Ariane Kamio
7k-ko editorea eta edukien erredakzio burua / editora de 7k y jefa de redacción de contenidos

Inork gogoratzen al du Martutenen uztailaren 7an egin zen irratsaioa?

1985eko uztailaren 7an, zuzeneko irratsaio bat egin zen Martutenen. Imanol Larzabalen kontzertuaren ondoren egin zen, 13:00ak inguruan. Kortatuk bere kantuan bildu zuen gertaera eta, hari desberdinei tiraka aritu ostean, hainbat aztarna eta erantzun bera bildu dira: «Gu ez ginen han izan».

Irratsaioa zuzenean eman zen Martuteneko espetxetik 13:00ak inguruan.
Irratsaioa zuzenean eman zen Martuteneko espetxetik 13:00ak inguruan. (Markus SPISKE | UNSPLASH)

Martuteneko ihesak ikuspuntu poliedriko bat du, zalantzarik gabe. Baziren bafleetatik irten zirenak, bazen kontzertu bat eskaini zuen musikari bat, baziren emanaldi hartaz gozatu zuten gizon eta emakumeak eta baziren egun hartan Martutenera bisitan joan zirenak. Baina badira goiz hartan murru horiek zeharkatu zituzten pertsona gehiago ere.

Egin errepasoa Kortaturen kantuari eta atera ‘Sarri, Sarri’ horretatik. Bigarren estrofan aipatzen da: ‘Irratikoak han ziren emititzen zuzenean / Paella jango zutela / Eta Piti eta Sarri bere muturretan / Saltzan zeudela konturatu gabeak’. 1985eko uztailaren 7an zuzeneko irrati programa bat egin zen Martuteneko espetxetik. 13:00ak inguruan hasi zen, ‘Discos dedicados’ zeraman izenburu eta espetxeko jangelan gauzatu zen. Baina zein irratik antolatu zuen emisio hura eta nortzuk egon ziren bertan?

Peskiza lanak hilabete dezente atzera hasi ziren, kuriositate bat ia obsesio bihurtzera eraman duen bidea abiatuz. Logikaz, bertako irrati bat izan zitekeen. Herri Irratia, Radio San Sebastian, Euskadi Irratia... Baina inork ez du halakorik gertatu zenik gogoratzen: ‘Gu ez ginen han izan’ izan da erantzunik errepikatuena garaiko arduradun eta esatariekin kontsultak egin ostean. Oñatiko artxibo historikora jo eta arrastorik ez; Lazkaokoan galdetu, eta ezertxo ere ez (doakie lerrootan esker ona artxibo horietako langileei).

Bi gonbidatu

Nork antolatu zuen, orduan, irratsaio bat udako igande batez Martuteneko espetxean? Egoera kontestuan jartzearren, zertzelada pare bat: 80ko hamarkadan, heroinak gogor astindu zuen Euskal Herria eta espetxeetan ere ehunka ziren drogaren menpeko ziren presoak. Gatazka armatuak ere une aski gogorrak bizi zituen eta, orokorrean, ez zen egoera samurra kartzela barruetan bizi zena.

Nolanahi ere, ohikoak ziren hamarkada hartan publikoarekin interakzioa bilatzen zuten irrati saioak, hala nola, ‘Discos dedicados’ izenburua zeramaten hainbat egiten ziren Estatu osoan garai hartan. Eta izenburu berbera zeramana egin zen 1985eko uztailaren 7an Martuteneko kartzelan ere.

Goizeko 11:00etan eman zuen kontzertua Imanol Larzabalek eta, horren ondotik, Sarrionandia eta Pikabeak ihes egin eta gero (baina espetxeko arduradunak ihesaldiaren jakitun ez zirela), 13:00etan egin zen irratsaioa kartzelako jangelatik. Irratsaioaren berri, aipatu bezala, Kortaturen kantuan ematen da, baina zehaztapen gehiago atzo 7Kn elkarrizketatutako Martuteneko kartzelako zuzendari zen Juan Carlos Mesasek eskaini ditu. Nork antolatu zuen irratsaioa?: «Ez dakit, dakidan bakarra da ‘irratia’ hitza (euskaraz dio) entzuten nuela etengabe».

Bere arabera, bi gonbidatu nagusi egon ziren irratsaio hartan, garaian Estatuan ezagunak ziren bi aktore. Batetik, Emilio Laguna (95 urte ditu egun eta erretiroa hartuta bizi da) eta, bestetik, Maximo Valverde. Haiekin kontaktua ezartzea ez da lan erraza izan, batez ere lehenengoarekin, baina ikerketarekin jarraitzeko ezinbestekoa izan da haiengana jotzea. Nolanahi ere, erantzuna ez da esperotakoa izan. Aktore sevillarraren arabera, berak ez zuen irratsaio hartan parte hartu eta Emilio Laguna ere ez omen da akordatzen.

Tokiko irrati kateen aukera deskartera eramanda, litekeena da Estatutik antolatutako saio bat izatea. Tamalez, 40 urte igaro dira irratsaio hura egin zenetik, eta ezer gutxi gordetzen da artxiboetan. RTVEk apenas gordetzen du materialik, eta bilaketetan ez dago dataren eta programaren arteko kointzidentziarik. SER kateak apenas gordetzen ditu garaiko zintak; txiripaz geratu omen zen grabatua 23-Fko Estatu kolpea.

Jakina dena da –eta frogatu ahal izan dugun datu bakanetakoa–, hurrengo egunean Manolo Ferreras esatariak (‘Tiempos Modernos’ irratsaio musikala gidatzen zuen orduan Radio 3 irrati katean), Imanol Larzabal elkarrizketatu zuela ihesaldiaren biharamunean, goizean goiz, polizia-etxean bere burua aurkeztu aurretik, ‘Orhoituz’ diskoa aurkeztu behar zuela eta.

Garai likidoak omen dira egungoak, baina memoriak, norberarenak, lurruntzen doazen kualitateak dira, edo agian lainopean mantentzea da komenigarriena, badaezpada. Nolanahi dela, ikerketak horraino eman du. Ezin jakin norbait oroitzen den azkenean paella jan zuten ala ez, baina ziur egongo dela aztarna berriak topatzeko beste biderik.