
Bilboko metroak I-SEC Aviation Security S.L. Israelgo segurtasun-enpresa kontratatu du Plentzia eta Lutxana arteko zatian metroaren instalazioak eta material mugikorra zaintzeko. Horren harira, Bilbo Palestina Herri Ekimenak eta BDZ Bizkaiak egindako mobilizazioan, hamarka pertsonak eserialdia egin dute Plentziako metro geltokian eta «era sinbolikoan» okupatu dute larunbat goiz honetan.
Gogorarazi dutenez, I-SEC Aviation Security enpresa ICTS International konpainiaren filial nagusietako bat da. Izan ere, ICTS International 1982an sortu zen Shin Bet Israelgo Segurtasun Zerbitzu Orokorreko kide ohi batzuen eta Israel Airlines konpainiako segurtasun agente batzuen eskutik.
«I-SEC enpresako zuzendari nagusia, Rom Shaked, abokatu israeldarra da. Esperientzia handia du Israelgo Armadan, zehazki Inteligentzia Militarreko 8200 Unitatean (Israelgo Defentsa Indarretako unitaterik handiena), non Inteligentziako Analista Taldearen burua izan zen 2019ko otsailetik 2022ko urtarrilera arte», gaineratu dute BDZ Bizkaia eta Bilbo Palestina herri ekimenetik.
Ildo horretatik, kontratazioa «oso ekimen larria» dela salatu dute: «Bilboko metroak era zuzen batean genozidioan parte hartzen ari den agente batekin harremanean jartzen ari da».
Horrez gain, instituzioak «kontzienteak» direla gaitzetsi dute: «Bilboko metroaren zuzendaritzak eta haren partaide diren Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute ekinbide hau ukatzen, kontzienteak dira, baina berdin zaie, ez daude egoera honi irtenbide bat emateko prest».
«Egoerari irtenbide bat emateko borondate politikorik ez dute. Aitzakia legal eta ekonomiko batzuen atzean ezkutatzen dira. Eta, bitartean, euskal herritarron dirua Israelen politika genozidaren konplize diren enpresa eta erakundeetara bideratzen jarraitzen dute, hainbat arlotako kontratazio, lankidetza edo adjudikazioen bidez», kritikatu dute.
Kexak Bilboko metroaren egoitzan
Larunbat goizeko mobilizazioa honen aurretik beste batzuk izan dira Bilboko metroak Israelgo segurtasun enpresarekin sinatutako kontratazioaren aurka. Izan ere, ekainaren 3an, dozenaka lagun bildu ziren proiektuaren aurka kexak aurkezteko Bilboko San Nikolas geltokian dagoen Bilboko metroaren egoitzan.
Adierazi zutenez, «ehunka salaketa indibidual» jarri zituzten «kontratazio bertan behera geratzeko asmoz». Dena den, azaldu zutenez, «Bilboko metroarentzat I-SEC Spain Aviation Security S.L.-ren kasuan ez dago kontratazioa kuestionatzera daraman ezein arrazoirik».
BDZ-Bizkaia eta Bilbo Palestina Herri Ekimenetik proiektu horren aurka egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak.

Hamarnaka eragile batu dira Hatortxu Rocken agur festara

«Maria Josefa Sansberrok muga asko gainditu zituen, fisikoak eta moralak»

Detenido el conductor del turismo implicado en la muerte de un ciclista el viernes en Anoeta

Trece txosnas de Bilbo no venderán Coca-Cola durante Aste Nagusia en solidaridad con Palestina
