Kazetaria / Periodista

Elon Muskek Trumpekiko dibortzioa ofizial egin eta America Party alderdia sortu du

Elon Musk-ek alderdi politiko berri bat sortu du, demokraten eta errepublikanoen arteko dualtasun tradizionala alde batera utzita, Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpekin duen desengainuaren adierazpen berri batean. 

Elon Musk, irribarrez Bulego Obalean joan den maiatzaren 30ean.
Elon Musk, irribarrez Bulego Obalean joan den maiatzaren 30ean. (ETXE ZURIA | EUROPA PRESS)

Estatu Batuetako Independentzia Egunaren biharamunean jakinarazi zuen munduko pertsona aberatsenak America Party alderdiaren sorrera. Bere jarraitzaileei X-n galdetu zien demokratez eta errepublikanoez gain hirugarren alderdi bat egotearen alde ote zeuden, eta hirutik bik baietz esanda, sare sozial berean iragarri zuen Muskek: «Gure herrialdea xahutze eta ustelkeriarekin hondatzeari dagokionez, alderdi bakarreko sistema batean bizi gara, ez demokrazian. Gaur, Amerika Alderdia eratzen ari da askatasuna zuri itzultzeko».

Herrialdearen defizitari hiru bilioi dolar ekarriko dizkion «lege eder eta handia» kongresuan eztabaidagai zenean aipatu zuen lehen aldiz Muskek alderdi berri baten beharra zegoela. Etxe Zuriak laster erantzun zuen, presidentearen beraren ahotik. «Erridikulua» zela esan zuen Trumpek, Muskek burua galdu zuela erantsita. Demokratekin kritikoa izanda ere, «beti bi alderdiko sistema izan» dela azpimarratu zuen Trumpek. «Hirugarren alderdi batek nahasmena dakar», gaineratu zuen.

Elon Musk Hegoafrikan jaioa da, eta ondorioz, ez dauka presidente (edo presidentegai) izaterik. AEBko Konstituzioaren arabera, herrialdean bertan jaiotakoa izan behar da, atzerrian dauden militarren salbuespenarekin; gerora naziotasuna lortu dutenek (Muskek, adibidez) ez dute presidente izateko aurkezterik.

Musken helburua ez da Etxe Zuria,kongresua baizik. Presidentetzarako bozketa 2028an izango da, baina Kongresuko midterm edo agintaldi erdiko hauteskundeak datorren urtean izango dira: Behe Ganberan aulki guztiak berrituko dira (435) eta Senatuko herenak. «Bi alderdien sistematik askatzeko modu bat», Musken arabera, bizpahiru senatari eta 8-10 kongresukide lortzen saiatzea da; badaki errepublikanoen gehiengoa oso txikia dela bi ganberetan.

Mark Cuban milioidunak eta Anthony Scaramucci Trumpen lehen agintaldiko Etxe Zuriko komunikazio zuzendari ohiak interesa azaldu dute Musken egitasmoarekin. Kriptodiruaren komunitateak ere pozez hartu du albistea, eta AEBko Alderdi Libertarioak elkarlanerako deia egin dio Muski. Bitartean, Tesla auto-konpainiaren akzioek ehuneko zazpi egin zuten behera atzo.