
Nahikari Garciak ez du Athleticen jarraituko, Bilbon bi denboraldi osatu ostean. 2014ra arte Añorga KKEn aritu eta gero, 2014tik 2021era bitartean urnietarrak Realean jokatu zuen, eta 2021ean Real Madrilekin sinatu zuen.
Madrilen bi denboraldi osatu ondoren, 2023an, Athleticek fitxatu zuen aurrelari gipuzkoarra. Bi denboraldi hauetan orotara 61 partida jokatu ditu eta guztira 12 gol sartu ditu.
Athleticek «eskerrak eman nahi dizkio Nahikariri bere eguneroko profesionaltasunagatik, bere esfortzu eta dedikazioagatik». Talde bilbotarraren «alde» egin duen lanagatik «onena opa» dio klubak bere etorkizun pertsonal eta profesionalean, agurrekom oharrean esan duenez.
Ane Campos, Athleticen 2029ra arte
Ikusi egin behar zelai barruan zer-nolako maila ematen duen, baina badirudi Athleticek baduela dagoeneko Nahikari Garciaren ordezkoa. Izan ere, Ane Campos aurrelari getariarra fitxatu du. Astelehen honetan sinatu du, Jon Uriarte presidentea eta Xabier Arrieta kirol zuzendaria bearekin zirela, Getarian duela 26 urte sortutako aurrelaria talde zuri-gorriarekin 2029ko ekainaren 30era arte lotzen duen kontratua.
Azken sei urteak Eibarren eman eta gero eman du jauzi hau aurrelari gipuzkoarrak. Zumaiako FT Klubean eman zituen aurreneko urratsak Ane Camposek futbolaren munduan. Handik, Oiartzun KKEn bi denboraldi eman ostean, jokalari getariarra 2018an Realaren bigarren taldera iritsi zen, eta urtebete eman zuen bertan. Hurrengo urtean, SD Eibarren proiektura batu zen eta talde armaginarekin F Ligara igotzea ez ezik, 2020an maila gorenean debuta egitea lortu zuen.
Orotara 85 neurketa jokatu ditu Eibarren elastikoarekin. Pasa den denboraldian 13 partida baino ez jokatzetik dator Ane Campos Athleticera, orkatilako lesio batek denbora luzez geldirik izan duelako. Hala ere, 2024/25 sasoi honetan hiru gol egiteko gauza izan da gipuzkoarra.
Esan gabe doa Athleticeko jokalari berriak pozarren eman dituela bere aurreneko adierazpenak. «Oso pozik eta harro nago familia honetara batzeaz, Klub honetako kide izateaz. Jokalariekin entrenatzen hasteko gogoa dut, erreferenteak dira txikia nintzenetik, eta haiekin egon ahal izatea ilusio handia da niretzat. Badakit F Ligan urtez urte gauza asko lortu dituen klub handi batera natorrela, sekulakoa da. Daukadan guztia ematen saiatuko naiz, niretzat ametsa da hemen jokatzea», adierazi du Camposek.
Eibarren fitxaketa
Bestalde, Eibarrek Sara Martín madrildarra (2004) fitxatu du, Real Madrid B taldeko hegaleko aurreratu eta kapitaina izandakoa.
Sara Martín Real Madrid B taldeko jokalaria izan da 2020tik, 16 urterekin iritsi zenetik. 2020/21 denboraldian 1ª RFEFera igoera lortu zuen bere taldearekin. 2022ko martxoan, 18 urte besterik ez zuela, Real Madrideko lehen taldearekin debuta egin zuen.
Aurreko denboraldian 1ª RFEFen, aurrelariak lau gol eta lau asistentzia eman zituen bere taldearekin, zeinekin besokoa ere eramaten egon den azken boladan. Espainiako Selekzioarekin azpiko kategorietan parte hartu du ere.
Agur Olatz Santana atezainari
Realari dagokionez, talde donostiarra eta Olatz Santana akordio batera iritsi dira euren artean zuten 2025/26 denboraldira arteko kontratua bertan behera uzteko. Erabakia bi aldeak ados jarrita dira horretarako.
Hernaniko atezainak hainbat denboraldi egin zituen bigarren taldean 2022an lehenengo taldera batu baina lehen. Denbora honetan, F Liga, Kopa eta Emakumeen Txapeldunen Liga bezalako txapelketetan parte hartu du kolore txuri-urdinak defendatuz.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz
