NAIZ
Tolosa

Tolosaldeko ospitale publikoa bost urteko epean martxan jartzea aurreikusten du Osasun Sailak

Tolosaldeko «ospitale publiko berria» bost urteko epean martxan jartzea aurreikusten du Lakuako Gobernuko Osasun Sailak. 74 ohe eta hiru ebakuntza gela izango ditu, eta bereizmen handiko kanpo kontsultek osatuko dute bere jardueraren ardatza.

Tolosaldeko ospitale publikoa eraikiko den tokian egin dute agerraldia, Tolosako suhiltzaileen parkearen ondoan.
Tolosaldeko ospitale publikoa eraikiko den tokian egin dute agerraldia, Tolosako suhiltzaileen parkearen ondoan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Tolosaldeko «ospitale publiko berria», eskualdearen aspaldiko aldarrikapena, bost urteko epean martxan egongo dela iragarri du Alberto Martinez Lakuako Gobernuko Osasun sailburuak asteazken honetan. 74 ospitalizazio ohe izango ditu, hiru ebakuntza gela eta bereizmen handiko kanpo kontsultak izango dira bere jardunaren muina. Eskualdeko 60.000 biztanleri eskainiko die arreta.

Hala adierazi du Martinezek azpiegitura eraikiko den kokalekuan egin duen agerraldian, Iurramendin, suhiltzaileen parkearen pareko aparkalekuan, Maite Martinez de Albeniz Zabaleta Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariarekin eta Xabier Ibarzabal Ekonomia eta Finantzako zuzendariarekin batera. Bertan izan dira, halaber, Ander Figuerido Tolosako alkateorde eta Hirigintza zinegotzia eta Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko ordezkariak, horien artean Ibarrako alkate Igor Zapirain eta Asteasuko Pili Legarra.

Sailburuak azaldu duenez, ospitalea Donostialdeko ESIaren mende egongo da, eta «erreferente» izango da konplexutasun txikiko zirkuituetan, hala nola prozedura diagnostikoetan eta proba osagarrietan. 1.200 kirurgia prozedura baino gehiago egingo dira urtean, eta 3.000 endoskopia azterketa. 74 oheez eta ebakuntza gelez gain, erresonantzia zerbitzu bat izango du «Gipuzkoa osorako zerbitzu diagnostikoak eskainiko dituena», endoskopietarako eta beste prozedura batzuetarako bi miaketa gela, anestesia osteko errekuperazio unitate bat (ABU), larrialdietako arreta jarraituko puntu bat (EAG), erradiologiako ekipoak (OTA, ekografiak, digestiboa...) eta errehabilitazioa.

Nolanahi ere, Martinezek esan du prozesua hasteko Tolosako Udalak Hiri Antolamenduko Planaren Aldaketa Puntuala osoko bilkurara eraman eta lurrak Osakidetzaren esku jarri behar dituela lizitazioekin hasi ahal izateko.

Nabarmendu duenez, helburua da Tolosaldeko eremuan «asistentziaren kalitatea hobetuko duen konponbide integral baterantz aurrera egitea, baliabideen erabilera optimizatuz, arretaren zatiketa murriztuz eta paziente kalteberenentzako kalitate handiko arreta bermatuz». 

Ospitalearen diseinua Tolosaldeko «egungo eta etorkizuneko biztanleriaren, asistentzia beharren eta ospitaleratzeen azterketa sakon baten emaitza» izan da. «Hausnarketa garrantzitsu» horretan Tolosaldea ESIko profesionalek eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko espezialistek parte hartu dute. Horrela, adierazi du Martinezek, konplexutasun maila baxuko paziente medikoei eta egonaldi ertaineko zainketak eta proba osagarriak behar dituzten pazienteei zuzendutako ospitaleratze azpiegitura bat ezartzeko beharra ondorioztatu da.

Hala, ospitale berriak Tolosaldeari eta Donostialdea ESIren beharrei emango die zerbitzua, eta Donostia Unibertsitate Ospitaleak prozesu kirurgiko edo mediko konplexuagoek eragindako ospitaleratzeak xurgatzeko aukera izango du. «Era berean, Tolosaldeko pazienteak kirurgia eremu batez hornitzeko beharra ikusi da, bai eta Tolosaldean etxeko ospitalizazio zerbitzu bat mantentzekoa eta Donostialdea ESIko EAGrekin koordinatutako larrialdiko arretarako dispositibo bat haien eskura jartzekoa ere».

Eraikin berria egin eta martxan jarri bitartean, Tolosaldea ESIren antolaketan «aldaketa handiak egingo dira, bai epe laburrean, bai epe ertainean, zenbait zerbitzu berrantolatzeko eta asistentzia anbulatorioa indartzeko».

Asuncion Klinikaren etorkizuna, argitu gabe

Alberto Martinez sailburuak, bere adierazpenetan, ez du argitu zer gertatuko den Asuncion klinika pribatu-kontzertatuarekin; egun Tolosaldeko biztanleek bertara jo behar dute arreta medikua jasotzera. TOPA plataformak eta eskualdeko alkateek hainbat urte daramatzate ospitale publiko bat aldarrikatzen, eta bertako langileek ere makina bat protesta egin dituzte beren lan baldintzen harira. 

Hain zuzen ere, gaurko agerraldian Ibarra eta Asteasuko alkateek balorazio positiboa egin dute sailburuaren agerraldiaz eta ospitale publikoa izateko bidean aurrerapausutzat jo dute egindako urratsa. Tolosako Udalak inoiz ez duela oztoporik jarri ere nabarmendu dute, eta hitz egiteko eta aurrera egiteko alkateen konpromisoa berretsi. Asuncion klinikarekin eta bertako langileekin zer gertatuko den ez jakiteak kezkatu egiten dituela ere esan dute.