2025eko Ibilaldiaren balantzea egin eta 2026ko edizioa aurkeztu dute asteazken goizean Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan. Galdakaoko Eguzkibegi ikastolak lekukoa pasa dio Bilboko Kirikiño Ikastolari. Hain zuzen, Ibilaldia Bilbora itzuliko da 2026ko maiatzaren 31n eta ia 40 urte ondoren, Txurdinaga, Otxarkoaga, Begoña eta Santutxuko kaleetan ospatuko dute Bizkaiko ikastolen jaia.
Urte neketsu baten balorazio positiboa egin du Oihane Arana Eguzkibegi ikastolako lehendakariak. Haren esanetan, «helburu guztiak bete» dituzte: «Euskara erdigunean jartzeko aukera izan genuen Galdakaon, giro aparta egon zen eta egun borobila izan zen».
Hunkituta, harro eta eskertuta Itxaso Etxebarriak, Eguzkibegi ikastolako zuzendariak, lekukoa pasa dio Amaia Galindez Kirikiño ikastolako zuzendariari. Galindezek «ilusio handiz» hartu du erronka eta ikastolen komunitatea aktibatzeko mezua helarazi du gaurko prentsaurrekoan: «Euskaratik eta euskaraz gozatzeko eguna izango da eta ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabaldu nahi dugu».
Bizkaiko ikastolen urteroko jaia Kirikiño Ikastolari dagokio antolatzea datorren urtean. 2022an Bilboko Abusu Ikastolan ospatu zen, baina 40 urte igaro dira Txurdinaga auzoko kaleetan ospatu zenetik; 1988an Txurdinagako, Otxarkoagako, Begoñako eta Santutxuko kaleetan ospatu zenetik.
Orain, auzoa berriz ere «euskararen eta euskal kulturaren topagune» bihurtuko direla adierazi du Garikoitz Zaldibar Kirikiño Ikastolako artezkaritzako kideak. 2026ko maiatzaren 31n izango da hitzordua, eta, Zaldibarrek aitortu duenez, helburuarekin bat egiten du Bilboko ikastolak: «Euskara, hezkuntza, komunitatea eta herrigintza uztartzen ditu Kirikiño Ikastolak».
2024tik daramate lanean Kirikiño Ikastolan eta «erronka handi bezain zirraragarria» dela esan dute: «Ez da egun bakarreko ospakizuna, urte osoko dinamika eta parte-hartze prozesua da, euskara ardatz hartuta eta komunitatea aktibatuz». Horrekin batera, jakinarazi dutenez, ekintza desberdinak antolatuko dituzte aurrerantzean. Hain zuzen, udako jaietan arropa saltzen egongo dira denda-ibiltari bati esker. Esaterako, Santutxuko, Gorlizeko, Algortako eta Bilboko jaietan egongo dira materiala saltzen.
‘Hiri Kiribili Bil!’
Hitz joko alai bati heldu diote datorren urteko Ibilaldia aurkezteko. Azaldu dutenez, ikastolako ikasle, familia eta langileen arteko sormen-prozesu kolektibo baten emaitza da.
«Euskara Bilbo hirian zabaltzea eta erdigunean jartzea dira asmo nagusiak, eta horri egin nahi dio erreferentzia leloak "Hiri"eta "Bil" hitzak erabiliz. Gainera, "Kiribil" hitzak espirala esan nahi du buelta bakoitzean euskararen aldeko urrats berria ematen du kiribila», argitu du Galindezek. Horrez gain, lelo horrekin Bilbon biltzeko gonbita egiten dute.
Diseinuari dagokionez, patinete baten irudia agertzen da erdian, mugikortasun jasangarriaren sinbolo gisa, eta kolore alaiak erabiliz: horia, korala, urdina, eta berdea. Diseinu moderno eta koloretsu horrekin, dinamismoa eta poza transmititzea dute xede.
Amaia Galindez Kirikiño ikastolako zuzendariaren esanetan, patineteak irudikatzen du «etengabeko mugimendua» eta «etorkizunera begirada», euskara beti ardatz izanik.
Bilbo euskalduntzea helburu
Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, Bizkaiko hiriburua euskalduntzeko prozesuaz mintzo izan dira; hori baita Ibilaldiaren lerro nagusia datorren urterako Kirikiño ikastolako bozeramaileen iritziz. Horretarako, euskararen transmisioa eta erabilera erdigunean jartzen, euskal kulturan oinarritutako hezkuntza eskaintzen eta hezkuntza eraldatzailea eta berritzailea bultzatzen saiatuko dira.
Era berean, beste zenbait balio indartu nahi dituzte: «Hiri osoa euskalduntzeko aukera paregabea da. Horrez gain, komunitatea aktibatzea, parekidetasuna, inklusioa eta jasangarritasuna praktikan jartzea dira egitasmoaren oinarriak».
Gogo eta ilusioz hartzen dute erronka antolatzaileek. Ildo horretan, ikastolak betidanik euskararen alde egin duen apostua nabarmendu dute: «Santutxun euskara ia desagertuta zegoenean, guraso talde batek seme-alabentzako euskarazko hezkuntza eredu kooperatiboa abiarazi zuten. Urteak aurrera, proiektua hazten, sendotzen eta familia gehiagoren atxikimenduarekin Txurdinagara egin zuen jauzia. Kirikiño ez da soilik hezkuntza-zentro bat, euskaraz bizitzeko eta elkarrekin etorkizun hobea irudikatzeko espazio bizia da».

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»
