
Koldobika Jauregi (1959-2024) eskultore, sortzaile eta herritar eragilearen ondarea, bereziki Alkizako Ur Mara Museoko artea eta bizia, ospatzea da bere omenezko EHUren uda ikastaroaren asmoa. Antonio Casado da Rocha EHUko ikerlari eta irakasleak eta Elena Cajaraville Ur Mara Museoko zuzendari eta Koldobikaren bidelagunak antolatu dute, zendu zenetik urtebetera.
24 hizlariren ekarpenaz gain, ‘Dantza’ filmaren proiekzioa, musika eta txangoa izanen dira. Astearte arratsaldea Ur Maran emanen dute, artistak sortu zuen leku honetaz mintzatzeko modurik onena han barneratzea delako.
Usoa Zumetak eta Ainara Martinek sarrera xume eder bat egin diote ikastaroari astelehen honetan, Donostiako Miramar Jauregian. Zumeta Arte Estudioko artistak eta kultur proiektuen kudeatzaile freelanceak elkarrizketa bidez eraiki dute Jauregiren irudi bat.
Kultura ez da autopista bat
‘La cultura no es una autopista. Los museos podrían ser jardines’ liburuak eman die abiapuntua eta egitura. «Oso gomendagarria da. Prekaritateaz ari da. Kulturan beti izan dugu prekaritatea eta oraindik areagotzen ari da. Zeharka bada ere, Koldobikaren asko du liburuak», adierazi dute.
Bere lanari buruzko testuen bila hasi zen bikotea, baina ez zituzten aurkitzen. Orduan, elkarri galdetu zioten noiztik zuten harremana Koldobikarekin.
Martinek 2009an ezagutu zuen, Donostia 2016 proiektuan lanean zebilela. Ikerketak Alkizan gobernantza eta partaidetza prozesuak jorratzen zituen artistarengana eraman zituen. Jendarteko erronketan parte hartzen duen eragile aktiboa da artista.
Gauza txikiak egiteko nahia
2020an, Andoaingo Basteron topatu zuen Jauregi, ‘Dantza’ proiektuaren erakusketa bat muntatzen. Kartel bat itsasten ari zen, Telmo Esnalen pelikulako mila objektu zituelako partekatzeko. «Xumea zen, gauza txikiak egiteko nahia zuen».
2021ean, Gordailuak film hartako lagin bat eskatu zion Martini. «Jauregiren eta Cajaravilleren biltegian lanean aritu nintzen eta oso polita izan zen. Urrun zegoen lekua, ez zegoen entxuferik eta ordenagailuaren bateriak irauten zuen denbora nuen lanerako», oroitu du irribarrez.
Errespetua
Usoa Zumetaren eta Koldobika Jauregiren arteko harremana 2003an hasi zen. «Ekain galeriako Juan Cruz Unzurrunzagak berarekin lan egin behar nuela esaten zidan, eta Koldobikari nirekin lan egin behar zuela. Bere zaldiak ezagutzen nituen, Donostiako erakusleihoetan zeudenak. Ekainen ere burnizko eta metalezko pieza batzuk zeuden. Elkarrekin lanean hasi, eta 19 urtez segitu genuen. Guztira 80 ediziotik gora egin ditugu».
«Errespetua» nabarmendu du Jauregirendandik. «Beti galdetzen zidan: zer iruditzen zaizu zuri?». Azken urtean ‘Gramineak’ editatu zuten. Haurtzaroko eta gaztaroko oroitzapenak dira, belar artean sartuta gramineak eta eguzki izpiak ikusten zituztenekoak.
Jakin-mina
17 urterekin eskultore izatea erabaki zuen Koldobikak. Soldaduska egitera behartu zutenean Valladolid egokitu zitzaion eta justu kuartelaren parean zegoen eskultura museoa. Han aurkitu zuen hasteko behar zuen informazioa.
80ko hamarkadan Bulgariara joan zen eta alde batera utzi zituen ordura arte landu zituen gai erlijiosoak. Testuinguru politikoarekin bat, kontzientzia hartu eta eskala aldaketa egin zuen (ez zituen eskultura erraldoiak egin nahi). Orduan jaso zuen lehen aitorpena ere. Biolentziaren inguruko artelanak sortu zituen, gorputz eta zaldi irekiak, adibidez.
Figuraziotik abstrakziora
Alemanian bizitzen eta lanean aritu zen Elena Cajaravillerekin batera eta han egin zuen figuraziotik abstrakziorako bidea. ‘Zaldiaren hutsunea’ da horren adibide. Marrazkia da bere helduleku edo oinarria. Horretaz gain, gauza zehatz batetik deseraikitzen du sinplifikaziora iristeko eta hortik interpretatzeko.
Ekoestetika ere kontzeptu garrantzitsua zen beretzat. «Ez dut modernoa izan eta kaka arrasto bat utzi nahi bidean», zioen. Harria, burnia, egurra eta marmola erabiltzen zituen. Alemanian egurra erretzen hasi zen. Lo gutxi egiten zuen eta itzalak ikusten zituen estudioko kristal handietan.
Eskuzabala
Prozesua, teknikak aunitz interesatzn zitzaizkion. Alkimia, esperimentazioa. Nola margotu ikatzarekin, nola egin urdin hori. «Oso eskuzabala zen. ‘Nik erakutsiko dizut nola egiten dudan’ zioen. Ez zen sekretista, baizik eta guztiz emana. Transmisioa egiten zuen», azaldu du Zumetak.
Silografiarekin hasi, eta ohartu zen matrizea interesgarriagoa zitzaiola eta hori landu zuen erretauletan, erlijiora bueltatuz baina bertze bide batetik. Performanceak, collageak eta grafika efimeroa ere jorratu zituen. «Poeta bat zen», nabarmendu du serigrafia artistikoan espezialistak. «Grafika efimeroa egin zuen zibilizazioa sostengatu duten karearekin eta ikatzarekin».
«Dantza»
‘Dantza’ filmeko lagina eskatu ziotenean, Gordailukoek kezka zuten jantziak material delikatua direlako mantentzeko. Baina Ainara Martinek ohartarazi zien jantziteria baino papera zela garrantzitsua, bertan zeudelako jantzi bakoitzeko 80-120 marrazki, sinbolismoz beteak, ikerketen fruitu.
Zumetak agertu du denbora, honen joana eta natura direla Jauregiren obraren ardatzak. Bere hiztegi propioa eraiki zuela ere erran du. Horren adibide dira paisaia adierazten duten bederatzi laukitxoak.
Ur Mara
Kudeatzaile bezala hagitz interesgarria da Martinentzat Ur Marak ekarri zuen «paradigma aldaketa». Izan ere, bizitza eta lana, etxea eta museoa, espazio berean daude Alkizako gune honetan. Mantenua, biziraupena, obraren zaintza eta zabalpena dira erronka.
Zumetak autonomia ekonomikoaren ideia gaineratu du. Jauregik zioen obraren %10 baizik ez dela publikoa izan behar, gainontzean baldintzatzen hasten baita. «Ez gaude hor. Normalean mendekotasun ekonomiko izugarria dugu», baieztatu du kudeatzaileak.
Ekoestetikaren kontzeptura itzuli da, hagitz lotua ikusten duelako gaur egungo talka eta pultsioekin: gehiegizko turismoa, globalizazioa, desazkundea... Ur Mara natura eta artea uztartzeko belaunaldi berri baten espazio natural bezala definitu du. Aspertu egiten zen Koldobika, eta bere lekua egin zuen han.
Behetik gora eraiki zuen, espazio komunitario baten irudikapen bezala, Martinek azaldu duenez.
Elkarrizketarako
Ondorio batzuekin bukatu dute Zumetak eta Martinek. Lehena, Jauregiri buruzko literatura kritiko gutxi dago. Baita obraren errepresentazio gutxi ere. 2007-2008koa da azken katalogo publikoa eta deigarria egin zaie hori.
Ondarearen kudeaketaz ere aritu dira. «Ur Mara Koldobika da. Orain zer forma emango diogu? Ur Mara Museoa deitzen diogu, baina juridikoki ez da hala. Artista ez dagoenean beste ikuspegi bat dago, denon ondarea da». Erran dutenez, herriak ere erronka bat du honetan. Eta, jakina, instituzioek baliabideak jarri behar dituzte, adibidez, katalogaziorako eta digitalizaziorako.
Familiaren jarraipena ez dela erraza adierazi du Zumetak bere esperientziatik, Jose Luis Zumetaren alaba gisa. «Ondare zabala da familiak zaindu behar duena. Guk behintzat lekua dugu baina izugarrizko ardura eta lana da. Guri tokatzen zaigu erabakitzea eta ahal dugun onena egiten dugu».
«Koldobika Jauregik zer garrantzi du guretzat eta zer forma emango diogu? Nola eraikiko dugu bere irudia? Nola bildu bere zirrarak, lana eta testuak?
Izaera jostaria
Kontatu dutenez, izaera jostaria zuen Koldobikak. «Nitaz idazteko, ez da ni baino hoberik» pentsatu eta Martin Robinson ezizena asmatu zuen bere obraren kritika egiteko. Zumetak eta Martinek Robinsonen testuak topatu dituzte ikerketan eta ez zekiten bera zenik Elena Cajaravillek sekretua aitortu dien arte.
Edizioak baino nahiago zituen matrizeak. Aspertu egiten zen eta bukatu gabe utzi zuen edizio bat baino gehiago.
Zirko bat egin zuen plastikoz eta urrez, egitearen plazer hutsez. Jolastu, txiki izan eta esperimentatzea maite zuen, eginez dibertitzen zen.
Interesaren arabera erraten zuen donostiarra edo alkizarra zela eta uda zein negu txankletak janzten zituen. Hizlariek gauza bera egin dute bere omenez, eta lurrean, Palestinako zapiaren gainean bere koadernoa zabaldu dute, marrazkiz, argazkiz eta oharrez betea, ikastaroko partaideek arakatzeko.
Ur Mara bizirik dago eta bada erreleboa, Gerezi alabarena. Aukera berriak irekiko dira, esentzia galdu gabe.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

