
Bilboko EH Bilduko udal taldeak Etxegabetzeen Aurkako Udal Protokoloa berrikusteko prozesua abiatzea eskatu du. Maria del Rio koalizioko udal taldeko bozeramaileak eta Karlos Renedo zinegotziak ostiral honetan eskainitako prentsaurrekoan azaldu dutenez, prozesu horrek hainbat neurri hartzeko balio behar du, eta inplikatutako eragileekin batera egin behar da: etxebizitza sindikatuak, hirugarren sektoreko erakundeak, Udaleko hainbat sail, batez ere etxebizitza eta Gizarte Ekintza; eta udalbatza osatzen duten alderdi guztiak.
Salatu dutenez, Bilboko etxebizitzaren egoera «larria» da, eta gaur egun martxan dagoen protokoloa «jada ez da baliozkoa», hirian etxegabetzeak «neurriz kanpo ugaritu direlako». Del Riok zehaztu duenez, Hiriko Etxegabetzeei Aurre Egiteko Udal Zerbitzuak 2013an 21 eskaera erantzun zituen eta 2024an, ordea, 233. «Hazkunde horrek biztanleriaren geruza zabalagoei eragiten die gero eta baldintza sozioekonomiko desberdinagoekin», gaineratu du.
Ildo horretan, etxegabetutako pertsonen profilean eman den aldaketa aipatu du; izan ere, 2013an etxegabetze gehienak hipotekadunei ziren (14 hipotekadun eta zazpi alokairuan), eta 2024an gehienak alokairukoak ziren (233tik 210). Gainera, zehaztu duenez, datu horiek «ez dira Bilboko errealitatearen isla, udal zerbitzutik igaro diren etxegabetzeak baino ez baitituzte jasotzen».
Izan ere, ekainaren 9an bi haur dituen familia bat kaleratu zuten Zurbaranbarri auzoan; zaurgarritasun izaera aitortua zuen, baina epaitegiak ez zuen aintzat hartu. Antzeko egoera bizi zen ekainaren 27an, Alde Zaharreko etxe batean bizi ziren hiru seme-alaba adingabeko dituen familia etxetik bota zutenean. Uztailaren 7rako beste etxegabetze bat dago deituta San Frantzisko, eta AZET etxebizitza sindikatuak elkarretaratzea deitu du goizeko 08.00etan.
«Astero etxegabetzeak izaten dira Bilbon», nabarmendu du EH Bilduko zinegotziak, eta kasu askotan «isilak» direla gaineratu. «Alokairu erregimenean bizi diren familiak dira eta, etxetik botatzen dituztenean, beste etxebizitza batzuetara pasatzen dira, alokairuan, baina egoera prekarioagoan. Etxebizitza horiek familia desberdinek partekatzen dituzte, kontratuarekin edo kontraturik gabe, eta familia osoa gela bakarrean bizi da komunerako eta sukalde partekatutako aukerarekin. Horri deitzen zaio ‘txabolismo bertikala’», zehaztu du.
Testuinguru horretan, Del Riok adierazi du etxebizitza bat eskuratzeko zerrendak «gora egiten duela hilero, 29.607 pertsonak eskatzen baitute etxebizitza Bilbon, 23.000ak alokairu erregimenean». «Egoera horretan hirian ezarritako mafiak salatu behar ditugu, negozioa egiten dutenak kontraturik gabeko gelen azpierrentamenduaren bitartez edota egoera irregularrean dauden higiezinen lagapenaren bidez, aldez aurretik gehiegizko kopuruak kobratuta. Abusuzko praktika hori ohikoa da, eta administrazioak berak ezagutzen du», azpimarratu du.
Baliabide eskasak
Bestalde, Karlos Renedok adierazi du egoera konplexua dela eta kasuistika gero eta askotarikoa dela; beraz, «Udal Gobernuak gaur egun dituen baliabideak ez dira nahikoak egoera larri honi aurre egiteko». Horregatik, bere ustez, «premiazkoa da eskura ditugun tresnak berrikustea» eta, ildo horretan, EH Bilduk eskatu du etxegabetzeei aurre egiteko egungo udal protokoloa berrikustea, inplikatutako eragileen eskutik.
Azterketa horrek, Renedok azpimarratu duenez, hainbat helburu izan behar ditu: «Batetik, diagnostiko sakon bat egiteko balio behar digu, Bilbon bizi den errealitatearen argazki zehatza ezagutzeko helburuarekin», esan du. Halaber, azaldu duenez, «arazoa azkar detektatzeko mekanismoak hobetzeko; etxegabetze egoerak bizi dituzten pertsonei laguntzeko prozesuak berriro adosteko; eta kolektibo zaurgarriak eta, bereziki, adingabeak ardurapean dituzten familiak babesteko udalaren erantzuna ezartzeko balio behar du».
«Beharrezkoa da giza baliabideak eta bizitegi baliabideak planifikatzea, beharrezko aurrekontuaz hornitzea eta behar bezala dimentsionatzea»
Berrikuspen horren beste helburuetako bat da «koordinazioa hobetzea, alde batetik, Udaleko sailen artean, eta, bestetik, Udala eta gainerako eragileen artean, bereziki sindikatuak eta hirugarren sektoreko erakundeak». Baina, batez ere, Renedok nabarmendu duenez, «beharrezkoa da giza baliabideak eta bizitegi baliabideak planifikatzea, beharrezko aurrekontuaz hornitzea eta behar bezala dimentsionatzea; izan ere, une honetan, erabilitako dirua eta baliabideak ez dira nahikoak, eta bizitegi tipologiaren beharrak aldatu egin dira».
EH Bilduko udal taldeak gogoeta hori Udal Etxebizitzen organismoan hastea proposatuko du, indarrean dagoen protokoloa bertan onartu baitzen, baina Gizarte Ekintza sailera zein beste udal sail batzuetara eramateko asmoa dute.
«Jakin badakigu arazoa konplexua dela, horregatik, erantzukizuna eskatzen dugu. Gure aldetik, elkarlanerako prestutasuna eskaintzen dugu, guztion artean, problematika hau geldiarazteko beharrezkoak diren neurriak adosteko», amaitu du Renedok.

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa

Uno de los detenidos en Ordizia va a prisión y el otro queda libre

Hamarnaka eragile batu dira Hatortxu Rocken agur festara

Alertan de que Solaria ocupará miles de hectáreas en Araba para centros de datos a hiperescala
