. Kadeteekin eta gazte mailakoekin ari gara lanean. Modalitate hau baztertua dago gure klubetan seniorren mailan, eta garbi daukagu ez dugula federazioko baliabiderik erabiliko hamar arraunlari senior hartu eta nazioarteko estropadetara eramateko. Gazteekin egin nahi dugu lan, eta segida izan dezatela klubetan eta selekzioan. Ikusten badugu lan horrek segida izaten duela, joango ginateke adin handiagokoekin txapelketetara. Autonomia arteko Espainiako txapelketan izaten gara, eta hirugarren izan da Euskal Selekzioa maila guztiak kontuan hartuta. Kadeteekin eta gazte mailakoekin joan ginen. Copa de la Juventud delakoan aritzeko aukera izango dute, eta hain zuzen, horixe da Legution jokatuko dena irailean. Espainiako selekzioarekin ariko dira gure arraunlariak, selekzio horretarako lana egiten dugulako.

Espainiako txapelketak Euskal Herrira ekartzeak ez al du eragin kontrako iritzirik arraun munduan?

Joan egiten gara Espainiako txapelketara, eta irabaztera joaten dira hemengo klubak. Eta gero zertarako ezkutatu? Nik dakidanez, ez du iskanbilarik sortu, nahiz eta badagoen zarata Espainia izena entzuten denean beste sektore batzuetan.

«Gu ere prest gaude Euskal Selekzioaren alde egiteko, baina badakigu zein itxia den nazioarteko federazioa»

Zertan da ofizialtasunaren gaia?

Batzar batean adostu genuen horren alde lan egingo dugula, eta jakinarazi genion Eusko Jaurlaritzari. Gero, ikusi egin behar da nazioarteko federazioak zenbaterainoko lekua duen beste federazio batzuk sartzeko. Pilotan lortu da. Gu ere prest, baina badakigu zein itxia den nazioarteko federazioa. Jarraituko dugu saialdiak egiten, eta ea lortzen dugun gure selekzioarekin joatea. Garrantzia ematen diogu, baina ez da gure helburua senior mailako taldea osatzea, ikusirik jarraitzaile handirik ez duela modalitate horrek. Ezin diegu besteei ezer eskatu guk ez badiogu garrantziarik ematen. Gure traineru maiteek bereganatzen dute arreta guztia. Aulki finkoan nazioartean lehiatzea izan daiteke aukera bat. Italian badago federazio bat aulki finkoarena, eta agian, errazagoa izango litzateke. Baina ez dugu ezer landu.

Euskara eta berdintasun arloetan zer asmo dituzue?

Berdintasunean, lehen, txapelketetan, aurrena emakumezkoek jokatzen zuten, eta gero gizonezkoek. Duela hiru urtetik, txandaka egiten dugu: urte batean emakumezkoak aurrena, eta hurrengoan, gizonezkoak. Hori da berdintasunari egiten diogun ekarpena. Azkenean, fitxetan, berdindu samar daude bi generoak, gizonezkoak pixka bat gehiago izan arren. Beste zerbait ikusiko bagenuen berdintasunaren alde egiteko, egingo genuke. Euskarari dagokionez, estropada kodeak esaten du lehen hizkuntza euskara izango dela. Orain federazioan daukagun langileak bermatzen du hori, euskaraz badakielako. Sare sozialak, webgunea eta komunikazioak elebitan dauzkagu.

Zer dira federazioak gaur egungo arraun munduan?

Federazioetan eta ligetan gabiltzan jendea bat eta bera gara, batean egon edo bestean. Helburu beretsuak dauzkagu: arrauna sustatzea. Klubek ez lukete ezer egingo arraunlaririk gabe, federazioek ere ez klubik gabe, eta ligek ere ez klubik gabe. Arraunlarien bueltan antolatu beharko litzateke dena. Ikusten da ligek beste helburu batzuk dituztela, marka baten ingurukoak. Baina ez dugu ahaztu behar arraunlariak direla oinarrizko. Federazioen lana da aulki mugikorrean eta finkoan harrobiko lana egitea, estropadak antolatuz. Seniorretan, orain Euskadiko txapelketa jokatu eta gero, lanik ez dugu izango alde horretatik. Ligetan gure ekarpena izaten da epaileak ipintzea.

Harrobiari emandako laguntza estropadak antolatzera mugatzen da?

Ez da hori bakarrik. Hasi ginen txapelketak streaming bidez ematen, trainerilletakoa izan ezik, eta datuak oso onak dira. Enpresa ona daukagu, diru asko gastatzen dugun arren, egin beharreko inbertsioa da. Esan izan digute gure irudiak ETBrenak baino hobeak direla.

Trainerillak aipatu dituzula, neurri batzuk ere hartu dituzue ontzi mota horren erabilera sustatzeko.

Bai. Iaztik, kadeteak ere hasi ziren parte hartzen, aukera eman genielako. Ordura arte, gazte eta senior mailakoek bakarrik har zezaketen parte. Harrobia lantzeagatik hartu genuen erabakia.

Nolakoa da federazioen eta ligen arteko harremana orain?

Ona da. Bakoitzak bere aldera jotzen du, baina garbi daukagu zein den norberaren lana, eta oinarri sendoen gainean gabiltza. Esan dieguna izan da guretzat liga guztiak direla garrantzitsuak, eta elkarlana baldin badago kluben alde egiteko dela.

«Klub eta federazioaren arteko harremana Ona da. Bakoitzak bere aldera jotzen du, baina garbi daukagu zein den norberaren lana, eta oinarri sendoen gainean gabiltza»

Zein da arraunaren egoera?

Gazteek aurrerapausoa ematea kostatzen ari da. Ligetan arraunlari beterano asko dabiltza. Azkenean, kluben helburua irabaztea da. Nahiz eta aritu harrobiko arraunlarien gaiarekin, denen nahia ahalik eta emaitza onenak lortzea da. Zaila zaie onartzea denboraldiren batean nahi baino maila apalagoan ibili behar dutela, arraunlari gazteei lekua eginez. Bestalde, arrauna gazteek nola ikusten duten ere aipatu egin behar da. Udan atzera eta aurrera ibiltzea, sakrifikatzea haien hainbat zaletasun eta abar ez zaie gustatzen, eta arrauna gogorra egiten zaie. Uda luze egiten da, eta agian, egutegiari  buelta bat eman beharko zaio. Emakumezkoen arrauna bakarrik aipatuta, aurrera zihoala ematen zuen, baina beti dabiltza arraunlari berdinak bueltaka, gizonezkoetan bezala.

Zer proposatuko zenuke egutegiari dagokionez?

Aurreratzea, eta estropada kopurua gutxitzea. Edo kontrakoa, geroago hastea.

Sumatzen duzu honen inguruko gogoeta serioren bat arraun munduan?

Askok dute buruan zerbait egin behar dela, baina gero, ez da ezer jartzen mahai gainean.

Euskadiko federazioak gidaritza hartu beharko luke horretan?

Beste erakunde bat da, eta ez dauka zer ikusirik liga pribatuekin. Klubekin bildu beharko genuke, zein den egoera aztertzeko, eta bidelagun izateko balizko aldaketa honetan.

«Kirol asko dauzkagu, eta haurrak edo gaztetxoak arraunera erakartzea ez da erraza»

Gazteen gaiaz aparte, beste kezkarik baduzu?

Kirol asko dauzkagu, eta haurrak edo gaztetxoak arraunera erakartzea ez da erraza. Nesken kopurua ona da, baina mutiletan, beherantz doa. Jaiotze tasa ere amiltzen ari da. Klub bakoitzak berea nahi du atera, eta asko dira. Agian, klubak elkartzen hasi beharko dute laster, baina ea nork ematen duen amore bere betiko izena galtzeko.

Harrobiko arraunlariak beste klub bati uztea, adibidez, gertatzen ari da.

Bai, ohikoa izaten da. Adibidez, trainerilletan. Baina iruditzen zait traineruetan ere ikusiko dugula bateratzerik, bestela gero eta zailagoa izango delako ia hogei arraunlariko taldea osatzea.

«Uda luze egiten da, eta agian, egutegiari buelta bat eman beharko zaio»

Haurrak arraunera erakartzerakoan nola eragin dezake Gipuzkoako eskola kirolaz Euskadiko epaitegiak emandako epaiak?

Gipuzkoako federazioan egon izan naizenean, klubek eskatzen zuten alebinetan hastea arraunean. Azkenean, eskola kirolaren barruan sartzea lortu zen, eta bost topaketa egin dira. Gipuzkoan eskola kirola modu batekoa da, eta Bizkaian, beste batekoa. Gipuzkoarrek ezin dute txapelketa batean lehiatu, baina bizkaitarrek bai. Gipuzkoako Foru Aldundiak gai hau kontrolpean izan nahi du, eta esaten du kirol guztientzat dela ona epaileak atzera bota duen legea.

Nolakoa izango da arraunaren etorkizuna?

Klubetan boluntarioak falta dira, eta federazioan ere bai. Ordainduta azaltzen dira boluntarioak. Beteranoen ligena beste mundu bat da, baina KAE 2 ligan gutxitu egin dira taldeak, horko arraunlariak betarenoen ligan ari direlako. Aulki mugikorrean ez dago dirurik, finkoan ez bezala. Sekulako aldea dago bi modalitateen artean. Telebistari esker klubek babesleak lortzen dituzte. Lehen, aulki mugikorreko Euskadiko txapelketa ETBk ematen zuen; baita trainerilla txapelketa ere. Esaiozu orain botatzeko. Ikusgarritasuna galtzen doazen heinean hainbat modalitate, kaltea gero eta handiagoa da. Adibidez, klubek ez dituzte trainerillak erosten, eta ontzirik gabe, nekez izango dira estropadak, ezinezkoa telebista sartzea eta abar. Gero, beste modalitate batzuk ere badaude orain: itsas-arrauna, esate baterako. Saiatu ginen ontzi batzuk ekartzen, baina klubek ez zituzten nahi. Azkenean, denek esaten digute traineruarekin dabiltzala buru-belarri. Modalitate horiek berpizteko norbaitek dirua sartu beharko luke.