BABESLEDUN EDUKIA

Elgoibarko azken liburu-denda, zabalik eta esku onetan

Ia mende erdiko ibilbidearen ostean, Elgoibarko Pitxintxu liburu-dendako jabeei erretiroa hartzeko garaia iritsi zitzaien, baina ez zeuden denda ixteko prest. Herriko kultur munduan eta herrigintzan erreferentea den aretoak zabalik jarraitzen du orain, Sara Arriola herriko gaztearen eskutik.

Izaskun eta Marijose Estibaritz ahizpek 1978an zabaldu zuten denda Sara Arriola gaztearen esku utzi zuten 2023an.
Izaskun eta Marijose Estibaritz ahizpek 1978an zabaldu zuten denda Sara Arriola gaztearen esku utzi zuten 2023an. (Gorka RUBIO | FOKU)

Eusko Ganbarek eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak “Berriz Enpresa” programa jarri dute abian; aholkularitza eskainiko du, merkataritza eta ostalaritza sektoreetako negozioen jarraipena errazteko.

Programari esker, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ixteko zorian zeuden enpresa txiki askok zabalik jarraitzen dute. Horien artean dago Elgoibarko San Franzisko kaleko Pitxintxu liburu- eta opari-denda. 1978an zabaldu zituen ateak, Izaskun eta Marijose Estibaritz ahizpen ekimenari esker. «Garai hartan etxean aritzen ginen josten eta bordatzen. Baina gazteak ginen, 20-21 urte genituen eta itotzen ari ginen etxean. Bizimodu hark ez gintuen betetzen eta denda bat jartzea pentsatu genuen», kontatu dute.

Horrela, «pezeta bat bera ere gabe» baina ingurukoen laguntzari esker, denda zabaltzea lortu zuten. «Ez zen erraza izan; 80ko hamarkadako krisialdi ekonomikoak harrapatu gintuen, baina lan asko eginez aurrera ateratzea lortu genuen», ekarri dute gogora.

Beraiek jositako jantzi eta inauterietako mozorroekin batera, liburuak eta diskoak saltzen zituzten, argi baitzeukaten kultura zabaltzea zela beraien helburu nagusia. Kulturaren hariari jarraituz, herrigintzan ere murgildu ziren, batez ere emakumeentzako aisialdi ekitaldiak antolatzen: «Garai hartan saltsa guztietan sartuta ibiltzen ginen, baina beti berdintasunaren alde, gauza asko baitzegoen aldatzeko». Denda herriaren erdian egoteak bidea zabaldu zien eta, urteak igaro ahala, erreferente bihurtu ziren Elgoibarko kultur munduan eta herrigintzan. Marijoseren alaba Uxue Alberdik liburu batean jasota utzi zuen 2020an Pitxintxuren kronika literarioa, baita herri baten, garai baten eta belaunaldi baten ahotsa ere.

2023an, Izaskuni eta Marijoseri erretiroa hartzeko garaia iritsi zitzaienean, barnean zerbaitek esaten zien kultura zabaltzeko gune hark ezin zituela ateak itxi; are gehiago, Elgoibarko azken liburu-denda izanda. Horrela, Uxueren laguntzarekin, negozioari jarraipena emango zioten pertsonen bila hasi ziren eta Elgoibarko Izarra euskara elkarteko begiraleen artean aurkitu zituzten.

Lehen asteetan elkarteko bi gazte hasi baziren ere, azkenean bat bakarrik ausartu zen aurrera egitera. Sara Arriolak laster bi urte egingo ditu denda gobernatzen eta oso pozik dago egindako apustuarekin. «Hasieran beldur nintzen gai izango ez ote nintzen, baina Izaskun eta Marijose sei hilabete egon ziren niri laguntzen eta negozioaren sekretuak azaltzen, eta eskualdatzea oso ondo joan zen», esan du.

Bai Sara, bai Izaskun eta Marijose oso eskertuta daude “Berriz enpresa” programan jasotako aholkularitzarekin. «Bereziki laguntza hori emateko prestatutako taldea da eta oso baliagarria izan da beraien lana», onartu dute hirurek.

Sarak bere aurrekoek utzitako negozio ildoei jarraitzen die: alde batetik, liburu-denda (testuliburuak, literatur liburuak, saiakerak, mapak...) eta bestetik, osagarriak (poltsak, apaingarriak...). Horiekin batera, ipuinei eta umeentzako jolas hezigarriei leku berezia eskaintzen die; elgoibartar gazteak oso gustuko du arlo hori.

Internet bidezko erosketek merkataritza goitik behera aldatu badute ere, Sara Arriola pozik dago herritarren erantzunarekin. Hasiera batean beldur zen diskoen salmenta desagertu zen bezala liburuekin ere gauza bera gertatuko ez ote zen baina, zorionez, herritarrek liburu asko erosten jarraitzen dutela baieztatu du.

«Egia da erosteko ohiturak asko aldatu direla, baina nik hemen, Elgoibarren, oraindik mugimendu handia ikusten dut, denda berriak ere bai...», esan du Arriolak. Izan ere, denda txikiek saltoki handiek ez bezalako arreta eskaintzen dute: gertukoa, abegikorra, goxoa...