NAIZ

Tanor Ngom pibot erraldoia, Sergio Garciaren aroko aurreneko fitxaketa Gipuzkoa Basketen

Duela 27 urte Senegalen sortu zen jokalariak 2,18 metro neurtzen ditu eta FEB Lehenengo Mailako Amis Castello taldean aritu da bertan 9,6 puntu eta 4,7 errebote lortuz. Kutxabank Araskik, bestalde, Montse Brotons pibot katalanari kontratua berritu dio.

Tanor Ngom azken bi denboraldietan Amics Castello taldearekin aritu da lanean.
Tanor Ngom azken bi denboraldietan Amics Castello taldearekin aritu da lanean. (@amics_castello)

Gipuzkoa Basket datorren denboraldiko taldea hasi da eraikitzen. Hasteko, Mikel Odriozolak agur esan ondoren, Sergio Garcia entrenatzailea iritsi zen eta teknikari donostiarraren ondotik, Tanor Ngom pibot senegaldar erraldoia izango da proiektu berri honetako aurreneko pieza.

27 urte eta 2,18 metro ditu Gipuzkoa Basketeko jokalari berriak eta urtebeterako sinatu du donostiarrekin. NCAAn South Florida Unibertsitatean lau urtez aritu ostean, Europara jauzi egin zuen eta Portugalgo lehen ligan lehiatu zen, non partidako 11 puntu eta 6 errebote lortu zituen batez beste CD Povoa Basquetebol taldearekin.

Handik FEB Lehenengo mailara egin du jauzia: 2023/24 denboraldian Amics Castello taldera iritsi zen –Aitor Etxeguren pibot bilbotarra ere bertan zen– eta bi denboraldi pasa ditu bertan Ngomek. Pasa den sasoian 9,6 puntu eta 4,7 errebote pilatu zituen. Tamalez, ez zen nahikoa izan Castelloko taldeak mailari eusteko.

Kutxabank Araski

Bestalde, Kutxabank Araskik beste urtebeterako kontratua luzatu dio Montse Brotons pibot katalanari. Irailean 27 urte beteko ditu 1,92 metroko pibotak eta pasa den denboraldia izan du aurrenekoa Gasteizen, aurreko hiru urteak Cadi La Seu taldean igaro ondoren. Made Uriertaren aginduetara 2 puntu eta 1,4 errebote baino pilatu ez baditu ere, defentsako lanean fina eta gogorra dela erakutsi du Kutxabank Araskiko jokalariak.

«Defentsa lanetan barruen duen guztia ematen du Montsek eta kantxan erakusten duen jarrera beti da egokia. Eguneroko lanean ere jarrera berbera erakusten du eta hori gutxi balitz, Araskiren azpiko mailetan entrenatzaile lanean ere hasi da», laburbildu du Montse Brotonsi buruz Made Urieta entrenatzaileak.

Sei dira dagoeneko Kutxabank Araskik 2025/26 denboraldira begira orain arte lotu dituen jokalariak: Mama Dembele antolatzailea, Sami Hill eta Lotta-Maj Lahtinen hegalekoak eta Montse Brotons, Noa Morro eta Quinn Dornstauder uztaipeko jokalariak.