
Tolosaldea emakumezkoetan eta Orio gizonezkoetan dira Euskadiko Traineru Txapeldun berriak, Bermeon jokatu diren estropada ikusgarrietan azkarrenak izan ostean. Oilar handi guztiak parez pare ikusteko denboraldiko lehen aukera izan da gaurkoa, eta ikuskizuna gogoangarria izan da, aurtengo denboraldiak eman dezakeenaren aurrerapen itzela.
Emakumezkoen estropada, esaterako, afizioa egiten duten horietakoa izan da. Jakina zen Tolosaldeak aurten taldea asko indartu duela eta jauzi nabarmena eman duela gora, eta gaur argi utzi du dena irabazteko hautagaia izango dela.
Donostia Arraun Lagunaken alboan –tolosarrak hirugarren kaletik eta donostiarrak laugarrenetik–, lehia estu-estua izan dute bi ontziek hasieratik amaieraraino. Lehen luzean, Tolosaldeak pare bat segundoko aldea hartu du, baina Arraun Lagunaken ziaboga hobea izan da, eta biak pare-parean irten dira balizatik.
Bigarren luzean ere tarteak oso txikiak izan dira, baina azken metroetan tolosarrek abantailatxoa hartu dute eta branka aurretik sartzea lortu dute. Garaileen denbora 10:53.58koa izan da, eta Arraun Lagunaki 78 ehunenekora heldu da, segundo bateko aldea baino gutxiago bien artean.
Aurreko asteburuan, Gipuzkoako Txapelketan, Arraun Lagunak izan zen garaile; gaur Tolosaldea izan da onena; ea datorren astean Espainiako Txapelketan zer gertatzen den.
«Oso pozik gaude. Guretzat gauza handia da Euskadiko Txapelketa irabaztea. Estropada oso gogorra izan da, pinganillotik etengabe esaten zigutelako segundo bat gora edo segundo bat behera geundela. Baina era berean oso polita. Arraun Lagunak bezalako talde bati irabaztea sekulakoa da», adierazi du Nerea Perez Tolosaldeako patroiak estropada amaieran.
Beste txandan ere ikuskizun ederra eskaini dute Hibaikak eta Zarautzek. ETE Ligako ontzia izan arren, zarauztarren «Enbata»-k Hibaikaren erritmoari ongi eutsi dio ia luze eta erdian, baina azken zatian Errenteriako traineruak bere nagusitasuna erakutsi du, aurrea hartu eta brontzezko dominak ziurtatuz.
Bosgarren Kaiku izan da, Bizkaiko Txapelketan aurre hartu zion Ondarroa menderatuta. Eta zazpigarren Deustu, Portugalete atzean utzi baitu alde handiarekin.
Hau bai Ohorezko Txanda
Gizonezkoei dagokienez, Oriok 2002tik irabazten ez zuen Euskadiko Txapelketa eskuratzea lortu du goi-mailako ohorezko txanda batean onena izan ostean. Zierbenak (1. kalea), Donostiarrak (2), Urdaibaik (3) eta Oriok sekulako lehia izan dute, zaleen gozamenerako.
Lehen ziabogan bi segundo barruan ziren lau ontziak, eta bigarren luzearen erdialdera arte ez du lortu Oriok lehen tartetxoak irekitzea. Hirugarren ziabogan oraindik tarteak nahiko txikiak ziren eta laugarren eta azken luzean bakarrik argitu da garaipenaren jokoa Orio eta Donostiarraren artean egongo zela.
Azken luze horretan Donostiarrak sekulako ahalegina egin du, palada erritmoa igoz eta nabarmen baborrera sartuz, baina oso gertu egon den arren azkenean ez du lortu Orio harrapatzea. Mirotzek 20:03.18ko denbora sinatu dute eta donostiarrak bi segundora gelditu dira.
«Aurkari zuzenekin parean jartzen zarenean gantxoa beti daukazu lepoan. Seikote bat hilabetez kanpoan ibili gara trainerilletan lehiatzen, eta aste honetan lan oso ona egin dugu traineruari behar duen posoa ematen. Uste dut lortu dugula burua hotz mantentzea, eta azken luzean beste puntutxo bat sartzeko gai izan gara garaipena lortzeko», azaldu du gaur bere Euskadiko zazpigarren Txapelketa irabazi duen Gorka Aranberri patroiak.
Atzetik, aipatzekoa da Urdaibaik lortu duela hirugarren postua, eta bide batez brontzezko dominak eta Espainiako Txapelketan aritzeko eskubidea. Salsamendiren proiektu berrituak koxka bat egin du gora eta epailearekin ika-mikan aritu den Zierbena indartsua atzetik uztea lortu du.
Beste txandan, onena San Juan izan da, Hondarribiarekin izan duen lehia borrokatuan garaile irten baita. Arrosak aurretik iritsi dira azken luzera, ontzi edo ontzi eta erdiko abantailarekin, baina azken luzean Hondarribiaren kalean sartu dira eta epaileak hiru segundoko zigorra ezarri die. Hala ere, bogarren postuak ez die ihes egin Joseba Fernandezen mutilei.
Zazpigarren postua Isuntzarentzat izan da eta zortzigarrena Santurtzirentzat.

Kolpez kolpe, gora herria! Geurea da garaipena!

Gaza y Madrid, Iñigo e Ituño, tormenta y revuelta; los momentos de Muguruza en Anoeta

Chivite auditará los túneles de Belate, pero no la mina Muga

Fallece una joven 17 años electrocutada en la estación de tren de Araia
