Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Van der Poelek bigarren etapa eta maillot horia bereganatu ditu, Pogaçar gaindituta

Mathieu Van der Poel da Tourreko lider berria, bigarren etapa irabazi ostean. Amaiera oso gorabeheratsua izan du gaurko egunak eta herbereetarra izan da indartsuena goraka egin duten azken esprintean. Tadej Pogaçar izan da bigarren eta Jonas Vingegaard hirugarren. 

Mathieu Van der Poel, garaile bigarren etapan.
Mathieu Van der Poel, garaile bigarren etapan. (David PINTENS | AFP)

Alpecinek liderraren maillota mantendu du. Baina jabea aldatuz. Mathieu Van der Poelek atzo bideraketa lan bikaina egin zion Jasper Philipsen esprinterrari eta, igande honetan, berarantzat oso aproposa zen ibilbidean, indartsuena izan da gora egiten zuen azken esprintean zentimetro gutxi batzuei esker Tadej Pogaçar garaituz.

Esana zuen, azken urteetako Tour traketsen ostean, aurten irudi ona eman nahi zuela, prestaketa serioa egina zuela. Esan eta egin. Eta honelako maila duzunean, lana ongi egiten baduzu, laster iristen dira emaitzak.

Tourreko bigarren etapa Lauwin-Planquetik abiatu da Boulogne-sur-Mer helmugara iristeko 209 kilometro egin ondoren, edizioko etaparik luzeenean. Profilak ez zuen engainatzen. Igoera eta jaitsiera ugari, bata bestearen atzetik. Puntuak pilatzekoak soilik hiru: hirugarren mailako bi eta laugarren mailako beste bat. Baina ongi adierazten zuten igande honetakoa ez zela esprinter garbienentzako jardunaldirik aproposena.

Yevgeniy Fedorov, Brent Van Moer, Andreas Leknessund eta Bruno Armirail, azken hau bigarren egunez jarraian, eguneko ihesaldian izan dira protagonista. Tropelak, atzo bezala, ez du ezer oparitu. Intermarche taldeak hartu du ardura, Biniam Girmayk malda horiek gainditzeko dituen aukerez fidatuta, eta berak erakutsi du asmo gehien aurrekoak beti gertu mantentzeko. Nahiz eta ostera aukerarik ez duen izan.

Tentsioak hainbat erorketa eragin ditu etapako tarte ezberdinetan, lasterketa honen lehen astean urtez urte bizi den tentsioaren ondorioz. 180 txirrindulari inguru daude eta ia denek egon nahi dute aurrean. Baina errepidean ez dago guztientzako tokirik.

Helmugatik 30 kilometrora handitu da abiadura lehen aldiz. Tadej Pogaçarrek eta Jonas Vingegaardek taldekideak jarri dituzte lanean, eta ez edozein. Lehenbizi Wout Van Aert izan da eta Tim Wellensek eman dio erreleboa. 35 bat lagunek baino ez diote eutsi. Baina tartea zegoen oraindik helmugaraino eta moteldu beharrean izan dira, atzetik, ostera ere, lagun ugari sartuz.

10 kilometroren faltan beste igoera gogor bat zuten. Kilometro bat baino ez, baina %9,5eko penditzarekin. Borrroka handia izan da tropelean bertara ongi kokatua sartzeko. Nahastea eta hanketako min handia. Groupamak eta Vismak erritmo handia jarri dute eta segituan nabarmendu dira munduko txirrindulari onenak: Pogaçar, Vingegaard, Evenepoel, Van der Poel, Jorgenson eta Gregoire. Tarte handirik ez, eta beste asko iritsi dira berriz ere aurreko taldera. Dena den, baina lehen abisu bat.

Bigarren igoeran, beste hainbeste, eta jaitsieran Vingegaardek berak probatu du, baina Evenepoelek eta Pogaçarrek ez diote metro bakar bat ere oparitu. Kevin Vauquelin izan da, guztien artean, saiakera gehien egin dituena. Eta halako batean, metro batzuk lortu ditu Jorgenson eta Joe Blackmorekin batera. Baina inor ez zegoen konforme atzetik eta oraindik igoera bat zuten aurretik, zeinetan helmuga topatu behar zuten. 

Pogaçarrek bere ibilbide profesionaleko 100. garaipena nahi zuen eta lanean jarri ditu Jonathan Narvaez eta Joao Almeida taldekideak, saiakera hau eta Florian Lipowitzena ere ezer ezean utziz. Honela iritsi dira azken metroetara, bertan Van der Poelek hartu du burua, esprinta bideratzeko ardura. Pogaçar saiatu da eta gurpila gerturatu dio Alpecineko txirrindulariari, baina ez da nahikoa izan eta herbereetakoak altxa ditu besoak helmugan.

Lider berria da Van der Poel. Eta Pogaçarren 100. garaipenak itxoin beharko du.