Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Javier Lerga eseriko da Athleticen aulkian

Entrenatzaile nafarrak denboraldi baterako kontratua sinatu du. 19 urte azpiko Europako Txapelketa irabazi berri du espainiar selekzioarekin eta emakumezkoen futbolean esperientzia zabala duen Ruben Berroguik lagunduta helduko da.

Lerga Uriarterekin eta Arrietarekin Ibaiganen, bere kontratua sinatu ondoren.
Lerga Uriarterekin eta Arrietarekin Ibaiganen, bere kontratua sinatu ondoren. (Athletic Club)

Berrogei eguneko «sede vacante»-ren ostean, Athleticek badu entrenatzailea. Espainiar selekzioarekin 19 urtez azpiko Europako Txapelketa irabazi berri duen Javier Lergak David Aznarren lekukoa hartuko du. Denboraldi baterako sinatu du eta Lagunak Lehen Mailan zuzendu zuen Ruben Berroguik lagunduta helduko da.

Lergak (Iruñea, 1979) gizonezkoen futbolean eman zituen lehen urratsak. Peña Sporten zortzi urte eman ondoren Taxoarera joan eta Osasunako hainbat talderen ardura hartu zuen beste sei denboralditan. Orain dela lau urte Espaniako Federazioan sartu zen emakumezkoen futbolean lan egiten hasteko. Jorge Vildaren laguntzailea izan zen bere taldeak irabazi zuen Munduko Txapelketan, oinarrizko selekzioen koordinatzailea izan da eta azken denboraldi honetan 19 urtez azpiko selekzioaren hautatzailea izan da.

Beste iruindar bat helduko da Athleticera Lergarekin, Ruben Berrogui izango baita bere bigarren entrenatzailea. Berrogui (Iruñea, 1979) Lagunaken entrenatzailea izan zen Lehen Mailan eta Mulierren ardura ere hartu zuen. 2018an Osasunaren lehen taldeko analista bihurtu zen, Jagoba Arrasateren aginduetara, eta azken denboraldi honetan NK Celje esloveniarrean lan egin du Albert Rierarekin.

«Athleticen deia oso garrantzitsua, berezia, da eta aurrerapauso handia da nere ibilbidean –adierazi du Lergak–. Oso eskertuta nago hasiera-hasieratik erakutsi duen interesagatik eta egoera errespetuz tratatzeagatik, Europako Txapelketa amaitu arte itxaroten».

Entrenatzaile zurigorri berriaren esanetan, Athletic «emakumezkoen futbolaren aldeko apustu sendoa egiten duen kluba da, urte asko daramatza lan ona egiten, eta horrek bere fruituak ematen ditu. Jokalari asko ezagutzeko zortea dut eta badakit zer lan egiten ari den hemen. Klubaren ibilbideaz eta aurreko entrenatzaileen lanaz baliatzen saiatuko naiz, batez ere Iraiaren eta Daviden Lan bikainaz, aurrera egiten jarraitzen saiatzeko».

Lergak, azkenik, Athleticen «filosofia berezia» goraipatu du. «Oso identifikatuta sentitzen naiz berarekin. Asko sinisten dut jendearengan eta uste dut hori dela erakunde honen balio bereizgarria», gaineratu du.