
89 urterekin, eta saskibaloiari eta Euskal Herriari lotutako bizitza intentsu baten ostean, Xabier Añua entrenatzaile eta abokatua hil zen atzo. Saski Baskonia, KAS edo Aguilas taldeetan aritu zen, eta saskibaloiaz aparte, Herri Batasunaren sorreran edota Gasteizko Jazzaldia sortzeko lanean jardun zuen. Azken aldian bihotzetik makal ibili arren, azkeneraino irribarrea galdu gabe jarraitu zuen.
Lagun bat hil zaigu. «Zu gureetakoa zara», zioen, irribarrea ahoan, 2017ko Kopan elkarrizketa egiteko unean, eta ACB Ligan bezala Entrenatzaileen Elkarteak omenaldia egin osteko lasaitasun tarte batean. Elkarrizketa eskatu eta baietz esatea gutxi balitz bezala!
«Emozio gaindosian naukazue», esaten zigun hitzordu hartan. Nola ezin daiteke maite Xabier Añua bezalako pertsona bat? Euskara falta izan zitzaion bere bizitzari eredutzat nahiko genukeen euskal herritarra izateko, eta horrek penatzen zuen, baina osterantzean, mundu osoa bere gorputz txiki horren barruan kabitzen zen: gazte zein zahar, bertako zein atzerritar. Saskibaloia ardatz hartuta eta bizitzari zukua ateratzeko desira erabatekoarekin, kultura, politika, herrigintza eta belaunaldien arteko ulermena izan zituen beti helburutzat.
Abokatua eta Gasteizen pisu handia duen abizenaren jabea, Xabier nonahi eta noiznahi edonorekin hizketan ikustea ez zen harritzekoa. Berdin etxekoandre, politikari, Baskoniako kargudun edo ikasle; Xabier Añuak euskal gizartearen alde isilean zenbat lan egin duen berak bakarrik daki, ez delako geldi egotekoa izan. Bizitza publikotik erretiraturik eta bihotzeko arazoekin makalik zegoela ere, bizikletaz pasioan behin baino sarriago aurkitu dute gasteiztarrek bertan jaio, hazi eta hil den semea. Gasteizko hiriak eman zion Urrezko Zeledon hura zatekeen gutxieneko ordaina. Hori eta 1984/85 denboraldian Saski Baskoniarekin lortu zuen Copa Asociacion delakoa -«nire kirol bizitzan irabazi dudan trofeo bakarra»-, bere bihotzean iltzaturik geratuko ziren.
Bihotza. Bihotzak nahikoa zela esan arte izan zen saskibaloiko entrenatzaile, eta han ere Euskal Herria izan zuen bere etxea, eta Madrilgo botere zentralista, berriz, etsai amorratua. «Real Madrilek Espainiako selekzioko jokalari guztiak zituen eta merkatuan zeuden amerikarrik onenak zituen beti aukeran. Nola irabaziko genion ba guk? Baina hortxe genbiltzan, Baskoniarekin edo Bartzelonan, izorratzen!», esaten zuen behin baino sarriagotan, algara batean.
KAS taldeko entrenatzaile izan zen eta 1968 eta 1972 bitartean Bartzelona entrenatu zuen. Bertan, galtza motzak jantzita, Aito Garcia Reneses izeneko antolatzaile bizi bat izan zuen bere aginduetara. «Jokalari zelarik, nik baino askoz gehiago zekiela bistakoa zen. Han entrenatzaile bat bazegoela», zioen. Horrez gain, Bilboko Aguilas taldeak aurrera egin zezan ere lan egin zuen, bertan entrenatzaile izanik eta gerora Baskonian izen handia izan duen Pepe Laso berarekin eramanez.
BIDAIARIA ETA KONPROMETITUA
Nola izan liteke horren gasteiztarra eta horren mundutarra? Egun «munduko hiritar» dioten hainbatek ez lukete ulertuko Xabier Añuaren ibilia. 1966. urtearen inguruan New York Knicks taldearentzat lan egiteari ekin zion. Horrez gain, NCAAko entrenatzaileekin harremana lotu zuen AEBetan egiten zen saskibaloia Atlantikoaz bestalde egiten zenera apur bat hurbiltzeko.
«Garai haiek beroak izan ziren. Egun batean, hainbat jokalarik eurekin bazkaltzeko gonbita egin zidaten, Harlem auzoan. Halako batean, sekulako eztandak eta suteak sumatu eta ikusi genituen. Martin Luther King erail zuten, eta ni Harlemen nengoen. Zuri potoko bat bi metroko beltzez inguratua. Autoan gordeta eraman ninduten hotelera, arazoak saiheste aldera. Drama handia izan zen, kolpe ikaragarria AEBetako beltzentzat», oroitzen zuen, Andoni Urbistondo kazetariari Gaur8 gehigarrirako eskainitako elkarrizketan.
Urtebete eman zuen New Yorken, diru askorik gabe baina ahal izan zuen beste ikasten, eta era berean, bere gizatasunarekin NBAko jokalariak harritzen. Izan ere, Gasteizko Jazzaldiaren sustatzaile izan baitzen ordurako, nahiz eta Iñaki bere anaia izan benetan jazzaldi hura zuzentzen zuena.
Xabier Añuak izarren «cicerone» lanetan egin zuen bidea. Esaterako, Knicks-eko jokalariez inguraturik, Dizzy Gillespie tronpeta jole handiak Xabier ezagutu zuen beste inor baino lehen, jokalari amerikarren harridurarako.
Bartzelonan hasi zen lanean 1968an, eta Ligako txapeldunorde izatera eraman zuen talde blaugrana. Askatuak taldetik Shegun Azpiazu erraldoia ekarri zuen, eta Aito Garcia Reneses Estudiantes taldetik, baina taldeari goranzko bultzada Norman Carmichael ekarrita ematea lortu zuen, eta «gorantz ari ginela kanpoan geratu nintzen, Ranko Zeravica handia fitxatu zuelako Bartzelonak», zioen Añuak, algara batean. Tartean, apropos zapata kantxara bota izana epaileek partida gelditzeko, eta beste mila pasadizo.
«Bat, bi, hiru! Apurtu!». Horra Bilboko Aguilas taldearen garrasia, Bartzelonatik itzuli ostekoa. Garai hartakoak dira Gasteiztik Bilbora alde egin zuen KAS eta Aguilasen arteko zein Jose Luis Sanchez Erauskin «Santxon»-ek sortu zuen Saski Baskoniaren aurkako lehiak. Bartzelonatik Bilbora ezkonduta iritsi zen, bestalde; Norman Carmichael fitxatzeko lanetan ezagutu baitzuen bere emazte izango zena.
Estatu frantsesean Antibes taldeko entrenatzaile ere izan zen 1973tik 1975era, eta Sarajevoko Bosnaren aurka itxi zuen etapa hura. «21 puntugatik irabazi genien joaneko partida, eta 22gatik galdu gero. Belgradetik Sarajevora trenez joan ginen eta, ohatzean lo egin ahal izateko, Jean Bonato jokalariari leihotik sartzeko eskatu behar izan nion. Cachemire, nire jokalaria, etorri zitzaidan partida jokatu aurretik, Bosnako izarra berak defendatuko zuela esanez: ‘Bat ere ez du sartuko!’, esan zidan. 60 saskiratu zizkigun Delibasic handiak. Hantxe amaitu zen Korac Kopan eta nire Antibeseko bidea», zioen.
Bihotzak lehen abisua eman eta 1984an Baskoniara itzuli arte kantxetatik at ibili zen. Hori bai, 1973an Entrenatzaileen Elkartea sortzeko lanean aritu zen, eta 2017an bere lanagatik saria jaso zuen.
EPILOGO LUZEA
Horren ostean, Herri Batasunaren lehen Mahai Nazionaleko kidea izan zen. «Jende ezagun asko zegoen. Jose Angel Iribar atezain ezaguna, Telesforo Monzon, ‘Ortzi’ Letamendia, Jon Idigoras… Mundua aldatu egiten da, alderdi politikoak eta jendea ere bai, baina lagunak izan nituen garai hartan, eta harro nago», zioen Gaur8ko elkarrizketan.
Pablo Laso eta Ibon Navarrorekin izan zuen bere azken lotura saskibaloiarekin. 1984an, 16 urte baino ez zituen Pablo Lasori ACB jaioberri hartan debuta egiteko modua aurkitu zion. «Pablitok» beti eskertu du Añuaren ausardia.
Ibon Navarrori ingeniaritza kimikora itzultzeko gomendatu ziola ere gogoratzen zuen, azken honek Unicajarekin kontratua sinatu eta arrakasta lortu bezperan. «Ez zidan jaramonik egin, eta hobeto joan zaio», zioen, algara batean.
Saski Baskoniak, Bilbao Basketek eta euskal saskibaloiaren familiak beren dolumina azaldu zuten Xabier Añua zendu zelarik. Izan ere, lagun eta maisu bat joan zaigu.

Repulsa multitudinaria tras la agresión sexual del viernes en sanfermines

Llueve sobre mojado en Rioja Alavesa: «Hay gran desolación y desánimo entre los viticultores»

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa

Denuncia contra el Ayuntamiento de Donostia por la vía de acceso al chalet de Xabi Alonso
