
Zamudion egoitza izango duen enpresa-proiektu berria Mondragon taldeko kooperatiben artean negozio berriak sustatzeko estrategia korporatiboaren testuinguruan kokatzen da. Zuzendari nagusia Aurelio Gonzalez izango da, Mondragon Taldean automozioaren sektoreko hainbat enpresatako zuzendari izandakoa.
Fagor Ederlanek Mondragon Taldeko beste hainbat kooperatibarekin elkarlanean sortutako proiektua mugikortasun elektrikoaren arloan kokatzen da. Izan ere, mugikortasun elektrikoa garapen handia izaten ari da azken urteotan eta, automobilarenaz gain, beste sektore askotara zabaltzen ari da: trenbideko eta itsasoko garraioa, autobus elektrikoak, nekazaritzako makineria, karga-estazio mugikorrak, ibilgailu komertzial arinak eta off-road ibilgailuak, bai eta aplikazio industrialak ere.
NMC ETA LFP BATERIAK
Sektore horien beharrei eta estandar gorenei erantzuteko helburuarekin sortu da Fagor Ederbatt proiektua. NMC (nikel-manganeso-kobaltoa) baterien hiru erreferentzia eta litiozko ioien bateriak merkaturatuko ditu, betiere merkatuan dauden mugikortasun-aplikazio gehienen beharrei erantzuteko xedearekin.
NMC serieko bateriek 35 kWh-ko energia-kapazitatea dute eta 133 milimetroko lodiera trinkoa. Aplikazio eta ibilgailu desberdinetarako instalazio-aukera moldakorrak eskaintzen ditu, integrazio horizontala edo bertikala ahalbidetuz. Bateria horiek hozte-sistema likidoz hornituta daude, eta horrek aplikazio profesionalen estandar altuenak betetzen dituztela bermatzen du.
NMC teknologian oinarritutako erreferentziez gain, aurten bertan LFP (litio-ferrofosfatoa) bateria berri bat merkaturatuko du eta, horretaz gain, egoera solidoko baterietan oinarrituta 2024an hasitako garapen teknologikoekin jarraituko du.
LFP kimikan oinarritutako bateriek 42 kWh-ko energia kapazitatea dute eta seriean konekta daitezke, aplikazio bakoitzerako behar diren tentsioa eta energia eskainiz.
Jasangarriagoak dira eta bizitza erabilgarri handiagoa dute, baita segurtasun handiagoa eta errendimendu fidagarriagoa ere edozein ibilgailu edo aplikaziorentzat.
Azkenik, egoera solidoko bateriak ohiko baterien alternatiba gisa aurkezten dira; izan ere, ibilgailu elektrikoentzako autonomia handiagoa, dentsitate energetiko handiagoa, segurtasun handiagoa, bizitza erabilgarri luzeagoa eta karga azkarragoa eskaintzen dute. Elektrodoen artean ioiak garraiatzeko elektrolito likidoaren ordez solidoa erabiltzen du.
«IRTENBIDE AURRERATUAK»
Ricardo Valoria, Fagor Ederbatteko zuzendari komertzialaren hitzetan, proiektu berriak «garraio garbiagoa, eraginkorragoa eta iraunkorragoa bultzatzen duten irtenbide aurreratuak garatzeko konpromisoa berresten du».
«Bateriak mugikortasun elektrikoaren bihotza dira -gaineratu du Valoriak- eta Fagor Ederbattetik, paradigma berri horretarako trantsizioan funtsezko eragile izan nahi dugu, merkatuko estandar zorrotzenak betetzen dituzten prestazio handiko bateriak garatuz eta merkaturatuz».
«Gure ekarpena nabarmena da: bateria arinagoak, bolumen txikiagokoak eta eraginkortasun energetiko handikoak, autobus elektrikoetan, trenetan, karga-sistema mugikorretan eta portu-instalazioetan txertatuak, garraioa elektrifikatzeko beharrari benetako irtenbidea emateko».
LANKIDETZA PROIEKTUA
Operazio berri hau ekintzailetza-gaitasunak aktibatzeko eta kooperatiben artean negozio berriak sustatzeko estrategia korporatiboaren testuinguruan kokatzen da.
Izan ere, proiektu honetan, Fagor Ederlanek eta Mondragonek ez ezik, Orkli, Mondragon Assembly eta Ikerlan kooperatibek ere parte hartzen dute, baita SPRIk ere (Ezten Arrisku Kapitaleko Funtsaren bidez).
Mondragon Ventures-en negozio berrien sustatzaile eta Fagor Ederbatten Administrazio Kontseiluko kide Julian Gallardok interesgarritzat jo du ekimen honetan parte hartzea, bi ikuspegitatik. Batetik, «mugikortasun elektrikoaren esparruan enpresa berrien sorrera bultzatzen duelako balio erantsi diferentzialarekin, abiarazitako produktuen prestazioen eta funtzionaltasunaren ikuspuntutik».
Eta, bestetik, «Mondragoneko kooperatibei laguntzen dielako, apustu fidagarriak eginez egungo negozioetatik beste interes arlo batzuetara dibertsifikatzeko, Fagor Edebattek egin duen moduan».

Repulsa multitudinaria tras la agresión sexual del viernes en sanfermines

Llueve sobre mojado en Rioja Alavesa: «Hay gran desolación y desánimo entre los viticultores»

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa

Denuncia contra el Ayuntamiento de Donostia por la vía de acceso al chalet de Xabi Alonso
