NAIZ

«Euskararen erabilera sustatzeko Biltzarra» iragarri du Pradalesek 2027. urterako

Imanol Pradales EAEko lehendakariak iragarri du 2027an euskara biziberritzeko kongresu bat egingo dela. Irailean hasiko dira prestaketa lanak. Euskal gizarte osoari, erakundeei eta alderdi politikoei dei egin die horren parte har dezaten, «jauzi kualitatibo» baten bila.

Imanol Pradales eta Ibon Bengoetxea lehendakariordea, ekitaldian.
Imanol Pradales eta Ibon Bengoetxea lehendakariordea, ekitaldian. (Mikel Martinez de Trespuentes | Foku)

Bilbon 270 lagunek parte hartu duten ekitaldi batean, «euskara biziberritzea» asmo duen Kongresu baten berri eman du Imanol Pradales lehendakariak, 2027. urterako. Espainiar aginteen aldetik jasaten dituen erasoak aipatu ditu, batetik, eta erabilera indartzeko beharra, bestetik.

Imanol Pradales Bilboko ekitaldian izan diren erakundeetako eta euskal gizarteko sektore guztietako ordezkariei zuzendu zaie, «herriaren erronka estrategikoetako bati erantzuteko» laguntza eskatuz.

Pradalesek ohartarazi du euskara «bidegurutze» batean dagoela eta «norabide eta bultzada berri bat» behar duela. Eta «elkarrekin egitea» eskatu du, «bestela ez baita posible izango». «Guztion atxikimendua, inplikazioa eta adostasuna behar dugu», baieztatu du.

Erabilerarekin kezkatuta ageri da Lakuako gobernurua; baina ezagutza mailarekin, pozik. Aipatu duenez, bost urtetik gorako herritarren artean ia 898.000 dira euskaraz ondo ulertu eta hitz egiten dutenak, 1991. urtean 532.000 zirela gogoratuz. «Gaur egun ia 366.000 pertsona gehiago gara», aipatu du.

Gazteen artean izan den «gorakada handia» nabarmendu du, «piramidea irauli baita». «2011n, 30 urtetik beherakoen % 66,2k zekien euskaraz, eta gaur egun ia % 80k», aipatu du, aurrerapen honek «konfiantza eta aurrera egiteko gogoa piztu behar dizkigula» gaineratuz.

Txanponaren beste aldean, «euskararen biziberritzearen etorkizunaren alderik handiena gure etxeetan, eskoletako jolastokietan edo lantokietan jokatzen ari da», ohartarazi du Pradalesek, erabiltze mailaren moteltzea seinalatuz.

Galdera zintzoak egiteko eskatu du, esaterako: «Gure itxaropenak proportzionalak al dira? Erantzun bakarra eman al dezakegu, baldin eta lurralde guztietan euskararen errealitatea desberdina bada? Zergatik ez dute euskara ondo dakiten bi pertsonek haien artean erabiltzen? Zer eragin izango du migrazioak ezagutza eta erabilera mailan?». Honako hau ere bai: «Zergatik ikusten du euskara elementu negatibo gisa gizartearen zati batek?».

1956ko batzarra

Lehendakariak gogora ekarri du, kongresu honen aurrekari bezala, 1956ko I. Euskal Mundu Batzarra, José Antonio Agirre lehendakaria buru izan zuela, hizkuntza gutxitu askorentzat une «kritikoa» bizi zenean.

«Gure aurrekoek asmo handiko helburutzat hartu zuten euskara salbatzea, arautzea eta modernizatzea. Zorionez, egindako lan handiari esker lortu zuten. Balentria horrek funtsezko bi zutabe izan zituen: erakundeen apustua eta, batez ere, gizartearen aktibazioa. Batak bestea elikatu zuen», adierazi du.

Ayusori erantzunez

Erasoei dagokienez, pasa den ostiralean Bartzelonan ospatutako Presidenteen Konferentzian bizi izandakoak salatu du; izan ere, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko mandatariak foroa utzi zuen berak euskaraz hitz egiten hasi zenean, eta PP gobernatutako erkidegoetako beste presidente batzuek ez zuten aldi bereko itzulpen zerbitzua erabili nahi izan.

«Herri oso batekiko errespetu faltatzat» jo ondoren, lehendakariak adierazi du ez dela «atzerapausorik» emango hizkuntza horren defentsan. "Gure herrian askotan kantatzen dugun bezala: 'Euskara da euskaldun egiten gaituena eta gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak, Ayuso anderea», helarazi dio.