Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Txipiroiak eta marrazoak

Orain dela hiru urte, Hego Koreako telesail bat fenomeno bilakatu zen mundu osoan: ‘Squid Game’ (‘Txipiroiaren jokoa’). Arazo ekonomikoak dituzten ehunka pertsona modu bortitzean aurrez aurre jartzen dituen lehiaketa bat du oinarri. Milioika pertsonek jarraitu zuten seriea mundu osoan, eta historiako ikusienetako bat izan da plataforman. 

Arrakastaren arrazoia aztertzea oso zaila bada ere, gidoi zirraragarriak, pertsonaien garapen sakonak eta kritika sozial gordinak zerikusi handia izan zutela iruditzen zait. Baina, batez ere, gakoa tokian bertan dago: Hego Koreako errealitate sozial eta kulturalak dira telesailaren benetako oinarria. Horrela, tokiko arazo edo gertaera jakin batzuk munduko ikusle askorentzat esanguratsu bihurtu ziren. Elementu lokalak diren arren, ordezkatzen duten gatazka unibertsala da. 

Bigarren denboraldia, 2025eko hasieran iritsi zen eta ostiral honetan bertan helduko da hirugarrena. 

Lortu duen guztia itzela bada ere, telesail honi ahalik eta azkarren itxiera eman beharko litzaiokeela iruditzen zait. Bestela, «jumping the shark» (marrazoaren gainetik jauzi egitea) egiteko arriskua du, hau da, gehiegi luzatzearen arriskua. Kontzeptu hau 1977ko ‘Happy Days’ izeneko telesailetik dator: bertan, protagonistak ur-eskiekin marrazo baten gainetik salto egiten duen une zehatz bat dago. Ikusle askok, momentu horretatik aurrera, telesaila jarraitzeari utzi zioten, gertaera horrek ez zuela inolako zentzurik eta telesailak koherentzia galdu zuela argudiatuta. 

Beraz, telesail honen joko odoltsuak goratu ditugun arren, txipiroien eta marrazoen bideak bananduta jarrai dezatela espero dut.