BABESLEDUN EDUKIA

Online salmentaren arrakasta, denda txikiaren izaera galdu gabe

Online salmenten proiekzioa eta denda txikien gertutasuna bateraezinak direla uste dutenen aurrean, Tolosako Amets jostailu eta mozorro dendak egiaztatu du Internet eta sare sozialak lagunik onenak izan daitezkeela negozio txiki bat aurrera ateratzeko.

Arantxa Jauregik (eskuinean) hamazazpi urtez langile izandako Jasone Santinen esku utzi du Tolosako Amets jostailu-denda.
Arantxa Jauregik (eskuinean) hamazazpi urtez langile izandako Jasone Santinen esku utzi du Tolosako Amets jostailu-denda. (NAIZ)

Online salmentaren ideia betidanik izan du buruan Arantxa Jauregik. Bere denda aitzindaria izan zen, orain dela hamabost urte, webgunea martxan jartzeko orduan. Orain, erretiroa hartu ondoren, bere ondorengo Jasone Santinek aurrera jarraitu du ideia horrekin eta webgunea berritu eta gaurkotu du. Biek argi dute teknologia berriak aprobetxatzea ezinbestekoa dela aurrera egiteko eta, horri esker, dendak zabalik eta osasuntsu jarraitzen du. Baina horrek ez du esan nahi dendak bere betiko izaerari uko egin dionik; horregatik bezeroekiko gertutasuna da beraien bigarren ezaugarri nagusia. Eta euskarazko jostailuen eskaintza eta euskarazko arreta, hirugarrena.

Amets jostailu denda orain dela 25 urte zabaldu zuen Arantxa Jauregik Tolosan. «Hasieran fruitu lehorren denda moduan zabaldu nuen, gero alokairuan jarri nuen eta, 2000. urtean, dendara itzuli nintzen berriro, baina jostailu eta mozorro denda bilakatuta», azaldu du.

Negozio mota hori zabaltzeko arrazoiez galdetutakoan, Tolosako parte berrian jostailu dendarik ez egoteak pisua izan zuela gogoratu du Arantxak. Agian, inauteri famatuenak dituen herrian egoteak ere zerikusia izan zuen. Modu batera edo bestera, apustu handia izan zela onartzen du, «alde zaharrean zeuden beste bi jostailu denda famatuen indarra kontuan hartuta».

Baina apustuak ez zuen hutsik egin. Bi hamarkada igaro ondoren, beste bi dendak itxi egin zituzten eta Amets jostailu dendak zabalik jarraitzen du, orain Jasone Santinen eskutik. Jasone dendako langilea izan da 17 urtean, eta Arantxari erretiroa hartzeko ordua iritsi zitzaionean, ez zuten asko hitz egin beharrik izan negozioaren eskualdatzea adosteko. «Nik argi nuen denda ez nuela itxiko eta jarraituko zuena Jasone izango zela, berak dendako martxa primeran hartua zuelako», azaldu du.

Prozesu horretan, hala ere, ez ziren bakarrik egon. Hasiera batean Tolosako merkatariak biltzen dituen Tolosa&Co elkartera jo zuten eta han Gipuzkoako Ganberarekin harremanetan jarri zituzten, eskualdatzea egiteko aholkularitza martxan jartzeko. Baina aholkularitza administratiboaz gain, digitalizazio arloan ere laguntza handia jaso dute Ganberaren aldetik, ez bakarrik web orrialde berria egiteko, baita saltokiko terminalaren sistema (TPV) bertan integratzeko ere. «Programa berriari esker, dendara ekartzen ditugun produktuak, behin ordenagailuan sartuta, webgunean ere azaltzen dira eta horrek asko errazten digu lana», esan du Jasonek.

Horretaz gain, Amets jostailu dendako arduraduna sare sozialen erabileran trebatu da hainbat ikastaro eginez, eta bere produktuak erakusteko bideoak egiten ditu Instagram eta antzeko sareetan zabaltzeko. «Bideo horiek zenbat aldiz ikusi diren jakiteak harrituta uzten zaitu», esan du. Horrez gain, Whatsappa ere erabiltzen du bezeroekin harremanetan egoteko eta haien galderak eta zalantzak argitzeko.   

Bidalketak egiteko, azkenik, Tolosa&Co elkartearen laguntza jasotzen du. «Dendarien elkarteak bidalketak egiteko zerbitzu bat du martxan, Gogoko Express, eta guk eskaera prestatu eta hara eraman besterik ez daukagu», gaineratu du.

Jostailuen inguruko aholkuak

Online salmentak, beraz, bezero gehiagorengana iristeko aukera eman dio Amets jostailu dendari, eta une honetan bere produktuak estatuko hiri askotara iristen dira. Hori bai, Jasoneren helburua ez da Internet bidez bakarrik saltzea; denda fisikoarekin jarraitu nahi du, Tolosako eta eskualdeko bezeroei gertuko arreta eskaintzen jarraitzeko. «Argi daukagu jendea hona etortzen bada dendariaren aholkuak jaso nahi dituelako dela, hau da, plataforma handietan aurkitzen ez duena».

Arlo horretan ere eguneratzen joan da Amets jostailu denda eta jolas hezigarrietan espezializatu da. «Egia da denetik eduki behar dugula, batez ere Eguberrietan, telebistan ateratzen diren gauzak eskatzen dizkigutelako. Baina urtean zehar saiatzen gara beste hornitzaile batzuekin lan egiten eta beste mota bateko jostailuak eskaintzen: egurrezkoak, ondo egindakoak, jolastera bultzatzen dutenak...».

Gertuko arreta horretan ere euskarak ezinbesteko papera betetzen du Amets jostailu dendan, bai jostailuen eskaintzan, baita bezeroekiko harremanean ere. «Nik dendan %90ean euskaraz egiten dut eta horixe izan da betidanik gure berezitasuna eta jendeak bilatzen duena», amaitu du Jasonek.