BABESLEDUN EDUKIA

San Pedro, San Martzial eta Santa Isabel jaiak kateatuko ditu Gipuzkoak

Abiada hartu dute jaiek Gipuzkoan eta badatoz orain sanpedroak Eskoriatzan, Orion, Lasarten eta Zumaian, sanmartzialak Irunen eta santixabelak Usurbil eta Zumarragan. Bakoitzak aukeratu dezala zein herritako jaiak gozatu nahi dituen.

Dantzari txikien emanaldia, Eskoriatzako plazan.
Dantzari txikien emanaldia, Eskoriatzako plazan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Eskoriatzan ekainaren 28tik uztailaren 1era ospatuko dituzte sanpedroak , nahiz eta egitaraua aurreko egunean hasiko den (Atsolarra ekitaldia egingo dute, adibidez, 2024an jaiotakoei ongi etorria eginez). Txupinazoa larunbatean 13.00etan botako dute, eta aurtengo pregoilaria Eskozap Zapatista taldea izango da, zeinek bere Aste Zapatistaren 25. urteurrena ospatzen duen. Herriko eta jatorri anitzeko pertsonen laguntzarekin, «konzientziak pizteko» lelopean, ekintza ugari prestatu izan dituzte herrian. Kolektiboak uste du denek tokia duten «beste mundu bat» sortzea posible dela, eta horretan lanean eman dituzte urte asko.

Nobedade bezala, aurten Zigor-dantza berreskuratuko dute. Dantza horren inguruko 1948ko bi argazki topatu ditzute, baina ez zegoen informaziorik. Hori dela eta, Gorosarri dantza taldeak ikerketa egin du eta egungo moldeetara egokitzen den bertsio bat eskainiko dute uztailaren 1ean. Zigor-dantza, sokadantza bat zen, zigorra –makil luze eta mehe bat– ardatz zuena. Jakin dutenaren arabera, erritu-dantza bat zen eta indarra eta arintasuna eskatzen zituen.

Musikari dagokionez, Joselu Anayak taldea berriro itzuliko da Eskoriatzako jaietara, urte batzuetan bertan jo gabe egon ondoren. Herritarrak pozik daude itzulera honengatik. Uztailaren 1ari amaiera emango die euren emanaldiak. Bestalde, Bad Sound System irundarra ere arituko da (ekainak 30).

Helduen danborradan ere aldaketa garrantzitsu bat izango da, ibilbide bakarra egon beharrean bi ardatz egongo baitira. Beste ekitaldi kuttuna izaten da sokamuturra, ekainaren 29an goizkeo 8.00etan izango dena, eta baita uztailak 1eko herri bazkaria ere. Bestalde, ekainaren 29an 22.30etan Deadru Beltzak taldeak bere "Su danborrak" ikuskizuna eskainiko du, eta hurrengo egunean 23.00etan su artifizialak botako dituzte; Olazar auzoa da horiek ondo ikusteko leku aproposena.

Txosnek ere euren egitarau gehigarria osatu dute, ekainaren 27an azken ostiraleko elkarretaratzearekin hasiko dena. Ondoren, txupinazo alternatiboa egingo dute. Txosnetako egitaraua arratsaldean hasi eta gauera arte luzatuko da egunero, eta musika izango du erdigunean.

Eskoriatzako jaietako informazioaren laguntzaileak: Eskoriatzako Udala, Fruteria Martin, Hemen Garbiketak, Ixkur Ileapaindegia, Leniz Garajea eta Ribegola Motors.


Lasarteko jaiak ekainak 26tik 30era ospatuko dira, beraz, jada martxan daude.  Haur txupinazioarekin eta ofizialarekin hasi ziren festak, non Las Chicas de Oro izan ziren protagonistak. Horiek omenduko dituzte ekainaren 29an, kultur etxean. Izan ere, 1964an ATC enpresako emakumeak elkartu eta saskibaloi talde bat sortu zuten. Herritarrek proposatu zuten taldea omendua izateko, dituen balioak goraipatzeko asmoz.

Udalak prestatutako egitarauan arratsaldeko zein gaueko kontzertuak nagusitzen dira, lau plazatan banatuta (Okendo, Isla, Jaizkibel eta Andatza): Merina Gris, Dupla, Kai Nakai, Kaotiko, Urtz edo La Basu izango dira bertan joko duten artistetako batzuk. Horrez gain, 2023an hain arrakastatsua izan zen "Hu-Ha! remember festa" egingo dute ekainaren 27an, 90ko musika gogora ekarriz.

Izan ere, herriko elkarteek egitaraua osatu dute euren ekarpenekin. Adibidez, ekainaren 29an kantu jira egongo da kaleak euskal abestiekin girotzeko, eta arratsaldea, sagardo dastaketa eta erromeria izango dira 18.00etatik aurrera, baita sardina jana ere. Buruhandi eta erraldoiak ere hainbatetan aterako dira kalera egun hauetan.

Lasarteko jaietako informazioaren laguntzaileak: Avenida Taberna eta O'Hara Taberna.

Ostiral honetan, ekainaren 27an, botako dute Orion San Pedro jaietako txupinazoa, jaiak egun bat aurreratuz. Hau da udalak eta festa-batzordeak hartutako erabakia, asteburuari zuku gehiago atera ahal izateko. Festak ekainaren 30era arte luzatuko dira.

Ohiko ekitaldiek lekua izango dute sanpedroetako egitarauan; esate baterako, jubilatuen hamaiketakoak, 3×3 futbol txapelketak, haur eta gazteen pilota-partidek edota heriotzarik gabeko arrantza txapelketak. Horiez gain, iazko arrakasta ikusita, bizikleta-igoera errepikatzea erabaki dute antolatzaileek.

Berritasunei dagokienez, badira pare bat: herri-kirol parte hartzaileak antolatu dira San Pedro eguneko (ekainak 29) eguerdi partea girotzeko. I. San Pedro Erronka 10-14 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat pentsatu da, ekainak 30erako, eta lagunarteko jolasekin ondo pasatzeaz gain, elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Ekainaren 28a Arrantzale eta Harrotasunaren Eguna izango denez, bi ospakizunak batzea erabaki dute. Egitarauarekin batera, Udalak txapa bat banatu zuen herrian "Arrantzale eta Harro" leloarekin, egun honetan soinean eramateko. Izan ere, Udalaren ikuspegitik, arrantzari eta itsas-kulturari lotutako herria da Orio, genero eta sentsibilitate guztientzat irekia izan nahi duena.

Orioko jaietako informazioaren laguntzailea: Kolontxiki jatetxea.

Trajea estreinatzen zuten lehen Zumaian euren jai nagusietan, nahiz eta egun ohitura hori galtzen ari den. Sanpedroak ekainaren 27an hasiko dira, eta 29an, egun handian, amaitu.

Herri mailako esku-pilota txapelketako finalak zabaltzen du egitaraua, txupinazoaren aurretik (18.00etan). Ondoren Jainekin txarangak eta Malko eta Gozategi taldeek musikaz beteko dute herria.

Ekainaren 28an kirol ekintzak izango dira: Emakumeen binakako pala txapelketaren finalak, herri kirolak eta Beteranoen estropadak. Haurrentzako jolasak eta musika ere ez dira faltako. San Pedro egunean itxiko dituzte festak, 23.00etan izango den su artifizialen ikuskizunarekin.

Zumaiako jaietako informazioaren laguntzailea: Zumaiako Udala.


San Martzialak

San Pedro eta San Martzial jaiak aurrera doaz Irunen. Pasa den astean hasi ziren eta uztailaren 1a arte luzatuko dira, beraz, azken asteburua dute aurretik.

Musikari dagokionez, Ladilla Rusak elektropop ukituko rumbak eskainiko ditu 27an, eta Judelin, Suso DJ eta Rico Rosa arituko dira ekainaren 28an. Bestalde, berriro ere, Gaztegunea gazteen topalekua izango da, ekainaren 26, 27 eta 28an. Kiliki, Fane edo Maria Escarmiento izango dira bertan jotzen.

Hiri osoa dantzan jartzeko, Jamaica Show Orkestra arituko da 28an, eta, jaiei amaiera emateko, ekainaren 30ean, astelehenarekin, bi diskofesta izango dira; haietako bat, hiriko gazteenentzat.

Egitarau oparoa eskainiko dute egun guztientzat. Adibidez, ekainaren 27an nerabeei zuzendutako ‘arroparen bigarren bizitza’ tailerra egongo da, eta helduentzat, berriz, Asier Kidam eta Eriz Magoaren magia-poteoa. 28an, harrotasunaren eguna dela eta, apar festa antolatu dute, eta 29an Lastargidunak gogoratzeko ekitaldia izango da Pagoki Emakume Elkartearen eskutik. Ekainaren 30ean San Martzial eguna denez, alardea egongo da ospakizun guztien erdigunean.

Iruneko jaietako informazioaren laguntzaileak: Argitrans, Atrezzo eta Faisan taberna.

Santa Isabelak

Sanpedroak alde batera utzita, Santa Isabelen unea iritsi da, zeintzuk Zumarragan jada martxan dauden eta uztailaren 2an amaituko diren. Ostiral honetan, ekainak 27an, herriko elkarteen arteko danborrada ospatuko da, eta Sukar taldearen dantzaldiarekin jarraituko du festak.

Ekainaren 28an mus eta xake txapelketak ospatuko dira, eta joko tradizionalen ildoari eutsiz, haurrentzako egurrezko jokoak ere izango dira Euskadi plazan. Arratsaldean, Zumarraga-Urretxuko dantza taldeek jaialdia prestatu dute eta gauerdian plazan Larrain dantza herrikoia egingo da.

Ekainaren 29ean La Salle ikastetxeko jolastokian egingo duten errekortadore txapelketak aipamena merezi du, baita hurrengo eguneko kuadrilentzako Gran Prix jolasek ere. Uztailaren 1ean haurrentzako ekitaldi ugari prestatu dituzte, tartean txutxu trena edo apar festa, eta arratsaldean herriko agintariak Antioko Amari bisita egingo diote, ohi den bezala.

Izan ere, uztailaren 2an izango da zumarragatar gehienen ospakizunik kuttunena, Antioko erromeria. Plazan hasita, txistulari bandarekin batera igotzen dira eta eliza aurrean Ezpata Dantza eskaintzen diote ama birginari, baita ohorezko aurreskua ere. Fedea gora behera, egun aparta izaten da zelaian lagunekin herri-bazkaria egiteko. Egun osoan zehar musika egongo da bertan (dultzaineroak, trikitilariak, txistulariak, errondaila), iluntzean herrira itzultzeko ordua iritsi arte.

Txosnagunean, gauean, kontzertuak antolatu dituzte ekainak 27tik uztailak 2ra.

Zumarragako jaietako informazioaren laguntzaileak: Carrocerias Urretxu, Eitza consulting, Entzun audifonoak, Iraeta tabakoak, Lanbroa belardenda, Prest lan bertikalak eta Tapiceria Guillermo.

Eta beranduen ospatuko diren jaiak Usurbilgo Santixabelak izango dira, ekainaren 30etik uztailaren 6era ospatuko direnak. Aurtengo txupinazoa Ziortza gazte elkarteak eta Zumarte musika eskolak botako dute, batera, uztailaren 1ean 19.00etan, nahiz eta aurreko egunean hasiko den egitaraua. Txupinazoaren ostean herriko buruhandi berriak aterako dira lehen aldiz, eta aurreratu ez duten ezusteko bat izango da.

Ziortzak zein Zumartek 40. urteurrena dute aurten, eta txupinazoa botatzea 40 urteotan egindako lanaren aitortza egiteko baliatu nahi izan du jai batzordeak. Uztailaren 2ko Soka-dantzako gonbidatuak ere haiek izango dira.

Jai batzordeak herritar guztiak kontutan hartu nahi izan ditu, eta horregatik, espresuki adinekoengan pentsatuz antolatutako ekitaldiez gain, erraztasunak ematen saiatu dira haiek ere festez gozatzeko aukera izan dezaten eta festen parte senti daitezen. Hala, festetako bertso saioa 19:00etan egingo da aurten ere, edo txutxu trenaren tarte bat espresuki gordeko da Eguneko Zentroko eta Eguneko Arretako erabiltzaileentzako. Bideo zaharren emanaldi berezi bat ere haiengan pentsatuz antolatu da: iaz izandako arrakasta ikusita, ‘1371-1971. Usurbil villa bezala izaten hasi zenetik 600 urte’ lana eta ‘Usurbilgo 1991ko Sagardo Eguna’ lana ikusteko aukera izango da. Bi emanaldi izango dira, 17:00etan eta 19:00etan, ekainaren 30an, eta bi lanak jarraian jarriko dira, Sutegiko auditoriumeko erosotasunean.

Kontzertuei dagokienez, estilo desberdineko hainbat talde arituko dira, frontoian zein txosnetan: Tapia eta Leturia, Janus Lester, Viafara, La Txama, Djak, Mexico Lindo mariatxia eta Laket, besteak beste. Txarangak eta elektrotxarangak ere izango dira, noski.

Ohiko ekitaldiek ere ez dute huts egingo: bertsio gaua eta karaokea izango dira txosnetan, baita gazte bazkaria eta paella lehiaketa ere. Urteroko bertso saioa eta jubilatuen bazkaria ere egingo dituzte. Kirolik ere ez da faltako: herri kirolak egingo dira, herritarrez osatutako bi talde lehian jarrita, pala txapelketa, toka, ginkana...

Usurbilgo jaietako informazioaren laguntzaileak: Usurbilgo Udala, Alkartasuna, Autocares Aizpurua, Bordatxo taberna, Aizpurua okindegia, Urtinea eta Patri jatetxea.