NAIZ

Araba Euskaraz Prado, Mendizorrotza eta Armentian egingo dute, Olarizuren egoera txarragatik

Gasteizko lorezainen grebaren ondorioz, Olarizuko lorategiak ez daude egoera onean eta ez dituzte Araba Euskaraz ospatzeko «bermeak betetzen». Horregatik, lekuz aldatu du antolakuntzak igande honetan egingo den jaia. Prado parkea, Mendizorrotza eta Armentia Ikastola izango ditu kokaleku berri.

‘Etengabe’ leloarekin ospatuko da igande honetan Araba Euskaraz. Astelehen honetan aurkeztu dute, kokaleku aldaketarekin, Bastida Ikastolako kideek.
‘Etengabe’ leloarekin ospatuko da igande honetan Araba Euskaraz. Astelehen honetan aurkeztu dute, kokaleku aldaketarekin, Bastida Ikastolako kideek. (Raul Bogajo | FOKU)

Igande honetan egingo da Araba Euskaraz, Gasteizen, Prado parkearen, Mendizorrotzaren eta Armentia Ikastolaren artean, ‘Etengabe’ leloarekin. Olarizuko lorategietan antolatua zuten, azken urteetan ohitura zen bezala, baina lorezainen grebaren eraginez espazio hori ez dago eroso ibiltzeko moduan, belarra eta sasiak nabarmen hazi baitira. Baldintzak aztertu ondotik, jaia lekuz aldatzea erabaki du antolakuntzak. Dena den, aurreikusitako ekitaldi eta ikuskizun guztiak aurrera aterako dituztela ziurtatu dute.

Astelehen honetan egin dute aurkezpena eta bertan izan dira Bastida Ikastolako ordezkariak, Ketxu Bedialauneta zuzendaria buru, ikastola honi laguntzeko asmoa baitu aurtengo hitzorduak. Azaldu dutenez, Olarizuko espazioak ez ditu jaia ondo egiteko «bermeak betetzen» eta horregatik mugitu dute eszenatokia. Alea.eus hedabideak jaso duenez, azken egunetan ospakizuna Olarizun egin ahal izateko saiakerak egin dituzte, baina aldeekin mintzatu arren, ezin izan dute bermerik lortu.

Hala, ibilbidea hiriaren hegoaldean mantenduko da, baina kokaleku urbanoagoa izango du, 2019ko Araba Euskarazenaren antzekoa.

Igande honetako jaira bizikletan edo oinez joateko deia egin dute antolatzaileek, ordurako hasia izango baita Azkena Rock jaialdiaren muntaia eta ez baita erabilgarri izango Mendizabalako aparkalekua.

Egitarau ederra

Araba Euskarazen hiru agertokietako bat, Lautada Gunea, Armentia Ikastolaren patioan jarriko dute, txikienentzako eskaintzarekin. Go!azen, Argitxoren Txokoa, Asier Kidam magoa, Dantza Plazan eta Arabako ikastoletako ikasleen ‘Etengabe Txoua’ izango dira bertan, besteren artean.

Mendizorrotzako parkinean kokatuko da Mendia Gunea. Akerbeltz, Izaki Gardenak, Pluk eta Zilibito Recordsen kontzertuak, Haurren Basoa eta herri kirolak kokatuko dira han.

Prado parkean –hau ere lorezainen grebaren eraginpean– Erreka Gunea paratuko dute. Trikoma, Marte Lasarte, Modus Operandi, Rosamari DJ eta Monkey Tximinok joko dute eta ‘Hazten eta Jolasten’ tailerrak ere izango dira.

Arai konpartsako erraldoien eta trikitilarien kalejirak ibiliko dira hiru guneetan barrena giroa alaitzen. Gainera, Arabako herri arteko pilota txapelketa jokatuko da Ogeta pilotalekuan, 10.30ean hasita.