
Deba bailaran hasita, Arrasate eta Eibar dira San Joan jaiak ospatuko dituzten herri nagusiak. Arrasaten pasa den asteburuan hasi zituzten jai ekitaldiak haurren danborrada eta dantzari egunarekin, eta ostiral honetan (ekainak 20) itzuliko dira, erromeria ibiltaria eta euskal kantuen gauarekin. Larunbatean (ekainak 21), Gazte Olinpiaden bigarren edizioa egingo dute. Aurten 866 gaztek hartuko dute parte, 56 kuadrillatan banatuta, pasa den urtean baino 200 pertsona gehiago.
Jai egitaraua datorren ostegunera arte luzatuko da eta aurten badira berrikuntza batzuk, hala nola bertso saioaren lekualdatzea, “Zeuk Iñ Zeuk Jan” musikaz girotua egongo dela, mariatxien kalejira edota zapi berri gehiago izango direla –2.500 guztira–, herritarrek zapi morea eramateko nahia erakutsi baitute.
Ohiko bilakatu diren ekitaldien artean daude, besteak beste, entzierroak, kantu afaria, Arrasate Musikaleko Musika Bandaren kontzertua, Eguzkilaru, edota 80 urtetik gorakoei omenaldia. San Joan bezperako ekitaldi tradizionalak astelehenan izango dira, ekainak 23: makalaren jasotzea, Errementari Dantza, San Joan sua, nagusien danborrada eta erromeria.
Musika arloari dagokionean, hain zuzen, hiru gune nagusi izango dira kontzertuentzat: Txosnagunea, Herriko Plaza eta Monterron parkea, eta bertan izango dira, besteak beste, Sukena eta Los Zopilotes Txirriaos (larunbata 21), 112 eta No Limits (igandea 22), El Drogas eta Oxabi (asteartea 24), Perlata eta Estampas de Mexico (asteazkena 25) edota Janus Lester (osteguna 26).
Informazio honen babesleak: Aldedi ferreteria, Agirre-etxe Coviran, EreindaJan, JMA, Ifam, Larrinetxe jatetxea, Takolo autoak.

Eibar
Eibarren ekaina hasieran jarri ziren abian aurtengo sanjoanetako ospakizunak eta asteburu honetan abiada berezia hartuko dute, jende guztiari zuzendutako jardueren bitartez: kontzertuak eta danborradak, kirol-txapelketak eta kalejirak, beste askoren artean.
Musika arloari dagokionez, ostiral honetan (ekainak 20) Kokein eta Süne taldeen kontzertuak izango dira eta larunbatean (ekainak 21) Seguridad Social taldearena. Igandean (ekainak 22), blues kontzertu bat izango da Sherley Davies abeslari britaniarraren eskutik.
Txosnagunean, “Jaixak Herrixak Herrixandako” kolektiborekin lankidetzan, kontzertu egitarau zabala prestatu dute, honako taldeekin: Pertala, Skabidean, The Lio eta Jon Koldo Gudariak.
Egun handia, ohitura den bezala, San Joan bezpera izango da (astelehena 23). Goizeko lehen orduan, Usartza Txistulari Bandak San Juan zortzikoa joko du Untzagan, eta kuadrillak batu ondoren, kalejiran joango dira Urkizuraino Ustekabe fanfarrearekin. Estaziño kalean harrera egingo zaie Lizarrako dultzaineroei, eta Udaletxetik jaien pregoia irakurri eta txupinazoa jaurtiko dute.
Informazio honen babesleak: Acitain gasolinera, LAB Eibar.

Tolosa
Deba bailaratik Oriara jauzi eginez, Tolosan ere aurreko astean hasi zituzten jai ospakizunak 3x3 saskibaloi txapelketa arrakastatsuarekin, Batasuna elkarteak antolatutako sagardo txapelketarekin eta Olano txirrindularitza martxarekin, besteak beste.
Txupinazoa ostiral honetan (ekainak 20) botako dute, arratsaldeko 18.00etan, Udaletxeko balkoitik. Aurten, Tolosa Kantari taldeari eskaini diote jaiei hasiera ofiziala emateko ohorea, kantu herrikoiak bizirik mantentzeko eta herritarrak musikaren inguruan biltzeko egindako ahaleginagatik.
Kuadrilla eguna larunbat honetan izango da (ekainak 21), baina aurten izango da berrikuntzarik, izan ere ez dituzte jokoak egingo, baizik eta baltsa jaitsiera Oria ibaian.
Musika arloari dagokionez, herriko musika talde eta txarangaz gain, honako taldeen emanaldiak daude iragarrita: Lukiek, Mirua, DJ Fresa Morango, The Hastelens, Oxabi, DJ Fulana, Maren, La otra oreja (tributua), Dupla eta Muxutruk. Igandean (ekainak 22) txistu kontzertu berezia izango da, aurten Gozategi eta Pirritx eta Porrotxen parte hartzearekin.
San Joan sua astelehen gaueko 22.00etan piztuko dute eta aurtengo egitaraua San Joan eguneko ospakizun tradizionalekin amaituko da.
Informazio honen babesleak: Industrial Borobil, Iurre Taberna, Melemele, Xirimiri.

Andoain
Oria bailaran behera eginez, Andoainen ere egitarau zabala prestatu du Jai Batzordeak, herriko 25 elkarte desberdinekin lankidetzan, ostiral arratsaldeko txupinazoarekin abiatuta. Aurten, Andoaingo Axeri Dantza elkarteko kideek irakurriko dute pregoia, 50 urte igaro baitira berreskuratu zenetik eta 25 urte emakumeek lehen aldiz parte hartu zutenetik.
Ohikoa den bezala, egitarauan ez dira faltako buruhaundi eta erraldoien irteerak, kirol txapelketak, kantu kalejira, txuleta jana, danborradak, haurren jolasak, artisautza eta janari azoka edota bertso saioa, besteak beste.
San Joan bezperan (astelehena 23) ohiko soka-dantza eskainiko dute alkateak eta udalbatzak, eta gauean San Joan sua piztuko dute kanpai-errepika, txalapartari eta herriko musika eta dantza taldeen partehartzearekin.
Musika arloari dagokionez, herriko txistulari, txaranga eta musika bandaren emanaldiez gain, aurten talde ezagun asko izango dira herrian: Brigade Loco (ostirala 20), Olgetan eta Nueva Etapa orkestra (larunbata 21), Süne (igandea 22), Nogen (astelehena 23), Trikidantz (asteartea 24) eta Puro Relajo (asteazkena 25).
Informazio honen babesleak: Xixori Belardenda, Andoaingo Udala, Autoescuela Vallina, Mapfre.
Hernanin, azkenik, asteburu honetan hasiko dira jai ekitadi nagusiak. Aurten, txupinazoa bi eragileren artean botako dute, Jai Batzordeak hala erabakita: Kantaitako emakumeek eta Kronika egunkariak, biek 25 urte beteko baitituzte.
Musika arloa ere berezia izango da aurten, adin guztientzako eta estilo askotariko musika eta kontzertuak izango baitira: Zea Mays, Mirua, Skabidean, DJ Osto, Los Tenampas... Hernaniko sanjoanetako informazio gehiago larunbat honetan kaleratuko dugu Naiz-en.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz



