
Aurtengo lehen batzar nagusia egin du UEMAk larunbat goizean Azkoitian. Bertan elkartu dira UEMA osatzen duten udalerri euskaldunetako 125 bat alkate eta zinegotzi eta, besteak beste, 2025-2029ko plan estrategikoa onartu dute, baita Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegiko udalek mankomunitatera sartzeko egindako eskaerak ere. Horiek onartuta, 118 udal izatera heldu da UEMA, guztien arten 253.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dutelarik.
UEMAko lehendakari Martin Aramendik nabarmendu duenez, «hazkundeak eta euskararen ezagutzan oinarritutako datuek soilik ez dute bermatzen udalerri euskaldunetan euskara osasuntsu egotea». Hori dela eta, onartu duten plan estrategikoaren beharra azpimarratu du.
Herri berrien eskaerak onartu aurretik, hainbat kontu izan dituzte aztergai gaur UEMAren batzar nagusian. Batetik, Siadeco ikerketa etxeak UEMArentzat egindako proiekzio demolinguistikoa aurkeztu du Iñaki Iurrebaso soziologo eta UEMAren ikerketa arduradunak. Emaitza askotariko eragileei aurkezten ari da UEMA, eta hurrengo asteotan plazaratuko du.
Ondoren, UEMA lantzen ari den hainbat ildoren berri eman diete batzarkideei: herriz herri euskararen egoerari buruzko argazki eguneratua biltzen duten koaderno demolinguistikoak, urrian Euskal Herrian egitekoa den arnasguneei buruzko nazioarteko konferentzia, euskara eta kulturartekotasuna uztartuz gurasoentzako berariaz prestatutako ‘Etorri euskarara!’ ikastaro berriak, edota euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko UEMAk EiTBrekin berretsi eta zabaldu duen hitzarmena. Euskararen aurkako oldarraldiaren harira udalek dituzten kezkak ere izan dituzte hizpide, besteak beste.
Bestetik, iazko kontu orokorra eta erakundearen jardunerako ohiko kontuak onartu ondoren, 2025-2029ko UEMAren plan estrategikoa ere aztertu eta onartu dute batzarkideek. UEMAren ohiko ildo estrategikoak berrestearekin batera, Miren Segurola koordinatzaileak adierazi du gaur egungo egoera soziolinguistikoak eta euskararen egoera ulertzeko azken gakoek lanerako ardatz berriak zehaztea eta abiaraztea eskatzen dutela, eta horiek biltzen dituela hurrengo lau urteotarako plan estrategikoak, UEMAren helburu nagusiei erantzun ahal izateko.
Azkenik, UEMAko kide izateko herri berriek egindako eskaerak ere onartu dituzte batzarkideek. Horrela, gaurtik aurrera, beste bost herri dira UEMAko kide: Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegi. Behin horiek onartuta, bost herrietako udal ordezkariek hartu dute hitza. Batzarkideei eskerrak eman ondoren, ilusioa eta ardura izan dira gehienek nabarmendu dutena. Izan ere, udalerri euskaldunak izan arren, euskararen biziberritzearen inguruko kezkak eta erabileran eragiteko zailtasunak aipatu dituzte. Horretarako UEMAren laguntza eta ekarpena bidelagun izatea espero dutela adierazi dute.
Bost herri berriekin, 118 udalerri izatera heldu da gaur UEMA, guztien artean 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik
