
AEBko erdigunea dozenaka kilometro luze den hesi batekin itxi dute. Armada omentzeko ekitaldiak goizetik hasi dira National Mall-ean; zenbait musika emanaldi izan dira, eta tankeen eta bestelako material militarren erakusketa ere bai. Jende gutxi ibili da, eguerdirako ilarak sortu diren arren gunera sartzeko. «Ez baduzue bisera bat erosten, demokratatzat hartuko zaituzte» zioen saltzaile batek. Ekitaldiaren inguruan ikus daitezkeen beltz bakarrak Trumpen eta MAGA mugimenduaren merchandising saltzen dutenak dira. Arratsaldeko desfilean (igande goizaldea Euskal Herrian), milaka lagun espero badira ere, ekaitz eta uholde-alerta eman dute.
Trumpek aspaldi amesten zuen desfile militar handi bat egitea, 2017an Parisen Bastilla egunean izan zenetik. Lehen agintaldi hartan Defentsa idazkaritzan zeudenek ez egitea lortu zuten, Ipar Korearekin eta liderraren kultuarekin lotuko zirelakoan. Bigarren agintaldi honetan erabat otzanak dira Trumpek inguruan dituen guztiak, ordea, eta 45 milioi dolar baino gehiago kostako den presidentearen apeta bete dute.
Zirkulu txiki horretatik kanpo, errepublikano asko ere uzkur dira gaurko ekitaldiarekin. Kongresuko kide gehienak, esaterako, etxera itzuli dira, Trumpen desfilera joan beharrean.
Etxean geratu ez diren beste herritarrak Trumpen aurkako protesta-egunean parte hartzen ari direnak dira. Herrialdeko guztiko 2.000 lekutan deitu dituzte ekitaldiak, ‘No Kings’ (‘Erregerik ez’) lelopean.
Washingtoneko Van Ness auzuneko asteroko azoka, esate baterako, Trumpen aurkako protesta bihurtu da. Dozenaka lagun elkartu dira Connecticut abenidako bi aldeetan; bertatik pasatzen ziren auto-gidari askok bozina jotzen zuten bitartean. Armadaren alde baina Trumpen aurka batzuk, militarismoaren aurka eta palestinar ikurrekin beste batzuk, eta gehienak monarkiaren aurkako mezuekin: «1776tik ez daukagu erregerik izan» edo «Estatu Batuetan dugu erregeen beharrik», esaterako.
Arratsaldeko ordu batean are manifestazio handiagoa espero da Washingtonen. Baina handienak hiriburutik kanpo antolatu dituzte. New Yorken, Chicagon, San Frantziskon, Agustinen eta herrialdeko beste ehunka hiri eta herritan izango dira elkarretaratzeak. Milioika lagun espero dira, itxura guztien arabera Trumpen bigarren agintaldian egingo den protesta handienean.
Los Angeleseko gertaerek markatuta dator eguna. Ospakizunerako ez, baina han ere Armada kalean dago, ICE migrazioaren aurkako poliziari laguntzeko. Trumpek Kaliforniari Guardia Nazionala kentzeak herrialde osora zabaldu ditu protestak. Ostiral arratsean, Washingtonen bertan, Armadan ibilitako 60 beterano atxilotu zituzten Kapitolioaren aurrean protesta egiteagatik.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
