
Usoa Ostolaza eta Ane Santesteban buru direla Laboral Kutxa-Euskadi taldeak Emakumeen Girora begirako taldea aurkeztu du astearte honetan. Taldeko buruen iritziz, multzo «orekatua» daramate hilaren 6tik 13ra luzatuko den lasterketa hau burutzeko.
Ostolaza eta Santestebanez gain, Naia Amondarain, Alice Arzuffi, Yuliia Biriukova, Arianna Fidanza eta Laura Tomasi izango dira lehiatuko diren zazpi txirrindulariak, Ion Lazkanoren zuzendaritzapean. Iaz, Ostolaza hamaseigarren postuan sailkatu zen.
Ion Lazkano Laboral Kutxa-Euskadi taldeko kirol arduradunak adierazi duenez, «talde benetan orekatua dugula pentsatzen dugu. Igotzaileen aldetik, Usoa, Ane, Alice eta Yuliia ditugu, laukote bikaina, eta beste aldetik, Arianna, Laura eta Naia ordekan eta talde lana oso ondo aritzen diren txirrindulariak dira. Alde horretatik, oso pozik gaude, konfiantza osoz».
«Protagonista izateko» helburu nagusia dutela gaineratu du, bestalde, «ihesaldietan eta esprintetan Lauraren –Tomasi– aukerarekin eta Ariannarekin –Fidanza– multzo murritzagoetan».
Aldiz, Lazkanoren hitzetan, sailkapen nagusiari begira, bereziki Ane Santestebanekin eta Usoa Ostolazarekin «ahalik eta urrutien iristea» litzateke helburua.
«Azken hiru etapak erabakigarriak izango direla ematen du gogortasunari begira. Bolada on honekin jarraitzea espero dugu eta Giroa bezalako eszenatoki batean gure maila berriro islatzea espero dugu», adierazi du.
Izan ere, Giroaren ibilbidea menditsua da, eta zortzi etapek 14.300 metroko desnibela pilatuko dute 916,5 kilometrotan. Valdobbiadene (laugarren etapa) eta Nerone (zazpigarrena) mendateko helmugak erabakigarriak izango dira, eta hasierako erlojupekoak lehen aldeak erakutsiko ditu.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
