Nahiz eta kirol eskaladan benetako txokoa egin zen, Adam Ondrak erakutsi du eskaladako estilo edo modalitate ezberdinetan bikain moldatzen dela. Zehazki esanda, horietan ere maila gorenean dabil.
Azken asteok horren guztiaren isla izan dira. Fontainebleaura bisita egin eta, besteak beste, sona handia duen eremu horretan gai izan zen Soudain Seul (9a) sinatzeko. Frantziar Estatutik Britainia Handira bidaiatu zuen. Eta Ingalaterran erabat aldatu zuen estiloz. Eskalada tradizionala edo trad estiloa zain zuen. Eta beste behin eskaladaren komunitatea ahoa bete hortz utzi du; batez ere, «etxeko» eskalatzaileak.
Lexicon bidea zuen helburu; hots, britainiar biderik gogorrena (E11, 7a). Neil Gresham izan zen ibilbide hori igo zuen lehena. Ondoren, beste sei errepikapen jaso ditu. Azkena, Ondrarena. Baina beste guztiek ez bezala, azken horrek plus bat izan du; izan ere, txekiarrak flash eran kateatu du. Gogora dezagun Lexiconek gure eskalan 8b+ maila duela, baina balizko eroriko baten aurrean oso arriskutsua da. Adibidez, marraren ia irteeran dagoen 7c zailtasuneko blokean akats bat egiten bada, 25 metroko erorikoa dago.
Bada, Ondrak apustu sendoa egin zuen Lexicon flash eran sinatzeko, eta xedea erdietsi zuen. Jarduera handi hori biribildu bezain laster, Ondrak onartu zuen une oso bereziak bizi izan zituela: «Izaera horretako bideetan aseguratzea ez erraza, eta nik Neil Greshamen laguntza izan nuen. Igoeraren zati batzuetan beldurra izan nuen, den-dena eman nuen, bihotzak oso azkar egiten zituen taupadak… Azken erlaitza zain nuen. Zorionez, eroriko luze hori saihestu nuen!».
Greshamek bere aldetik onartu du Ondraren etika bikaina izan dela: «Benetako flash era garbia izan da. Ez zuen Lexicon rappelatu eta bidearen heldulekuak ez zituen ukitu eta bertatik bertara aztertu. Ondoan dagoen Astratik aztertu zituen. Igoerari dagokionez, onartu behar dut azken berrogei urteotan ikusi dudan ikaragarriena izan dela. Erabateko sendotasunez igo zuen. Oraindik zaila egiten zait ikusitako prozesatzea».
Estrategia
Greshamek hori guztia esaten badu, bada Ondrak lortu berri duen arrakasta horren inguruan ezer gutxi gehitu dezakegu. Txekiarrak berak ere, igoeraren estiloari buruz hitz egin nahi izan du: «Egin diren igoera guztien bideoak ikusi nituen, baina batez ere Neilek lortu zuen lehen igoeran hartutako irudietan zentratu naiz. Neilek Lexicon rappelatu zuen eta heldulekuak magnesioaren markatu zizkidan. Ni ondoko bide batetik jaitsi nintzen, eta Neilek tresneria non eta nola jarri behar nuen azaldu zidan. Batez ere goiko partean. Ondoren, hatzak berotu eta Craig Mathesonek beste bide batetik jaitsi zidan. Ez nituen Lexiconen heldulekuak begiratu. Pixka bat gehiago berotu ondoren, tresneria guztia hartu eta Lexiconen oinarrira rappelatu nuen baina bizkarra emanda. Minutu batzuk kontzentratu eta prest nengoen eskalatzeko».
Irudietan ikusten denez, Ondrak bikain kudeatu zuen muturreko trad estiloko bide hori. Baten batek esan dezake kirol eskaladan 9c maila duela eta trad estiloan 8b+ flash eran egitea ez dela ikaragarria. Baina uste dugu Greshamek berak iritzi horri erantzun egokia eman diola.
Gogora dezagun eskalatzaile txekiarrak badakiela zer den trad estiloko maila gorena eskalatzea. Iazko urtean, adibidez, Annot-en (Frantziar Estatua) Bon Voyage (E 12) eskalatu zuen. Hots, gure eskalan 9a maila.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
