«NAIZek euskal kulturgileak ukatu»?, NAIZen erantzuna

Euskal Hedabideen Behategiak euskarazko kulturgileek hedabideetan duten presentzia ikertu du; besteak beste, baita NAIZ hedabidean dutena ere. Ikerketaren oinarriekin eta ondorioekin desados egonik, NAIZek dokumentu publikoa plazaratu du, ikerketa horren nondik norakoak, «mugak eta akatsak» azalduz.

Hainbat kulturgile eta kulturzale Daba Daban, MusikHariaren 1.000 saioa ospatzeko eta NAIZ Musika aurkezteko NAIZek martxoan antolatu zuen ekitaldian.
Hainbat kulturgile eta kulturzale Daba Daban, MusikHariaren 1.000 saioa ospatzeko eta NAIZ Musika aurkezteko NAIZek martxoan antolatu zuen ekitaldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Askok irakurri edo entzungo zenuten lerroburua: «Euskarazko hedabideek eta elebidunek kultur paisaia ezberdinak irudikatzen dituzte; batzuk trakzionatzaile edo trakzionatzaileago dira, eta beste batzuk [NAIZ tartean], galga». Zehazki, «naiz.eus, elcorreo.com, diariovasco.com, noticiasdenavarra.com-ek euskal kulturgileak ukatu (edo ia karikatura bihurtu)» egiten omen dituzte.

‘Euskarazko kulturgintzaren presentzia hedabideetan’ ikerketa egin dute Euskal Hedabideen Behategiako kide Libe Mimenza, Naroa Burreso eta Ane Martinezek, eta ondorio hori plazaratu zuten iazko urriaren 26an, Azpeitian egindako ‘Sormenean hezi, kulturan bizi’ jardunaldietan.

Ikerketaren bultzatzaileekin eta egileekin bildu ostean, NAIZek hogei orrialdeko dokumentu publiko baten bidez plazaratu du bere iritzia. Bertan jasotzen denez, ikerketak NAIZeko langileen artean «harrabotsa eta sumina sortu zuen, egindako lana ez baita behar bezala jasotzen». Bide batez, kezka ere piztu zuen: «Aurretik gertatu izan den bezala, aurrerantzean ere ‘Ikerketa hartan esaten zen bezala...’ aipatuko ote da argudio bezala, oinarri zalantza-ezina izango bailitzan? Horrek ez ote gaitu betiko lubaki eta eztabaidetan katramilatuko?».

NAIZek argi du: «Hedabide eta herri gisa ezin gara hor ainguratuta geratu». Hala, “Euskarazko kulturgintza NAIZ hedabidean” goiburupean, ikerketaren nondik norakoak aurkezteaz gain, ikerketa horrek dituen «mugak eta akatsak» azaldu ditu.

Ikerketa

Dokumentuan azaltzen denez, aipatutako ikerketa Kultur Sorkuntzaren Transmisioa Lantaldeak bultzatu du. Euskarazko kulturgintzaren transmisioarekiko kezkak bultzatuta, sortu zirenez geroztik transmisiorako «kanal guztiak» aztertzea izan da beraien asmoa, eta tartean, transmisioan hedabideek duten papera aztertzeko ikerketa bat bultzatu dute. Azterketa hori Euskal Hedabideen Behategiak eta EHUko Nor ikerketa taldeak egin dute. Zehazki, analisi horren hiru bertsio aurkeztu dituzte: urrikoa, azarokoa eta abendukoa.

Hori ikertzeko Euskal Herriko hamaika hedabidez osatutako lagin bat aukeratu dute: ‘Berria’, ‘Argia’, ‘Alea’, ‘Anboto’, ‘Goiena’, ‘Kazeta’, NAIZ, ‘El Correo’, ‘Diario Vasco’, ‘Noticias de Navarra’ eta ‘EiTB’. Lehen seiak «euskarazkoak» multzoan sailkatu dituzte; hurrengo bostak (NAIZ barne) «elebidunak / gaztelaniazkoak» kategoriapean. Hortik abiatuta, ikergaia are gehiago zedarritu dute: hedabide horien webguneetako “Kultura” atala behatu dute; zehazki, 2023ko edukia. Horretarako, adimen artifiziala izan dute bidelagun.

Behin datuak mahai gainean jarrita, urriko bertsioan hasieran aipatutako ondorio nagusia plazaratu zuten. Datu eta oinarri berberetatik abiatuta, azaroko eta abenduko bertsioetan tonua goxatu eta zenbait aldaketa txertatu zituzten, baina ondorio nagusia antzekoa da: «Euskarazko hedabideek eta elebidunek kultur paisaia ezberdinak irudikatzen dituzte; euskaraz argitaratzen diren edukiak dira euskarazko kulturgileen ikusgarritasuna gehien lantzen dutenak».

Ikertzaileen ustez, «gakoa hizkuntzan dago: euskarazko edukietan euskal kulturgileen presentzia handiagoa agertzen da; baita hedabide elebidunetan ere, euskara hutsekoen pareko agertuta zenbait kasutan. Gaztelaniazko edukietan, aldiz, euskaraz sortzen duten kulturgileen agerpen maila baxuagoa da».

Alabaina, ñabardura bat egiten dute: «Gaztelaniazko edukiak lantzen dituzten komunikabide guztietan ez da portaera bera agertu». Aztertutakoen artean «eitb.eus da bere gaztelaniazko edukietan euskaraz zerbait egiten duen kulturgileen agerpen kopuru handiena duena», web orrian dena bi hizkuntzatan jartzen baitu. Besteetan, aldiz, gaztelaniazko edukietan agerpen kopurua txikiagoa da.

Zimendu «nahasgarriak»

«Euskarazko kulturgintzaren transmisio ezak kezkatzen gaitu gu ere», dio NAIZek. Horrez gain, «begi onez» ikusten du ikerketarako adimen artifiziala erabili izana. Alabaina, halakoetan ezinbestekoa izaten da kategoria eta irizpide egokiak hautatzea, eta, NAIZen ustez, hain zuzen, «esku hartze horretan egin da huts».

Gartxot Unsain musikaria, NAIZ Irratiaren programazio berriaren aurkezpen ekitaldian. (Jon URBE/FOKU)

NAIZen irudiko, «zimenduetan bertan dago arazoa». Lehenik eta behin, NAIZ eta Kazeta bereizten dira, nahiz eta Kazeta NAIZen barnean kokatzen den. Bigarrenik, hedabide elebidunetan ‘eus’ (euskarazko edukiak) eta ‘es’ (gaztelaniazko edukiak) bereizten dira, baina naiz.eus-en «ez dago gaztelaniazko eta euskarazko bertsiorik, eta, ondorioz, erabiltzaileei ez zaie bakarrik euskarazkoa edo gaztelaniazkoa ematen». Hirugarrenik, ‘elebidunen’ multzokatzea ere auzitan jartzen du NAIZek: «Batetik, NAIZ ‘elebidun / gaztelaniazkoa’ kategorian sailkatzea okerra da, NAIZ elebiduna izan beharrean hirueleduna delako [nagusiki frantsesez ekoizten duen Mediabask ere bere barnean dago]. Bestetik, elebidun gisa sailkatutakoetako bat, ‘El Correo’, gaztelaniazko elebakarra da». Azkenik, tokikoak eta jeneralistak diren hedabideak batera aztertzeak «nahastea» sor dezakeela argudiatzen du.

NAIZ-en gutxiengoa ikertu

NAIZen ustez, hautatutako hedabideen web orrietako “Kultura” atala aztertzea ere «ez da nahikoa». Izan ere, lehen kulturari lotutako guztia “Kultura” atalean biltzen bazen ere, egun hor «GARA egunkarian argitaratutako kultur edukiak daude, nagusiki. Alabaina, NAIZeko unibertsoa askoz ere zabalagoa da, eta kultur edukirik gehien hortik kanpo barreiatuta dago».

NAIZek azaltzen duenez, hasteko, «irizpide horren arabera GARAn ekoitzitako asko ere ez da jasotzen». Unai Iturriaga ‘Zugazart’ kulturgileak egunero-egunero egiten duen bineta, adibidez. Kultur Agenda ia guztia ere «ikusezina» da, webgunean atal propio bat baitu.

«NAIZeko unibertsoa askoz ere zabalagoa da, eta kultur edukirik gehien hortik kanpo barreiatuta dago»

GAUR8n eta 7Kn euskarazko kulturgileen inguruan egindako ia guztia ere halaxe da. NAIZek nabarmentzen duenez, «2023ko aleetan gainbegiratu azkar bat eginda, euskarazko kulturgile ugari topatuko ditugu bertan, nola elkarrizketatuen artean, hala kolaboratzaileen artean». Hala nola euskarazko binetagileak, musikariak, bertsolariak, idazleak... «NAIZeko ‘Kultura’ atala klikatuz gero, ordea, aipatutako elkarrizketa edo kolaborazio bat bera ere ez dugu topatuko. Ondorioz, ikerketan ez da aintzat hartu».

NAIZ Irratian egunero-egunero ekoizten den eduki ia guztia ere, beste horrenbeste. NAIZen iritziz, besteak beste, «kulturgintzan espezialistak dira» irratian. Hori erakusteko asmoz, 2023an euskarazko kulturgileak oso presente izandako saioen zerrenda luzea egin dute: MusikHaria, Bigarren Kafea, Beste Bat saioa, Kultur Haria, Paraleloan, Kontatzera noazu... Irratiak atal propioa duenez, baina, «ikerketan hau dena ere ez zuten aintzat hartu».

Azkenik, Mediabasken agertutako euskarazko kulturgileak ere aipatzen dira, horiek ere kanpo utzi baititu ikerketak. «NAIZentzat, Kazetarekin batera, Ipar Euskal Herriko erreferentziazko hedabidea» dela kontuan izanik, ez da edonolako hautua. Horren ondorioz, «NAIZek Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ekoitzitako kultur eduki ia guztia NAIZen azterketatik kanpo utzi da. Paisaiaren murriztapen itzela, zalantzarik gabe».

Hortaz, NAIZentzat, «irizpide horrekin soilik ezin da NAIZeko kultur edukia aztertu. Atal horretaz gain, beste batzuk ere hartu beharko dira aintzat».

Ondorio «murriztaileak»

NAIZek ondorioei ere erreparatu die. Hasteko, «horiek irakurriz gero, euskarazko hedabideak eta hedabide elebidunak bi zaku berezitu eta identikoak direla dirudi». NAIZ ez dator bat: «‘El Correo’, ‘Diario Vasco’, ‘Diario de Navarra’ eta NAIZen euskarazko kulturgileek duten presentzia berdina al da? Hortik paisaia eta titular amankomun bat identifikatu daiteke? Guri forzatua iruditzen zaigu».

«El Correo, El Diario Vasco, Diario de Navarra eta NAIZen euskarazko kulturgileek duten presentzia berdina al da? Hortik paisaia eta titular amankomun bat identifikatu daiteke? Guri forzatua iruditzen zaigu»

Hortik abiatuta, ikerketaren urriko bertsioan egotzitako keriak (ukatu, karikaturizatu, galga...) banan-banan ezeztatzen  dira. Izan ere, «NAIZen kasuan, behintzat, ez da zuzena, euskal kulturgile ugariren plaza ere bai baita. Elkarrizketa eta albiste bidez espazio zabala eskaintzeaz gain, askok iraunkorki kolaboratzen dute bertan. Pentsa, kultur saio batzuk diziplina horretako kulturgileek beraiek gidatzen dituzte. Kulturgileak ukatu eta karikaturizatzeko era kuriosoa, inondik ere». NAIZek zehaztapen hau egiten du: «Nahi baino motelagoak izango gara, beharbada, baina moteltzaileak ez».

Behin hori argituta, NAIZek arazoaren diagnosiari eta iradokitako bideei ere heldu die. Hedabideak dioenez, «arazoaren diagnostikoa [euskarazko kulturgileak gaztelaniazko edukietan gutxiegi agertzea] deigarria iruditu zaigu, normalean justu kontrakoa egozten baita». Elebidun gisa sailkatutakoei urriko bertsioan iradokitako bidea –eitb.eus-ek bezala dena bi eletan jartzea–, berriz, ez zaio «eraginkorrena begitantzen, ez behintzat NAIZi dagokionez. Euskara egoera diglosikoan egonik, gure ustez, ezinbestekoa da euskarazko unibertso propio bat pixkanaka-pixkanaka egituratzea. NAIZen bertan ere horretarako apustua egin dugu, eta web orrian euskara hutsezko edukiak eta agerkariak ere badaude».

«NAIZen kasuan behinik behin, auzia ez da euskarazko kulturgileei lotutako eduki guztiak gazteleraz eta frantsesez ere plazaratuko ditugun edo ez, baizik eta zer bai eta zer ez? Eta egitekotan, nola?»

Hori kontuan izanik, «NAIZen kasuan behinik behin, auzia ez da euskarazko kulturgileei lotutako eduki guztiak gazteleraz eta frantsesez ere plazaratuko ditugun edo ez, baizik eta zer bai eta zer ez? Eta egitekotan, nola?». «Eta gazteleraz edota frantsesez ez ezik, zer hizkuntza gehiagotan? Euskal Herrian presente dauden beste hizkuntzetan ere egitea komeni da?», galdetzen du, hizkuntza estrategia eraberritzeko gogoeta prozesu betean dagoela jakinaraziz.