
Mungiako jaietako txupinazoa larunbatean botako badute ere, jai ospakizunak ostiral honetan hasiko dira (ekainak 27) txosnetan antolatu diren Aurrerabeire herriko taldearen eta Süne-ren kontzertuekin. Egitaraua uztailaren 6ra arte luzatuko da.
Larunbatean (ekainak 28) kalejira abiatuko da txosnagunetik arratsaldeko 19.00etan eta ordubete beranduago jaietako pregoia irakurriko dute Nuria Etxegarai eta Jon Lekanda kirolariek, txupinazoa bota aurretik. Eguna amaitzeko, Gatibu eta Bidean erromeriaren emanaldiak izango dira.
Igandean (ekainak 29) San Pedro eguna ospatuko dute eta ez dira faltako haurrentzako ekitaldiak, meza nagusia, ohorezko aurreskua, bertsolariak, kirol txapelketak, kale animazioa, larrain dantza, su artifizialak eta Puro Relajo taldearen emanaldia.
Astelehenean San Pedrotxu eguna ospatuko dute eta egitaraua datorren ostegunean itzuliko da (uztailak 3). Larunbatean (uztailak 5) nekazaritza azoka izango da eta aurtengo egitaraua uztailaren 6an amaituko da, egun horretan ospatuko den ohiko Euskadiko Sukalki Txapelketarekin.
Mungiako jaietako informazio honen babesleak: Trapuzarrak, Txakoli Butroi, Artza Kirol Moda, Iturburu Inmobiliaria,
Torpedo Gorria, Mume Taberna, Excavaciones Zorroza, Elena Modak.
Sopelan ere San Pedro jaiak ospatuko dituzte, oraingo honetan igandera arte (ekainak 29). Urtero legez, adin eta gustu guztiei zuzendutako egitarau zabala prestatu du Sopelako Jai Batzordeak.
Aurtengo pregoia Esaera Zaharren Txapelketaren antolatzaikeek irakurri zuten ostegunean (ekainak 26), 30 urte bete baitira txapelketa lehenengoz antolatu zutenetik. Txupina, berriz, Breaking Katxi kuadrillak bota zuen.
Ostiral honetan (ekainak 27), txorizo jana, kuadrillen arteko tortilla eta sangria lehiaketa, Uribe kostako VII. Zantzo Txapelketa, poteo musikatua eta guateke musikala izango dira.
Musikak protagonismo nabarmena izango du aurtengo egitarauan. Dupla, Los Zopilotes Txirriaos, Les Testarudes, Akatz, Albina Stardust, Kuttune, Gildas, Hot Tubes, Kresala eta Bidean taldeak igoko dira oholtza gainera.
Sopelako jaietako informazio honen babesleak: Sopelauto, Sopelako Euskaltegia, Fruteria Zelai, Foto Xabier.

Ezkerraldea
Uribe-Kostatik Ezkerraldera jauzi eginez, Sestao ere sanpedroak ospatzen dituen herria da, nahiz eta kasu hoentan joan zen asteburuan hasi ziren jai ekitaldiak. Asteburu honetarako ere egitarau zabala prestatu dute eta ostiral honetan (ekainak 27) ez dira faltako Erraldoi eta Buruhandien kalejira, play back lehiaketa, zezen suzkoa edota kontzertua, La Frontera rock talde espainiar ezagunarekin.
Larunbatean (ekainak 28) Samantha Hudson-en kontzertua eta Kuklux fanfarrearen kalejira izango dira, eta igandean (ekainak 29), habanerak Pan con Chile taldearekin eta berbena-ikuskizuna Alaska Tour Show taldearekin, jaien amaierako trakarekin amaitzeko.
Txoznetako egitarauan, ostiral honetan Sukena eta DJen emanaldiak daude iragarrita, larunbatean Sorginen Iraultza eta igandean, herri-bazkaria.
Portugaleten, Giako Andra Mariaren eguna ospatuko dute uztailaren 1ean (asteartea), Berriztasuna dantza taldearen eskutik. Txupinazoa eta Dominginen igoera hgoizeko 9.00etan izango da eta momentu horretatik aurrera jai giroa zabalduko da herri guztian. Horrela, ez dira faltako lasterketa solidarioa, txikien jaitsiera eta buruhandiak, itsas-prozesioa, sokadantza, irrintzi eta soka-tira lehiaketak, abesbatzen topaketa, plaza-dantza eta erromeria.
Aurten, 50 urte betetzen dira Berriztasuna taldea egitaraua prestatzen hasi zenetik eta hori ospatzeko, jaietako pertsonai ezagunenak, Domingin eta Domingina, panpin izateari utzi eta herritarren artean ibiliko dira, bizia hartuko baitute.
Portugaleteko jaietako informazio honen babeslea: Merceria Bigistak Kinkiladenda.

Bilboko Errekalde auzoan ere jaiak hasiko dituzte ostiral honetan, eta egitaraua uztailaren 6a arte luzatuko da. Jaietako lehenbiziko ekitaldia ostiral arratsaldeko 20.00etan egingo dute, auzoko konpartsak eta kuadrillen jaitsiera egingo baita ordu horretan. Iluntzeko 21.15ean jaietako aldarria, txupinazoa eta txosnen irekiera izango da eta ordu laurden beranduago Errekaldeko 3. Drag Gala hasiko da. Gauerdian DJ saioa eta suzko zezena izango dira.
Dima, Berriz eta Apata
Bizkaiko barrukaldera beste jauzi bat eginez, Arratiako Diman ere San Pedro jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan. Txupinazoa eguenean bota bazuten ere, bariku honetarako (ekainak 27) ekitaldi asko antolatu dituzte, tartean umeen jolasak, jubilatuei omenaldia, pilotako finalak, Xaukena elektrotxaranga, Alarma Morea eta Ganibet taldeen kontzertuak eta Playback lehiaketa.
Zapatuan (ekainak 28) umeen jolasak, tortilla eta mus txapelketa, kuadrillen arteko jolasak, elektrotxaranga, taloak eta kontzertuak izango dira, besteak beste. Jaietako azken egunean, domekan (ekainak 29), meza, paella lehiaketa, bertsolariak eta Ruper Ordordikaren kontzertua izango dira.
Dimako jaietako informazio honen babesleak: Dimako Udala, Zuazo janaridenda, Baltzola jatetxea, Kafe Axlor.

Berrizen, bestalde, San Pedro eta Santa Isabel jaiak ospatuko dituzte ostiral honetan hasi eta uztailaren 2a arte. Txupinazoa arratsaldeko 19.00etan botako dute eta aurten 45 urte betetzen dituen Gizarte Ongizate, Berdintasun, Immigrazio eta Lankidetzarako Udal Kontseiluak botako du.
Ondoren, ohiko sardina-jana, Donien Atxa dantzaldia eta Dantzari Dantzaren entsegu orokorra izango dira, eta 21:30ean erromeria hasiko da Luhartz taldearekin. Gauari amaiera emateko, txosnaguneko kontzertuak izango dira 23:00etatik aurrera, Old Time Spooks eta Gailu taldeekin.
Sei egunetan zehar hainbat ekimen eta ekitaldi izango dira, eta gastronomia lehiaketak, umeentzako jolasak eta kirol ekitaldiak ez dira faltako.
Berrizko informazio honen babeslea: Keinu optometria zentroa.
Urrutira joan gabe, Apatan ere jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan. Ostegunean hasi zituzten ekitaldiak, Txopo txikia eta Txopo Handia jasoaz. Aurten, Atxondoko Pelota Eskolak irakurri du jaietako pregoia. Ostiral honetan (ekainak 27) herri afaria izango da frontoian eta ondoren kontzertuak, Itzal Erromeria eta Egurra ta Kitto taldeekin. Gaztetxean Gozzue kontzertua eta DJ emanaldiak izango dira.
Larunbatean (ekainak 28) kuadrillen paellak, mus txapelketa, karropoteoa eta kontzertuak daude iragarrita, eta igandean (ekainak 29) nekazari eta artisau azoka, euskal dantzak eta pilota finalak, txopoa bota aurretik.
Apatako jaietako informazio honen babeslea: Cemosa.
Bizkaiko kostaldera jauzi eginez, Mundakan ekainaren 27tik uztailaren 6ra bitartean ospatuko dituzte San Pedro jaiak. Urtero bezala, herria musikaz, tradizioz, kirolez eta kulturaz beteko da, Mundakako espiritua eta nortasuna islatzen duten jaietan.
Lekeition, azkenik, San Pedro jaiak ekainaren 28tik uztailaren 1era ospatuko dira. Ekainaren 29an, San Pedro egunean, aski ezagunak diren Kaxarranka dantza, Kilin-Kala zeremonia bitxia eta emakumeen aurreskua egingo dituzte.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

