Aktualitateko erredaktorea

Alavesek iragarri du Julen Jon Guerrerok ez duela jarraituko datorren denboraldian

Azken denboraldian, asko nabarmendu gabe Alavesen ibili ostean, Julen Jon Guerrerok talde gasteiztarra utziko du. Jokalari bilbotarrarekin batera, Iurie Iovuk eta Eneko Ortizek ere ez dute Deportivo Alaves B-n jarraituko.

Julen Jon Guerrero Alaveseko bigarren taldearekin jokatzen.
Julen Jon Guerrero Alaveseko bigarren taldearekin jokatzen. (ALAVES)

Alaves datorren denboraldia prestatzen ari den honetan, bigarren taldeko plantilla ere diseinatzen dabil. Hori dela eta, jakinarazi dutenez, hiru jokalarik ez dute datorren denboraldian jarraituko: Julen Jon Guerrerok, Iurie Iovuk eta Eneko Ortizek.

Julen Jon Guerreroren (Bilbo, 2004) fitxaketak gasteiztarren ilusioa piztu zuen. Real Madrileko eta Romaren harrobietan ibili ostean, golekin eta asistentziekin gasteiztarren bigarren taldea laguntzeko erosi zuen Alavesek. Haatik, oharkabean, asko nabarmendu gabe eta lehenengo taldean debuta egin barik utziko du taldea Guerreroren semeak.

2017an Real Madrilek fitxatu zuen, eta erdilaria izan arren, gol-kopuru ugari sartu zituen Real Madrileko gazteen mailan. Madriletik Zornotzara joan zen 2023an, Amorebietan aritzeko, lagata. 18 partida jokatu zituen Guerrerok eta lau gol sartu zituen.

Madrilera itzuli eta lekurik ez zuela ikusita, Italiako hiriburura joan zen Erromako bigarren taldean aritzeko, lagata ere bai. Ondoren, Italian pozik ez zegoela baliatuta, Alavesek fitxatu zuen 2023-24 filiala indartzeko helburuarekin. Zortzi zenbakia hartu zuen Guerrerok, bere aitaren omenez. Lehenengo urtean, hamabi neurketa jokatu eta bi bat gol sartu zituen.

2024/25 denboraldian, aldiz, Amorebietan lagata hasi zuen. Haatik, 2025eko urtarrilaren 2an Gasteizera itzuli zen, neguko merkatuan. Alaveseko bigarren taldean 16 norgehiagoka jokatu ditu Molo Casasen aginduetara, bi gol sartuz eta asistentzia bat banatuz.

Beste bi irteera

Erdilari bilbotarrarekin batera, Eneko Ortiz Diazek (Miranda, 2003) eta Iurie Iovuk (Chisinau, 2002) Gasteizko taldea utziko dute.

Ortizek lehen taldearekin debutatu zuen, 2023/24 denboraldian, Las Palmasen aurka, Kanaria Handiko Estadioan. 2024/25 denboraldian, Ortizek 25 norgehiagoka jokatu ditu bigarren taldearekin, hiru asistentzia banatuz.

Iovu neguko merkatuan iritsi zen Gasteizera, NK Istratik, filial urdin-zuriaren atzealdea indartzeko asmoz. Molo Casasen hamaikakoetan ohikoa, jokalari moldaviarrak 12 partida jokatu ditu.