
Telesailak Elena Mujika (Itziar Ituño) izeneko bikoizketa-aktorearen istorioa kontatuko du: bere urterik zirraragarrienak atzean utzi dituen emakumea da, eta errutinan murgilduta bizi da. Ustekabean, iktus bat izan zuenetik ezinduta dagoen senar ohia agertuko da, heriotza mehatxupean dagoena.
Filmaketa eguna Hernanin
Errodaje bati aurre egiterakoan, badira kontrolatu ezin daitezkeen hainbat faktore; horien artean nagusiena eguraldia izaten da. 'Argi Gorriak' telesailaren grabaketaren bigarren egunean beroa izan da protagonista, eta horri aurre egiteko arropa arina, ura eta haizagailuak dira nagusi setean.
Grabaketa, Hernaniko (Gipuzkoa) Rueda de Asia izeneko bazar txinatarrean izan da. Kanpoaldean, garabi handi bat, material ugari eta bizpahiru karpa kokatu dituzte: monitorea eta filmaketarekin loturiko tresnak batean, cateringeko jakiak bestean.
Atseden ordua da, eta lantalde andana bildu da kanpoaldean. Horien artean dago Itziar Ituño, eguneko lehen zatia grabatu ostean indarrak berreskuratzen, oraindik eguerdi eta arratsaldeko lanak egiteko baitaude. Alberto Gastesi zuzendaria ere tartean da; ogitarteko bat esku artean duela, pozik sumatzen zaio egiten ari diren lanarekin: «Erronka polita izaten ari da. Oso pozik nago, egiten dugun lehenengo telesaila da, eta berezia da. Hori bai, telesailak beste erritmo batean grabatzen direla ohartu gara, oso azkar», dio. Segidan, lehen eguneko filmaketaren irudi batzuk erakutsi ditu bere telefono mugikorrean, irribarrea une oro galdu gabe.
Grabatu behar duten hurrengo sekuentzia goiko solairuko gela txiki batean da. Beroaren eragina nabaria da set estu horretan, eta haizagailuak bihurtu dira lagun leial. Ituño bera eta beste hiru aktore prest daude eszena grabatzeko. Hamabost minutu inguruan amaitu dute. «Moztu!» entzun orduko, ustekabean lehertu da algara. Izan ere, 'Argi Gorriak' komedia berezi bat izango da, eta grabatu berri duten eszenaren azken segundoetako pasarteak barreak eragin ditu lantaldean.
Hernaniko beste kokaleku batzuetan grabatu ostean Euskal Herriko beste txoko batzuetan ere egongo dira zortzi astez.
Proiektuaren ezaugarriak
‘Argi Gorriak’ Vidania Films ekoiztetxearen proiektu berria da, eta EITBren parte-hartzea du. Euskaraz izango da, baina txinera eta gaztelania apur bat ere entzun ahal izango dira. 30 minutuko zortzi atal izango ditu, eta serieak umorea, intriga eta familia-drama uztartuko ditu ikuspegi fresko eta eguneratu batekin. Euskal familia disfuntzional baten istorioa da: kaosak, zinismoak eta gizatasun sakonak markatutako pertsonaiek desagertutako aitaren itzuleraren inguruko misterioa argitu beharko dute.
Familia hautatua, identitatea, talka kulturala, lan prekarietatea eta LGTBI+ ikusgarritasuna bezalako gaiak jorratuko ditu telesailak, tonu lotsagabe, arin eta emozionalarekin. Erreferenteen artean ‘Unbreakable Kimmy Schmidt’, ‘Paquita Salas’ eta ‘Arrested Development’ izenburuak daudela aipatu dute sortzaileek.
Alex Merino, Alberto Gastesi eta Alejandra Arrospideren istorioa da. Arróspidek ekoiztua, Gastesik zuzendua eta Merinok idatzia da (Gemma Urraka, Kepa Errasti eta Arróspide bera lagun dituela). Gastesik, 2022an “Gelditasuna ekaitzean” filmarekin debuta egin ostean, aurten bi proiektutan ari da lanean: ‘Argi Gorriak’ eta ‘Singular’ filmean. Azken honen gidoia Alex Merinorekin batera idatzi du, eta Patricia López Arnaiz eta Javier Rey izango dira protagonistak. Filmak Dianaren istorioa kontatuko du: adimen artifizialean oinarritutako hizkuntza-ereduekin lan egiten duen unibertsitateko irakaslearena.
Itziar Ituño izango da ‘Argi Gorriak’-en protagonista nagusia, eta Elena Mujika izeneko bikoizketa-aktorearen rola jokatuko du. Ituñorekin batera, Nerea Sanz, Arnatz Puertas, Iñigo Rodríguez eta Xangi Cheng izango dira aktore nagusiak, hurrenez hurren Lucia, Paul, Julian eta Li pertsonaiei bizia emanez. Gainera, Klara Badiola, Iñigo Gastesi, Miren Gaztañaga, Sara Cozar, Guiomar Puerta, Aitor Beltrán eta, berriki ‘Desagertuta’ telesailean ikusi dugun, Jon Lukas Puertas-ek ere parte hartuko dute.

Agradecimiento desde el hospital de Gaza a una Iruñea volcada contra el genocidio

«Jasotzen ari naizen biolentzia Elizak oraindik duen indarraren adierazle da»

Repulsa multitudinaria tras la agresión sexual del viernes en sanfermines

Llueve sobre mojado en Rioja Alavesa: «Hay gran desolación y desánimo entre los viticultores»
