
Seme-alaba bakoitzeko 200 euroko laguntza 18 urte bete arte, modu progresiboan, luzatzea proposatu du koalizio subiranistaren parlamentari Edurne Benitok ostegun honetan, bai eta zerga kenkariak hobeto integratzeko aukerak aztertzea ere, «zerga kenkari unibertsala bermatzeko, errenta txikia duten familiak kanpo gera ez daitezen».
Hori horrela, «ulertezinatzat» jo du EH Bilduk bere proposamenari EAJk eta PSEk eman dioten ezezkoa. «Gaur ez dute onartu, baina goizago edo beranduago neurri horiek martxan jarriko dira. Kontua da zenbat denbora gehiago galduko duen Jaurlaritzak», nabarmendu du Benitok.
Izan ere, legebiltzarkideak gogora ekarri du bere proposamena bat datorrela Familiei Laguntzeko Jaurlaritzaren IV. Planak jasotakoarekin eta hainbat erakunderen (Save The Children, Unicef eta Hirukide, besteak beste) babesa duela.
Hala, azpimarratu du «zilegi» dela galdetzea «zergatik ez duen bete Familiei Laguntzeko IV. Planak zioena, edo zergatik ez duen oraindik aurkeztu V. Plana, duela hiru urte eginda behar zuena».
«EAJ eta PSE denbora galtzen ari dira erronka demografikoari modu eraginkorrean heltzeko eta haurren pobreziari aurre egiteko», gehitu du EH Bilduko legebiltzarkideak.
Ildo horretan, gogoratu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan jaiotze tasa berriro jaitsi dela, eta baxuena da 1975az geroztik.
Save The Childrenen txosten baten arabera, EAEko haur eta nerabeen %24 lan pobrezia egoeran bizi dira. Benitoren iritziz, «bistan da familiak eta haurrak babesteko politikak ez direla ez Gobernu honen, ez aurrekoaren lehentasuna izan, eta politika eraginkorrak behar ditugula».
Erronka demografikoa Parlamentuan
Gainera, Gasteizko Parlamentuak atzera bota du EH Bilduk erronka demografikoari aurre egiteko familien aldeko politikei buruzko osoko bilkura monografikoa egiteko egindako proposamena. Mozioak EAJren, PSE-EEren, PPren eta Voxen kontrako botoak jaso ditu.
Testu horren bidez, koalizio subiranistak Lakuako Gobernuak Ganberara sei hilabeteren buruan familia prestazioen sistema unibertsal bat bultzatzeko proposamen bat eramatea eskatzen zuen, hazkuntzan laguntzeko, errenta txikienei onura fiskalak lortzeko eta horrela «desberdintasunak» murrizteko.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
