«Entseatuz gero, agian forma hartuta sar zaitezke bafleetan, baina dena bat-batekoa izan zen»
Nola kontatu berrogei urte atzera gertatutako zerbait? Nola gurutzatu memoriaren angelu itsuak? Nola ikasi ikusi gabeko gertakari baten inguruan? Nola gerturatu epikara eremu lurtar batetik?
Lau hamarkada joan dira Iñaki Pikabeak eta Joseba Sarrionandiak Martuteneko espetxetik ihes egin zutenetik. Data gogoangarria da eta urteurrena, borobila. Sanferminak dira, 1985ean bezalatsu, baina egungo egoerak ez du garaikoaren antz handirik. Halere, denboran atzera egitea ariketa ezinbestekoa izaten da maiz, ikuspuntu desberdinak ezagutu eta distantziak eskaintzen duen marjina horren gainean nabigazio berri bat egiteko.
“Pitti”-rekin egindako elkarrizketa abiapuntu bat da.
Kontatuko diguzu nola gogoratzen duzun 1985eko egun hura?
(Hasperenka hasi da). Ez da erraza egun hura kontatzea. Egun hura, eta aurrekoak batez ere, zeren eta egun hartan ezinezkoa zen aurreikustea nola joango zen dena. Aurreko egunak argiago gogoratzen ditut, kezka handiz bizi izan nituen, ez baikenekien nolakoak izango ziren bafleak. Ez nuen imajinatzen nolakoak izan zitezkeen. Ez nuen imajinatzen nire burua bafle baten barruan. Gogoratzen dut egun hartan etorri zirela gu ikustera gurekin egondako preso donostiar batzuk.
Egun hartan bertan?
Bai. Hor kontua zen guk, parte hartu behar genuenok, ez genuela izan behar bisitarik. Horretarako, familiari aitzakiaren bat jarri zitzaion.
Jakin dugunez, zuen familiei esan zitzaien lagunak joango zirela bisitan eta, alderantziz, zuen lagunei esan zitzaien familia joango zela.
Bai, hori da. Hala eta guztiz ere, ustekabean, gurekin Sorian egondako bi preso ohi etorri ziren.
Beraz, ihes egin behar zenuten biek izan zenuten egun hartan bisita.
Hori da. Eta horrek are gehiago urduritu gintuen. Bestalde, nola joango zen dena, hori ez zen aldez aurretik oso neurtua izan.
Ekainean eraman zintuzten, ezta?
Bai, hilabete edo egingo nuen Martutenen, asko jota.
Eta hara iristean, zer aurkitu zenuen? Nola iritsi zen proposamena?
Bitxia izan zen. Zuzendariak deitu ninduen, Juan Carlos Mesasek, eta ohartarazi zidan aitaren osasun egoeragatik nengoela Martutenen, baina ez nintzela iritsi han geratzeko. «Ez, ez, badakit», esan nion. Sarrirekin batera beste preso bat zen joatekoa. Berez, leku hori ez zen niretzat.
Beste preso batek egin behar zuen ihes Sarrionandiarekin batera, baina espetxez aldatu zuten eta horregatik geratu zen leku bat ‘libre’.
Hori da. ‘X’ bat jarri genuen paper batzuen artean eta zozketa egin genuen. Niri egokitu zitzaidan. Hortik aurrera ardura handia sentitu nuen, eta ez zen txantxetakoa. Ideia horren berri izan banu bi hilabete lehenago, agian buruari buelta gehiago emango nizkion. Baina hain epe motzean izan zenez, ez nuen pentsatu ere egin. Prozesu guztia oso azkar joan zen.
Kondenarik handiena zenuten presoen artean egin zenuten zozketa, ezta?
Bai, horixe. Urtebetekoa edo hiru urtekoa zutenak ez ziren zozketan sartu.
Nola gogoratzen duzu une hura. Bisitatik irten eta gero, zer?
Oso kezkatua nengoen. Imanolen kontzertua ere bazegoen eta itxura egin behar genuen. Baina iritsi ginen azkenean Sarri eta biok. Noizbait irakurri izan ditut Imanolen inguruko kontuak, eta berak horretan guztian ez zeukan zerikusirik, ez eta materialarekin ere.
Artxiboetan aurkitutako informazioetan esaten da Imanolek soilik gitarra eraman zuela kontzertura.
Ez, ez. Hori gu ginen, gitarra batekin.
Nola zuek «gitarra batekin»?
Prentsan esaten dute Imanolen bafleetan atera ginela, baina hori ez da egia. Bafle horiek espreski hustu ziren gutako birentzat. Chapeau, lan hori egin zutenengatik. Guretzat inportanteena zen Imanol ez ohartzea eta lehenbailehen alde egitea. Guk lagundu genion teknikariari kableekin eta montajea egiten. Eta joaterakoan berdin, ahalik eta azkarren jaso genuen dena. Eta hantxe, zoko itsu batean, hantxe sartu ginen.
Behin barruan, ez nuen ezer ikusten. Entzumena ondo mantentzen nuen. Nork igo ninduen ez dakit, baina martxan hasi zenean, baziren kontrol moduko batzuk eta entzuten nituen ahotsak. Geldialdi batean atea ere ireki zuten. Imajinatu: furgoneta bat hutsik, txoferraren kontra bi bafle, eta gainean gitarra bat. Ez zegoen besterik. Hura zen azken kontrola, eta behin kanpoan ginela, nabaritu genuen furgonetaren abiada handitzen ari zela. Kanpoan geunden!
Eta handik Egiara.
Bai, handik Egiara. Bafleetatik atera ginen erdi erorita, konikoak baitziren. Kolperen bat ere hartu nuen.
Konikoak ziren bafleak?
Bai, konikoak ziren.
Eta zein aldetatik sartu zineten bafleetan?
Goitik, zuzen. Egun batetik bestera kontortsionista bilakatu ginen biok. Entseatuz gero, agian forma hartuta sar zaitezke, baina dena bat-batekoa izan zen.
Eta hantxe egon ginen, Egiako etxe hartan. Furgonetak salatzen zuen nola ihes egin genuen. Beste norbaitek hartu izan balu furgoneta hura eta desagerrarazi izan balu, inork ez zuen jakingo nola ihes egin genuen.
«Behin barruan, ez nuen ezer ikusten. Entzumena ondo mantentzen nuen. Baziren kontrol moduko batzuk eta entzuten nituen ahotsak. Geldialdi batean atea ere ireki zuten. Imajinatu: furgoneta bat hutsik, txoferraren kontra bi bafle, eta gainean gitarra bat»
Egiako etxean denbora luzez egon zineten, ezta?
Denbora luzez egon ginen, gauzak prestatzen ziren bitartean.
Akordatzen zara zenbat denboraz?
Bizpahiru hilabetez. Etxe hartakoek neska txiki bat zuten. Txikia zen, eta gurekin ikasi zuen oinez. Ez dut geroztik ikusi.
Egun haiek nola pasatu zenituzten?
Kezkaz. Beldurrez ez, baina kezkaz, bai. Espetxean normalean ez genuen telebista ikusten; irakurri egiten genuen gehientsuenetan. 1979. urtean atxilotu ninduten eta ia sei urte egin nituen telebista ikusi gabe. Eta etxe hartan, aldiz, telebista ikusten genuen, eta bada anekdota bat asko harritu ninduena. Ikusi nituen, lehen aldiz, bi beltz euskaraz hitz egiten. «Aiba la hostia!» (barrez hasi da). Oso arraroa egin zitzaidan. Eta, bestetik, ‘El coche fantastico’ emititzen zuten garai hartan eta, pertsiana guztiak itxita, isil-isilik, bolumena baxu jarrita ikusten genuen.
EiTBko saio bat egin genuen duela urte batzuk eta etxe hartan sartu nintzen berriro. Ez nintzen ia ezertaz gogoratzen. Pentsa: Kontxa ere ikusten zen! Ez genuen ideiarik ere non geunden.
Eta handik, Ipar Euskal Herrira?
Bai. Denboralditxo bat eman genuen elkarrekin, baina gero bakoitzak bere bidea hartu zuen; bestela, biok batera harrapatzeko arriskua ere handiagoa izango zen. Berak bere hautua egin zuen. Nik ez nekien gerora bera Kuban zegoenik. Niri ere eskaini zidaten Latinoamerikara joateko aukera, baina ez nuen nire burua han ikusten.
Eta, halako batean, bi urte geroago, sorpresa. Oso ustekabekoa izan zen atxiloketa. ‘Egin’ irakurtzen ari nintzen etxe hartan eta ikusi nuen, 30 metrora edo, betaurreko batzuen isla. Ez nekien zer zen. Zer ikusi nuen esatera igo nintzen eta, berehala, «Police!». Erabat inguratua zegoen etxe hura. Etxearen atzealdean zegoen leiho batetik egin nuen jauzi eta sastraka batzuetara erori nintzen. «Levez-vous! Levez-vous!», esaten zidaten poliziek. Pistola ere jarri zidaten. «Esto es la guerra», esan zidan batek, ez dakit espainola edo frantsesa zen. Handik Baionako polizia-etxera. Atestatua egin zuten, eta sinatzeko eskatu zidaten. Ezetz esan nien. Bada lege unibertsal bat, abokatuaren aurrean deklaratzeko eskubidea onartzen duena. Ez nuen batere sinatu, behin baino gehiagotan saiatu ziren arren.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

La jueza decreta el sobreseimiento de la causa por el pelotazo a Xuhar Pazos





