Ekitaldi xumea urtemuga garrantzitsu batentzako: 45 urte bete berri dira Jose Miguel Etxeberria ‘Naparra’ Donibane Lohitzunen azkenezkoz ikusi zutenetik (1980ko ekainaren 11n) eta ordutik orain arte egindakoaz arrastorik ez da. Euri jasak tarteko, ez zen erraza igande goiz honetan Igarolabekora iristea, baina ehun lagun inguru bildu dira aurten ere lanbroaren artean, desagerrarazitako militantea gogoratu eta familiari elkartasuna adierazteko.
‘Naparra’ eta bere bi gurasoak –Patxiku Etxeberria eta Celes Alvarez– biltzen dituen oroitarriaren aurrean mintzo da Eneko anaia. Auzia Auzitegi Nazionalean itxita dagoela aipatu die bertaratutakoei, eta «zantzu berririk» agertu arte tamalez horrela jarraituko duela jakinarazi du. «Baina gauza bat garbi dago: Jose Miguel gogoan izango dugu eta kemenik galdu gabe aurrera jarraituko dugu, etxeratu arte», erantsi du.
Aurreskua dantzatu dute Lizartzako lau neska gaztek sendiaren baserriaren ondoan dagoen oroitarriaren aurrean. Horren ondoren Axun Lasak, Joxean Lasa zenaren arrebak, hartu du hitza aurtengo ekitaldian, berak eskatua eta Eneko Etxeberriak atseginez emana. Indarkeria politikoaren biktimen alorrean eskarmentu handia duen Carlos Martin Beristainen hitz batzuk zekartzan paper batean idatzia Lasak, familiari eskaintzeko: «Behartutako desagerpenarena beldurrezko estrategia bat da, baina baita gertaerak eta erantzukizuna izkutatzeko modu bat ere», nabarmendu du. Jokabide horretatik, gainera, «bertsio desitxuratuak» sortzen direla gaineratu du.
«Bilatua izateko eskubidea» aldarrikatu du Axun Lasak, Martin Beristainen mezu horren bitartez. Eta honela amaitu du: «Behartutako desagerpena ez da soilik delitu iraunkor bat, min iraunkorra ere bada. Enpatia eta kontzientziaren giharra inpunitatearen eta desagertuen krisi larrien aurrean antidotoak dira». Larruan bizi izan du min hori Axun Lasak, 1983tik 1995ra bitarte Lasatarrek eta Zabalatarrek ez zutelako Joxean eta Joxi non ziren jakiterik izan, beren gorpuzkinak Alacanten agertu eta identifikatu arte.
Estatuak eragindako beste biktima batzuen senideak ere egon dira Etxeberria Alvareztarren ondoan 45. urtemuga honetan, Pasaiako Badian 1984an hil zuten Dionisio Aizpururen anai Eneko Aizpuru kasu. Sortuko kideak ere hurbildu dira Igarolabekora, familiaren ondora: Haimar Altuna eta Lur Albizu. ‘Eusko Gudariak’ abestuz eman diote bukaera ekitalditxoari, elkarrekin mokadu bat hartu ondoren. Biziki eskertu du Eneko Etxeberriak aurten ere Igarolabekoan bildu izana, babes honek bilaketa lanetan jarraitzeko indarra ematen duelako.

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

