Herri libre bat. Herri libre bat aldarrikatu eta irudikatu dute larunbat honetan milaka lagunek Gure Eskuk Bilbon antolatutako mobilizazio nazionalean. Burujabetzaren aldeko aldarria erdigunera ekartzeko asmoa zuten, baita ezberdin pentsatzen dutenen arteko «topaleku» bihurtzekoa ere, eta lortu dute. Hurrengo helmuga ere marraztu dute: hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia.
Askotariko eragileen babesa jaso zuen deialdiak, eta gaur ere horixe irudikatu nahi izan dute, bertan izan baitira pankarta eusten Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko lehendakaria, Izortze San Martin EHUko irakaslea edota Xabier Euzkitze telebista aurkezlea bozeramaileekin batera, besteak beste. EAJtik Markel Olano zein Xabier Barandiaran ere gertu ziren, EH Bildutik Pello Otxandiano edota Nerea Kortajarena ere erbai, eta Ahal Dugutik Richar Vaquero zein Maite Gartziak ere parte hartu dute. Eragileei dagokionez, gehiengo sindikala, Bilgune Feminista, Ernai zein pentsiodunen mugimendua izan dira.
Euskal ikurrak ekartzeko deia egin zuen Gure Eskuk, eta burujabetzaren aldeko herritarrek zintzo bete dute etxeko lana, mobilizazioa La Casillatik hasterako ikurrinak eta nafar banderak ziren nagusi. Tartean Palestinako banderak ere bazeuden, eta herri palestinarrarekiko elkartasuna presente egon da mobilizazio guztian zehar.
Joaldunen eta adarren hotsak eta castellersen ikuskizunak ireki dute mobilizazioa, ikurrina erraldoi batek jarraituta, ‘Euskal Herriak erabaki’ lelopean. Eta ondoren, pankarta nagusia: ‘Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki’ aldarriarekin egin du aurrera, txalo artean.
Emozioa eta itxaropena izan dira nagusi parte hartzaileen begietan, belaunaldi ezberdinetako kideak eta familia politiko ezberdinetako kideak elkartu baitira Bilboko kaleetan.
Autonomia kalera iritsitakoan hartu dute ikurrek protagonismo gehien, «aurrez inoiz atera gabeko argazkia» egin nahi zutela aurreratu zuten antolatzaileek. 18.00ak jotzerako Autonomia kalean geldialdia egin du mobilizazioak, egunean zehar banatutako ikurrak altxatzeko deia egin dute eta aldarri zehatz batek zeharkatu du mobilizazioa: independentzia.
«Esanetatik ekintzetara pasatu behar dugu, adostasunetatik akordioetara, elkarrekin burujabetzaren bidea egin dezagun»
Bertan egin ditu lehen adierazpenak Josu Etxaburu bozeramaileak. Adierazi du «herri agerraldi erraldoia» izan dela Bilbon larunbat honetan egindakoa, eta horrek burujabetzari «izugarrizko bultzada» ematen diola.
Nabarmendu du ezberdin pentsatzen duten milaka herritar batu direla erabaki nahia aldarrikatzeko: «Esanetatik ekintzetara pasatu behar dugu, adostasunetatik akordioetara, elkarrekin burujabetzaren bidea egin dezagun».
Esperantza, Euskal Herrian eta Palestinan
Ibilbidean zehar herritarren emozioa sumatzen bazen ere, udaletxe parean egindako amaierako ekitaldian sumatu dira malkoak, Palestinako Sol Band taldearen eta Jon Maia bertsolariaren eskutik.
Maiak testu bat errezitatu du, «nik esperantza daukat» esaldiarekin abiatu du hitzartzea eta zergatik duen azaldu du xehe bezain elegante: «Esperantza daukat Maravillas hil zuten herrian jotak euskaraz kantatzen direlako, Matalaz hil zuten herrian ikastola bat dagoelako, kuartela izan zen eraikinean gaztetxe bat dagoelako, edo muga bat ezarri zuten lekuan mugen aurkako zinema egiten delako, esperantza daukat sistema honek kalean eta goseak uzten duenari egunero afaltzen ematen dion jendea dagoelako...».
Hala ere, esperantzak konpromisoak, legeak, ardurak, gatazkak, borrokak, pausoak, baloreak, adostasunak behar dituela azpimarratu du, «baldin eta inoiz izango bada». «Gu geu izan gara eta ez beste inor herri hau iraganetik honaino ekarri dugunak eta gu geu izango gara, eta ez beste inor, herri hau etorkizunera eramango dugunak. Garenok har dezagun bidea, gure esku dago eta», egin du aldarri. Eta horri lotuta, ostean Etxaburuk ere horixe berretsi du: «Izan gaitezen esperantzaren militante».
Jarraian igo dira Sol Bandeko kideak oholtzara, eta manifestariek «Palestina askatu» oihu eginez erantzun diete. Hitza ere hartu dute musikariek eta Gazatik helarazi nahi duten mezu argia plazaratu dute: «Genozidio telebisatu bat bizitzen ari gara, eta ikusten dugu zuek Euskal Herrian egiten duzuen guztia. Eskerrik asko, bihotz barruraino iristen zaigu egiten duzuen gauza bakoitza». Euskal Herrira iritsi berriak direla azaldu dute, eta oso eskertuta daudela «guregatik eta zuengatik egiten duzuen guztiagatik. Ahots libre guztiei eskerrik asko esaten diegu». Bertantxe lehertu da Bilbo.
«Baliatu dezagun herri gisa suspertzeko»
Etxaburu eta Irantzu Perello arduratu dira ekitaldia borobiltzeaz, eta helmuga argi dutela azaldu dute: «Bere etorkizuna erabakitzen duen herri burujabe bat izatea». Larunbat honetan Bilbon egindako mobilizazioa burujabetzaren aldeko borrokari «bulkada garrantzitsua» izan dela nabarmendu dute berriz ere: «Herri bizi bat irudikatu dugu. Herri bat martxan. Aske eta burujabe bizi nahi duen herri bat, aurrera egin nahi duen herri bat».
«Baliatu dezagun garai politiko hau herri gisa suspertzeko, pizteko, bizkortzeko, eta burujabetzaren eskaileran gora eginez solairu berri batera iristeko», aldarrikatu dute. Eta gaineratu lurralde guztietan dagoela «gora» egiteko aukera: «Euskal Herriko lurralde guztietan erabakitzeko ahalmena handitu eta erabakitzeko eremuak irabazteko aukera daukagu».
Zertarako burujabetza?
Gure Eskuren ustez «herri aitortzaren garaia» da parez pare daukaguna, euskal selekzioarena, euskara euskal lurralde guztietan ofiziala egitekoarena, eta herri gisa errespetatuak izateko garaia. «Orain da momentua» zehaztu dute: «Eguneroko bizimodua hobetzeko, erronka globalei aurre egiteko; bazterkeriarik, zapalkuntzarik eta injustiziarik gabeko gizarte bat eraikitzeko; feminismoaren bidez gizartea eraldatzeko; euskarari eta euskal kulturari etorkizun oparoa bermatzeko…»
Zertarako baina burujabetza handiagoa? Larrialdi linguistiko eta kulturalari aurre egiteko esate baterako, «funtsezkoa da euskaldunen hizkuntz eskubideen aitortza euskal lurralde guztietan», baieztatu dute. Eta horrekin batera, bizi baldintzak duintzeko ere garrantzitsua dela nabarmendu dute: «Sektore publikoko lan baldintzak hobetzeko gaitasuna izateko, edo kanpoko menpekotasunik gabeko politika fiskal eta ekonomikoak garatzeko, edo etxebizitzaren eskubidea bermatzeko, edo indarkeria matxistari bitarteko berriekin aurre egiteko, edo soldata arrakala konpontzeko».
Eta guzti hori betetzeko egungo estatus politiko-juridikoak «berritzeko» garaia heldu da Gure Eskuren iritziz. Euskal lurralde guztietan bizi diren herritar guztien bizi baldintzak hobetzeko beharra azpimarratu dute, «baita erabakitzeko eskubidea gutxiesten dutenenak ere» zehaztuz.
Erabakiak eta akordioak
Urratsak emateaz hitz egiten dutenean ordea, hitzekin ez dela aski salatu dute. «Nahi dugun herria eraikitzeko atakan gaude» baieztatu dute, eta «momentu historiko» honetan euskal herritarren gehiengoa ordezkatzen duten «akordio eta erabakietara pasatzeko unea» dela nabarmendu.
«Milaka herritar prest gaude burujabetzaren haize errota hauspotzeko eta gure herriaren oihal zatikatua josteko. Haizea gara, jostunak gara»
Herri gisa aurrera egiteko Euskal Herri osoko «lankidetzan sakondu eta botere gune berri bat sortzea» proposatzen dute. «Eztabaidak, proposamenak, akordioak eta erabakiak plazara ekarri behar dira, orain, geroko utzi gabe», ohartarazi dute.
Erakundeek, eragileek eta herritarrek, guztiek dutela «ardura» berretsi dute eta lurraldea bezalaxe erabakiak josteko deia egin: «Milaka herritar prest gaude burujabetzaren haize errota hauspotzeko eta gure herriaren oihal zatikatua josteko. Haizea gara, jostunak gara».
Erabakitzeko aldarria aurrera Bilbon Gure Eskuren mobilizazioan, euskal ikurrez lepo pic.twitter.com/8NXpjUH9zX
— Ramon Sola (@gara_rsola) June 7, 2025
Sol Band Palestinako musika taldea ez da izan Palestinaren alde egindako keinu bakarra, amaierako irakurketan ere salatu baitute herri palestinarrari egiten ari zaion genozidioa, «elkartasunezko besarkada bat» helarazi nahi izan diote herri palestinarrari eta munduko herri zapaldu guztiei.
Adierazi dute nazioarteko «egoera korapilatsuari» erreparatuta ere burujabetza handiagoaren beharra dagoela: «Haize atzerakoiek gogor jotzen diote demokraziari, eskubide zibil, politiko eta sozialei eta egiari eraso eginez, eta non nazioarteko komunitatea ez den gai Europan bertan inbasio batek eragindako gerra bat amaitzeko,ezta Gazaren kontrako genozidioa geldiarazteko ere». Eta Euskal Herria herri gisa nazioartean kokatu beharraz mintzatu dira.
Bilbo, herri libre bat larunbat honetan
Arratsaldeko mobilizazioaz gain, ekimen ezberdinak izan dira Bilboko erdigunean. Bertso saioa egin dute Santiago plazan, eta bertan izan dira ere Porrotx, Marimotots eta Zapotxin. Eta Plaza Barrian Castellersak eraiki dituzte.

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Potente incendio en la fábrica de LEA, que ha obligado a confinar Abetxuku y parte de Arriaga

El estrecho de Ormuz, ¿arma definitiva en manos de Irán?
