NAIZ

Milaka euskaltzalek egin dute bat Araba Euskarazen, Bastidatik Gasteizera

Araba Euskaraz 2025 egiten ari dira Gasteizen, eta milaka izan dira goizetik hasita bertaratu diren euskaltzaleak. Aurtengo edizioan batutako dirua Arabar Errioxan dagoen Bastida ikastolara bideratuko dute. Hurrengo urtean Amurrioko Aresketa ikastolak izango du Araba Euskaraz antolatzeko ardura.

‘Etengabe’ lelopean ari dira aurtengo Araba Euskaraz ospatzen.
‘Etengabe’ lelopean ari dira aurtengo Araba Euskaraz ospatzen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Araba Euskaraz 2025 jaia egiten ari dira Gasteizen, Bastida ikastola babesteko. Ehunka lagun batu dira jaira, ‘Etengabe’ lelopean Arabako hiriburua euskaraz blaitzeko. Hasiera ekitaldian Karmele Jaio idazle gasteiztarrari aitortza egin diote.

Jaia Gasteizko Olarizuko zelaietan egitekoak ziren, hala ere, hiriko lorezainen grebak tokiz aldatzera behartu ditu antolatzaileak. Izan ere, 80 eguneko lanuztearen ostean, zelaia ez dago bertan jai bat egiteko moduan. Horrela, Armentia ikastolaren, Mendizorrotzako aparkalekuaren eta Prado parkearen inguruan egiten ari dira Arabako ikastolen jaia igande honetan.

‘Etengabe’ lelopean, Araba Euskarazen aurtengo edizioan bildutako dirua Bastida ikastolara bideratuko dute, zeina Arabako Errioxan dagoen. 1979an sortu zen, bederatzi ikaslerekin, eta orain 130 ikasle baino gehiago ditu.

Egun osoan zehar askotariko jarduerak antolatu dituzte, hala nola, ikuskizunak, kontzertuak, herri kirolen erakustaldiak, tailerrak eta jolasak, batez ere haur eta gazteentzat, euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko parada izan dezaten.

Aurten, gainera, omenaldia egin diote Karmele Jaio idazle gasteiztarrari hasiera ekitaldian, euskalgintzari egindako ekarpenagatik.

Unai Mendizabal Arabako ikastolen elkarteko lehendakarik azpimarratu zuenez, ikastolek «beti erraztu diete bidea Araban ikasi nahi zutenei, inori egoera sozioekonomikoaren arabera oztopoak jarri gabe». «Bidea leundu diogu eta leunduko diogu guregana etorri nahi duen guztiei», nabarmendu zuen ekitaldian.

Halaber, bertan izan da, besteak beste, Lucia Torrealdai Hezkuntza Politiketako sailburuordea. Euskara aldarrikatzeko eta eskoletatik kanpo ere hizkuntza hori bultzatzeko deia egin du Torrealdayk, eta ikasleak euskaraz hezten jarraitzeko «ahalegin berezia» egin behar dela onartu du, hizkuntza «biziberritu» dadin.

Beste kargu instituzional batzuk ere izan dira, hala nola, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Maider Etxebarria Gasteizko alkatea.

Kokapen berrian

Gozatzeko aukera izan dute bertaratutakoek astebete eskasean inprobisatu behar izan den agertoki berrian. Izan ere, Olarizuko lorategietan antolatua zuten hasieran, azken urteetan ohitura zen bezala, baina lorezainen grebaren eraginez espazio hori ez dago eroso ibiltzeko moduan, belarrak eta sasiak nabarmen hazi baitira.

Baldintzak aztertu ondotik, jaia lekuz aldatzea erabaki zuen antolakuntzak, aurreikusitako ekitaldi eta ikuskizunak mantenduz.

Honela, Lautada Gunea delakoa Armentia Ikastolaren patioan jarri dute, txikienentzako eskaintza bertan bilduz: Go!azen, Argitxoren Txokoa, Asier Kidam magoa, Dantza Plazan, Arabako ikastoletako ikasleen “Etengabe Txoua”...

Mendizorrotzako aparkalekuan, aldiz, Mendia Gunea paratu dute. Bertatik Akerbeltz, Izaki Gardenak, Pluk eta Zilibito Recordsen kontzertuak pasa dira, eta Haurren Basoa eta herri kirolak ere bertan egin dituzte.

Prado parkean -hau ere lorezainen grebaren eraginpean- Erreka Gunea izan da. Trikoma, Marte Lasarte, Modus Operandi, Rosamari DJ eta Monkey Tximinok jo dute egunean zehar eta ‘Hazten eta Jolasten’ tailerrak garatu dira.

Hurrengo urtean Amurrioko Aresketa ikastolak izango du Araba Euskaraz antolatzeko ardura.