
Joxerra Goikoetxea Bilbaoren heriotzaren 40. urteurrenean, ekitaldia egin du Egiari Zorrek larunbat goizean Loiun, ‘Ekidin zitekeen. Salbuespenezko espetxe politikaren ondorioak’ lelopean, loiutarra oroitu eta kartzela politikaren ondorioek behar duten aitortza aldarrikatzeko.
Alcala-Meco segurtasun handiko kartzelako dutxetan aurkitu zuten hilik Joxerra Goikoetxea, gaurko egunez, 1985ean. Urkaturik aurkitu zuten. 24 urte zituen loiutarrak eta lau urte zeramatzan preso.
«Azken 40 urteetan, demokrazia deritzon garai honetan zehar, 36 euskal preso politikok eta 16 senidek galdu dute bizitza egoera ezberdinetan, sistematikoki aplikatu diren salbuespen neurrien ondorioz. Horiez gain, beste bi pertsonak bere buruaz beste egin zuten kartzelatzea saihestu nahian», gogoratu du Pilar Garaialdek.
Gogoratu du errepresio-estrategiaren barruan sortu zela salbuespenezko espetxe politika, «terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakian».
Nabarmendu duenez, neurri politiko horien aplikazioa «erabakigarria» izan zen heriotza horietan guztietan, arrazoi komunak baitaude guztien atzean: «Behar bezalako osasun arreta ukatzea, gaixotasun sendaezinen aurkako protokoloan modu arbitrarioan aplikatzea, kartzela barruko bizi baldintza gogorrak, isolamendu luzeak, 1. graduko eta FIES sailkapen sistematikoak, komunikazio guztien interbentzio iraunkorra...».
Estatu espainolak eta frantsesak ezarritako politika horiek eragindako heriotzak, beraz, «arduradun zuzenak ditu», adierazi du Garaialdek. Erantsi duenez, «estatuek onartu beharko dute gatazka politikoaren baitan aintzat hartu zutela pertsona batzuk heriotzaraino eraman zitzaketela helburu politiko batzuen arabera».
Ildo beretik, Egiari Zorrek «haserrea» agertu du Loiuko ekitaldian, Aitortza eta Erreparaziorako Euskal legeak ez dituelako jasotzen sakabanaketa eta urruntze politikak eragindako edo hildako senide eta lagunen kasuak.
«Aitortza ofizialerako dugun mekanismoak ez ditu gure senideek jasandako indarkeria instituzionala eta ondoriozko urraketak aintzat hartzen», azaldu du Egiari Zorrek, eta preso politikoen senideek pairatutako egoeran jarri du azpimarra, gehienetan gauez egin beharreko joan-etorri luzeen arriskuak edota senideek bizitzak erabat baldintzatuak zeudela gogoratuz.
Bidegabeko zigor arbitrarioa
«Indarkeria instituzionalak eragin zuzena izan zuen gure familien eta lagunen aurka» adierazi du elkarteak: «Guk argi daukagu, euskal presoen familiei eta hurbilekoei arrazoi politikoengatik bidegabeko zigor arbitrarioa ezarri zitzaien, ondorio larriak eragin zituena. Ezinbestez Aitortzarako Euskal legea giza eskubideen alorreko nazioarteko parametroetara egokitu behar da, biktima bat bera ere bazterrean utz ez dezan».
Testuinguru horretan, aipatu du Egiari Zorrek erakundeek eurek sortutako indarkeria horren aurrean «ez ikusiarena»egiten duten sektoreak daudela gaur-gaurkoz, kartzela politikak eragindako heriotza horiek «inoiz gertatu ez balira bezala» eta, aldi berean, giza eskubideen eta giza duintasunaren balio gorenari buruzko erreferentzia ugari entzuten diren bitartean», estatistika guztietatik kanpo jarraitzen dute.
Egiari Zorren esnetan, «gertatutakoaren memoria ezin da ikuspegi partikular eta alderdikoekin zerikusi handiagoa duten interesetara mugatu». Horregatik, era ofizialean biktima guztiak aitortzea eta «urraketa guztiek memoria politika publikoetan» behar duten lekua izatea exijitu du, «baita Joxerra Goikoetxearen heriotza ere».

Hamarnaka eragile batu dira Hatortxu Rocken agur festara

«Maria Josefa Sansberrok muga asko gainditu zituen, fisikoak eta moralak»

Detenido el conductor del turismo implicado en la muerte de un ciclista el viernes en Anoeta

Trece txosnas de Bilbo no venderán Coca-Cola durante Aste Nagusia en solidaridad con Palestina
