NAIZ

Erabakitze eskubidea gauzatzeko gizartearen borondatea argi ikusi zuen Gure Eskuk larunbatean

Gure Eskuk larunbatean Bilbon egindako mobilizazioaren balorazioa publiko egin du astearte honetan. Josu Etxaburu bozeramaileak adierazi duenez, euskal jendarteak erabakitze eskubidearen aplikazioaren bidez Euskal Herriaren burujabetza osorako urratsak eman nahi dituela «argi» geratu zen.

Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramailea eta June Romatet Gure Eskuko kidea astearte honetako agerraldian.
Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramailea eta June Romatet Gure Eskuko kidea astearte honetako agerraldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Euskal jendarteak borondate argi bat erakutsi zuen: urratsak egin nahi ditu Euskal Herriaren burujabetza osoaren bidean, erabakitze eskubidearen aplikazioaren bitartez», adierazi du Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak larunbatean Bilbon egindako mobilizazioaren harira.

Honen balorazioa publiko egiteko prentsaurrekoa eskaini dute Etxaburuk eta June Romatet Gure Eskuko kideak astearte honetan. Josu Etxaburuk hiru alderdi nabarmendu ditu. Batetik, jendetza; bestetik, aniztasuna, Euskal Herriaren gehiego politiko eta sozialaren ordezkariek parte hartu zutelako, eta gazteen parte-hartzea.

«Zenbait diskurtso interesatuk diotenaren aurka», esan du Etxaburuk, «argi geratu da euskal jendarteari burujabetza axola zaiola». «Euskal jendarteak nahi eta behar du burujabetza», gaineratu du Gure Eskuko bozeramaileak.

Beraz, beharra badago, euskal jendartearen borondate demokratikoa hori bada eta nahikoa indar ere badago, indar politikoek eta gainerako eragile guztiek herri ikuspegiz eta anbizioz jokatu behar dutela gaineratu du Gure Eskuko bozeramaileak: «Ardura hori dugu une historiko honetan. Euskal herritar gehienak ordezkatzen dituzten erabaki eta adostasunak lortzeko eta haiek gauzatzen hasteko garaia da; erabakitze eskubidea gauzatzen hasteko garaia da. Herri ikuspegia eta anbizioa. Ahalegina egitea da gure ardura. Euskal jendarteak mezu hori helarazi zuen Bilbon, eta beraz, eragile sozial eta politikooi datozen hilabeteetan ardura horrekin jardutea dagokigu».

June Romatetek, bestalde, burujabetzaren beharra azpimarratu du, «euskal herritarren bizi baldintzak hobetzeko». «Non erabakiko dira, adibidez, pentsioak, gutxieneko soldatak, etxebizitza politikak, funtzio publikoari dagokzionak...? Euskal Herrian, euskal herritarok, hartuko ditugu erabaki horiek? Ala Euskal Herritik kanpoko eremuan hartuko dira?», esan du.

Euskarari dagokionez, «ikusten ari gara zer gertatzen den kanpoan hartzen badira erabaki horiek... Hor dugu oldarraldia, hor ditugu euskararen normalizazioari jarritako trabak edo gure hizkuntza eta kulturaren ukazioa...», esan du Gure Eskuko kideak.

Gure Eskuk azken hilabeteotan hainbatetan adierazi duen bezala, Euskal Herriko hiru esparru administratiboetan martxan dira, aldi berean, autogobernua hobetzea helburu duten dinamikak. Dinamika ezberdinak dira, erritmo eta ezaugarri ezberdinak dituztenak, baina denek helburu bera dute: estatus juridiko-politikoa eguneratzea.