
IES Artaza Romo BHI, CEIP Artaza Pinueta HLHI, Betiko Ikastola eta XEIP Romo Eskola HLHI ikastetxeek agerraldia egingo dute datorren astean, urpeko tunela egiteko lanak bertan behera utzi ditzatela galdegiteko. Artatza inguruan daude lau ikastetxeak eta, salatu dutenez, lanak kaltegarriak dira ikasleen zein langileen osasunerako.
Aipatutako hezkuntza zentroetara, guztira, 1.750 ikasletik gora joaten da egunero, baita 230 irakasle inguru eta bestelako 125 langile ere. Azaldu dutenez, jakin badakite Bizkaiko Foru Aldundiak urpean joango den azpiegitura eraikitzeko 7 urtez Artatza parkean lanak egiteko asmoa duela, Lamiakoko ibai azpiko autobiako tunelak eraikitzeko, hain zuzen ere.
Horretarako, dozenaka leherketa, milioika metro kubiko lur eta arroka induskatzea, makineria astunaren etengabeko joan-etorriak, lurrean egindako ehunka zulaketa eta abar luze bat egin beharko dituzte, ikastetxeetatik salatu dutenez. Hori dela eta, argi ikusten dute etengabekoa izango dela kutsaketa akustikoa eta partikula eta gas isurketa, eta pertsonentzat zein ingurumenarentzat arriskutsuak diren istripuak gertatzea ere aurreikusten dute.
Lau ikastetxeek kezka adierazi dute, horrek guztiak ikasleengan izan dezakeen eraginaren inguruan: «Obra horiek ingurumen inpaktu larriak eragingo dituzte, eta eragina izango dute gure ikasleen errendimendu akademikoan, gure langileen lan baldintzetan eta, are garrantzitsuagoa dena, egunero ikastetxeetara joaten garen pertsonen osasunean, bai eta datozen urteetan haietara joango direnen osasunean ere, gehienak haur eta gazteak».
Hori dela eta, «Bizkaiko ahaldun nagusiari, ahaldunari berari eta Gobernua osatzen duten alderdi politikoei» galdegin diete «Artatza parkearen inguruko ikastetxeetan ikasten eta lan egiten dugun pertsonen osasunerako hain kaltegarria den proiektu hori gauzatzeari uko egin diezaiotela», eta eskaera berresteko agerraldia egingo dute asteartean, ekainaren 17an.
Halaber, proposatu dute urazpiko tunelaren lanetara zuzendu nahi duten inbertsioa ikastetxeetara bideratu dezatela, instalazioak hobetzeko, prestakuntza programa berriak laguntzeko eta gizarteak eskura dituen hezkuntza-baliabideak handitzeko, besteak beste. «Uste osoa dugu gure gizartearen etorkizuna ez dela pertsonen osasunari eragiten dioten azpiegitura handiak eraikitzea, baizik eta gure etorkizuneko belaunaldien hezkuntza hobetzea», adierazi dute.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

