Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

«Hitz poetikoaren basoan paseo bat» dakar Jon Gerediagak ‘Izena eta izana’ liburuan

Pamiela argitaletxearen eskutik argitaratu duen zortzigarren liburua da ‘Izena eta izana’ Jon Gerediaga idazlearen lan berria. Poesia liburu bat idatzi beharrean, hitz poetikoari buruzko saiakera bat egin du, bere hitzetan, «hitz poetikoaren basoan paseo bat».

Jose Angel Irigaray, Jon Gerediaga eta Lander Majuelo, Gerediagaren ‘Izena eta izana’ liburuaren aurkezpenean.
Jose Angel Irigaray, Jon Gerediaga eta Lander Majuelo, Gerediagaren ‘Izena eta izana’ liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

‘Izena eta izana’ argitaratu berri du Jon Gerediaga Goitiak, hitz poetikoaren inguruko saiakera bat. Horrela, poeten jardunera hurbildu da «hitz poetikoaren basoan paseo bat» eskaintzeko, idazleak berak astelehen honetan Donostian egindako aurkezpenean azaldu duenez.

Berarekin izan dira Pamiela argitaletxeko Lander Majuelo eta Jose Angel Irigaray. Autoreak ohartarazi duenez, bere lan berria, entsegu bat bada ere, «ez da tesi bat demostratzeko» baizik eta «esan ezin daitekeen inguruan zerbait esatea». Gaineratu duenez, berarentzat «poesia arnasa bakean hartzea besterik ez da» eta bere azken lan honen irakurketak ere «arnasa bakean hartzea lortzea» espero du.

Bestalde, Lander Majuelo editorearen hitzetan, «bereziki hizkuntzaren bideetatik egindako galdera primigenioari erantzuten saiatzeko» idatzita dago ‘Izena eta izana’. Alegia, «zer gertatzen da gauzei izena eman behar diegunean?».

Honela definitu dute hitz poetikoa argitaletxetik: «Gauza batentzat izen egokia aurkitzen duen hitza, kasik izen sakratu bat, Hölderlin handiaren hitzak erabiltzearren». Beraz, «hitz batek gauza bat izendatzearekin batera, gauza baten izana ere sortu eta osatzen du. Alegia, izen egoki batek izatasuna ematen dio izendatzen, ahoskatzen eta kasik ukitzen duenari, hau da, hitz poetiko hori agertu baino lehenago izengabea den gauza orori».

Jose Angel Irigarayk gaineratu duenez, Gerediaga ez da bakarrik idatzizko hitzetaz ari, musika ere hitza badelako. Esan duenez, hitz poetikoa egia bilatzerakoan sortzen da, «baina ez egia modu deontologikoan edo absolituan, bilaketa eterno bat bezala». Gainera, poesiak beti batek egiten duela, leku batean eta modu jakin batean azaltzen duela nabarmendu du liburuaren inguruan.

Lan berri hau ez ezik, idazle bilbotarraren gainerako liburuak irakurtzera gonbidatu du Irigarayk. «Benetan irakurri behar dira eta ordenak berdin du, osagarriak direlako», azaldu du.

Jon Gerediaga

Jon Gerediaga antropologian doktorea da. Sorkuntzan, poesia da gehien landu duen alorra: ‘Fitola Balba, Karpuki tui’ (2004); ‘Jainkoa harrapatzeko tranpa’ (2007); ‘Zentauro-hankak’ (2012); ‘Argia, lurra, zuhaitza, zerua’ (2015); ‘Urtaroak eta zeinuak’ (2019); ‘Natura berriak’ (2020) eta ‘Zeru-lurren liburua’ (2023).

Antzerkian ere lan egin du. F.T.I.-Antzerkiola Imaginarioko kide izan zen ia hamar urtez eta hainbat antzezlan idatzi ditu, bakarka eta taldeka. Besteak beste, ‘8 Olivetti poetiko’ (1999); ‘Caja XXI Kutxa’ (1999) Mundopolski, erreboltaren ziaboga’ (2002); ‘Yuri Sam. Otoitza’ (2003); ‘Au revoir, triunfadoreak!’ (2005); ‘Babiloniako loreak’ (2009); ‘Etxekoak’ (2015) edo ‘Dama’ (2021).