«Bastida Ikastolak piztuta mantendu du euskararen sua periferian ere»
Ketxu Bedialauneta da Bastida ikastolako zuzendaria. Bere iritziz, mugaldeko herri batean egoteak nortasun berezia eman dio ikastolari eta 45 urte hauetan erakutsi du periferian ere posible dela euskararen sua piztuta mantentzea.

“Etenik gabe” lelopean, Araba Euskaraz festaren suak txinpartaka jarriko du Gasteiz, euskararen aldeko konpromisoa eta auzolana oinarri hartuta. Bastida Ikastolak bere gain hartu du antolakuntzaren ardura 45 urte betetzen dituen urte berezi honetan.
Zein izan da Bastida Ikastolaren ibilbidea eta zein unetan zaudete gaur egun?
Gure ikastola 1979an sortu zen. Garai hartan euskararen presentzia oso eskasa zen Arabako Errioxan. Bederatzi haurrek osatu zuten estreinako taldea. Gutxi iruditu arren, egia bilakatutako ametsa izan zen guretzat, zerbait zoragarria. Denborak aurrera egin ahala, komunitatearen konpromisoari esker eta hezkuntza euskaldunaren aldeko apustu tinkoari eutsiz, ikasle kopurua izugarri handitu da, eta aurten 130 ikasletik gora dauzkagu: Bastidakoak, Errioxako beste hainbat herritakoak, eta Euskal Herritik kanpo bizi diren familia euskaldunen seme-alabak.
Mugaldeko herri batean egoteak nortasun berezia eman digu eta, dagoeneko, Bastida Ikastola euskararentzako arnasgune estrategikoa bihurtu da eskualde osoan. Ez da soilik ikasle kopuruaren hazkundea. Euskaraz bizitzeko gure eguneroko borroka ere azpimarratzekoa da. 45. urteurrena ospatzen ari garen urte borobil honetan, Araba Euskaraz bezalako ekitaldi erraldoi bat antolatzea sekulako erronka eta egundoko oparia izan da guretzat.
Zeintzuk dira euskararen erronka nagusiak Arabako Errioxa bezalako eremu batean, batez ere arnasguneetatik kanpo?
Euskararen erabilera zailagoa da arnasguneetatik kanpo. Hori egia da, baina zailtasun horrek ez gaitu geldiarazi. Bastida Ikastolak urte luzeetan erakutsi du periferian ere posible dela euskararen sua piztuta mantentzea. Euskara hizkuntza bat baino zerbait gehiago da guretzat. Komunitate baten izaera, pentsatzeko eta sentitzeko modua, herri baten bihotza eta arima. Gure ikasleek eta familiek euren arnasgune propioak sortu dituzte, egunerokoan euskaraz bizitzeko espazioak eraikiz eskolatik haratago ere.
Erronka nagusia erabileran datza. Ez da nahikoa hizkuntza ezagutzea; erabilera aktiboa behar da; horixe da gakoa. Horregatik, ikasgelatik kanpoko jardueretan ere euskararen presentzia bermatzen dugu, euskarazko aisialdia, kultura eta harremanak sustatuz.
Zein garrantzia du Araba Euskaraz bezalako ekitaldi batek Bastida Ikastolarentzat?
Gure ikastola oso txikia da, baliabide mugatuak dauzkagu, eta horrela zaila da proiektu berritzaileak behar bezala aurrera eraman ahal izatea. Araba Euskaraz aukera aparta dugu horretarako. Geure asmoei ekiteko laguntza eta bultzada emango digu. Diru-iturri horri esker, kalitatezko hezkuntza bermatzeaz gain, gure eguneroko dinamika indartuko dugu: irakasleen prestakuntza, material didaktiko berriak, azpiegiturako hobekuntzak…
Baina jaialdiaren garrantzia ez da ekonomikoa soilik. Araba Euskarazek gure komunitatea ikusarazteko eta gure lana balioan jartzeko aukera paregabea eskaintzen digu. Euskara eta ikastolak erdigunean jartzen dituen jai erraldoi honetan parte hartzea, berez, aitortza bat da gure langile, familia eta ikasleentzat. Ohore bat, nolabait ere.
Zein izango da Araba Euskarazen bildutako diruaren erabilera nagusia?
Bildutako dirua hainbat helburutarako erabiliko dugu. Lehenik eta behin, irakaskuntza-proiektu berritzaileetan sakontzeko: digitalizazioa, gamifikazioa, ikaskuntza kooperatiboa eta bestelako metodologia berriak indartuko ditugu. Bigarrenez, azpiegiturak hobetzeko erabiliko dugu ere: espazio irisgarriagoak, erosoagoak eta euskara erabiltzeko egokiagoak sortu nahi ditugu, ikasleen ongizatea bermatuz.
Gainera, herri ezagutza eta euskararen transmisioa indartzeko egitasmo bereziak jarri nahi ditugu martxan, gurasoak eta komunitate osoa barne hartzen duten proiektuak, euskararen sua belaunaldiz belaunaldi transmititzen jarrai dezagun. Etenik ez dezala izan.
Nola prestatu duzue Araba Euskaraz jaialdia eta nolakoa izan da ikastolen arteko lankidetza?
Ardura nagusia Bastida Ikastolak bere gain hartu badu ere, zortzi ikastolen artean egin dugu elkarlana, zentzuz eta gogoz, ikastolen arteko sarearen indarra indartuz. Hileroko bileretan elkar entzun, proposatu eta adostu dugu dena. Harreman estua sortu da gure artean, elkarri ikasi eta laguntzeko giro interesgarrian, etorkizunean jarraipena izango duena.
Zein erronka eta zein aukera ekarri ditu aurten kokalekua aldatzeak?
Araba Euskaraz Olarizuko zelaietan ospatu da urteetan. Aurten, ordea, ezinezkoa izan da festa ohiko lekuan egitea eta horrek erronka handiak ekarri dizkigu planifikazio aldetik. Azkenean, Armentia Ikastolaren inguruan, Mendizorrotzan eta Prado Parkean banatuko dugu jaia.
Ez da batere erraza izan, hasieran batez ere, baina segurtasuna, irisgarritasuna eta egituraketa kontuan harturik, eremu berri hauek gauzak ganoraz egiteko aukera ederra eskaintzen ziguten. Gune bakoitzak izaera propioa dauka eta horrek mota askotako esperientziaz gozatzeko parada emango dio jendeari: herritarra, familiarra, kirolzalea, parte-hartzailea…
Zer azpimarratuko zenuke aurtengo Araba Euskarazeko egitarauaz?
Aurtengo egitaraua osoa, zabala eta anitza da, publiko mota guztientzat egokitua. Hiru gune nagusi izango ditugu: Armentia Ikastolaren inguruan Lautada Gunea (familiarra eta haurrei zuzendua), Mendizorrotzan Mendia Gunea (kirola eta gazteentzako lehiak) eta Prado Parkean Erreka Gunea (guztiontzako jarduera ludiko eta parte-hartzaileak). Hara hurbiltzen diren guzti-guztiek euskaraz bizitzeko eta gozatzeko aukera izan dezaten.
“Etenik gabe” da aurtengo leloa. Zer esanahi du?
Ez da esaldi hutsa. Hitz horiek belaunaldien arteko transmisioa adierazten dute: sua eskutik eskura pasatzen den moduan, euskara ere belaunaldiz belaunaldi bizirik mantendu behar dugu.
Leloa, nolabait ere, Bastida Ikastolaren lanaren isla da: zenbat urte daramatzagun lanean, etengabe aurrera eginez, etenik gabe gure hizkuntzaren eta gure kulturaren aldeko ahaleginetan… Eta leloak ez du soilik gure jarduna iradokitzen: ikastola guztien lana eta konpromisoa aipatzen ditu, sare oso baten indarra gogora ekarriz.
Gainera, “Etenik gabe” leloa Mikel Urdangarinen eta Kirmen Uriberen “Arbasoen su txikia” kantarekin lotu dugu, belaunaldien arteko suaren irudia euskararen transmisioaren ikur bilkatuz.
Zer mezu helarazi nahi diozue Araba Euskarazera gerturatuko den jendeari?
Eskerrik asko, bihotzez. Araba Euskaraz festa huts bat baino gehiago da: herri baten konpromisoaren eta auzolanaren emaitza eta erakusgarria dugu. Euskara biziberritzeko guztion ekarpena beharrezkoa da. Gure hizkuntzaren iraupena ez dago bermatuta: erabilera da giltza, eta erabilera horren aldeko jai kolektibo bat da Araba Euskaraz.
Gonbidatuta zaudete guztiok, familian, lagunekin, elkarteekin edo bakarka, baina beti auzolanean. Eta gogoratu: euskara ez da iraganeko aztarna, etorkizunerako sua baizik. Eskutik eskura, etenik gabe, pasa behar duena.

Hamarnaka eragile batu dira Hatortxu Rocken agur festara

Alertan de que Solaria ocupará miles de hectáreas en Araba para centros de datos a hiperescala

«Maria Josefa Sansberrok muga asko gainditu zituen, fisikoak eta moralak»

Detenido el conductor del turismo implicado en la muerte de un ciclista el viernes en Anoeta
