Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

CAF eta Sidenor, beste behin ere, Euskal Herriaren begiradapean

Euskal enpresek Israelgo Estatuarekin dituzten harreman komertzialek kolokan jarri dituzte haien jarduera gidatu beharko luketen oinarri moralak, okupazioa eta genozidioa sustatzen dituzten proiektuak burutzen baitituzte Estatu sionistarentzat.

Euskal Herriko BDZk (Israeli Boikota Desinbertsioa eta Zigorrak) manifestazioa antolatu du, salatzeko CAF tren enpresa palestinarren kontra ari dela, Jerusalemen tren arin bat egiteko proiektua baitu, hiria eta Israelen kolonia batzuk lotzeko.
Euskal Herriko BDZk (Israeli Boikota Desinbertsioa eta Zigorrak) manifestazioa antolatu du, salatzeko CAF tren enpresa palestinarren kontra ari dela, Jerusalemen tren arin bat egiteko proiektua baitu, hiria eta Israelen kolonia batzuk lotzeko. (Jon Urbe | FOKU)

Enpresa baten ingurunea osatzen duten interes taldeei buruzko «stakeholder» kontzeptu anglo-saxoiak funtsezko faktoretzat hartzen du gizartearen rola. Hauen eragina langileekin eta bezeroekin duten harreman zuzena baino askoz zabalagoa da. Dirulaguntza publikoen onuradun izanik, hiri edo herrietako lurzoruak okupatuz, edo “euskal enpresa” gisa izendatuz ere bai, erabakigarria da enpresek beren ingurune hurbilenarekiko duten erantzukizuna.

CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarril, SA) eta Sidenor Aceros Especiales euskal konpainiak, beste behin ere, kritikatuak izan dira Israelgo Estatuarekin dituzten harreman zuzenengatik. Sidenorrek armagintzara bideratutako 1.200 tona metal baino gehiago saltzeak eta CAFek okupatutako lurralde palestinarretan trenbide bat luzatzeak eztabaida publikoaren erdigunean jarri dituzte bi enpresak. Hori gutxi balitz, agerian geratu da euskal gizarteak defendatzen dituen printzipioak ez datozela bat bere enpresa sareak bultzatzen dituen proiektuekin. 2024ko GESOP inkestaren arabera, euskal gizartearen % 80,3k babesten du Estatu Palestinarraren aitortza.

Sindikatuen eta herritarren presioak Sidenorrek IMI Systems konpainiarekin (Israel Military Industries) sinatu zuen kontratua ezeztatzea lortu zuen arren, CAFek trenbidearen handitzearekin jarraitzen du. Mikel Jauregi Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasuneko kontseilari jeltzaleak jasotako babesaz gain, sindikatuen eta herritarren oposizioa nabarmena izan da. Zenbait erakundek ere, hala nola Amnesty Internationalek edo BDZ plataformak, kontratuak salatu dituzte eta harreman komertzialak behin betiko eteteko eskatu dute.

Horrela, enpresa jardueraren eta euskal gizartearen arteko disonantzia kezkagarritik haratago, Euskal Herriko konpainiek lanean jarraitzen dute egunero izugarrikeria hedatzeko modu berriak aurkitzen dituen genozidioarekin.

ZEIN DA ISRAELEKIKO JARRERA?

Kasuen artean desberdintasun nabarmenak dauden arren, Sidenorrek eta CAFek Israelgo erregimenarekin izan duten lankidetza publikoa eta ezaguna izan da.

2019ko abuztuan, Israelgo gobernuak Jerusalemgo tren arina zabaltzeko lanak CAF kide duen partzuergoari esleitu zizkion. Shapir enpresa israeldarra, partzuergoko kide gisa, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak egindako zerrendan dago, non herritarren eskubide urraketa sistematikoei laguntzen dien eta hortik etekina ateratzen duten ehun bat enpresen izenak argitaratzen diren. 1.800 milioi dolarretan estimatutako proiektuak Israel eta Ekialdeko Jerusalemen dauden lurralde okupatuak lotzea du helburu. 1980tik okupatuta dagoen eremua da, eta Nazio Batuek eta Europako Batasunak ez dute anexio gisa onartzen.

Jarduera horiek aurretik ezagutzen ziren arren, Francesca Alabanes Nazio Batuen Lurralde Zibil Okupatuetarako Kontalari Bereziak aurkeztutako «Okupazioaren ekonomiatik genedioaren ekonomiara» izeneko txostena izan zen Beasaingo enpresa jomugan jarri zuena.

Ekainean egindako azken Akziodunen Batzarrean, Andres Arizkorretak, CAFeko lehendakariak, enpresaren erabakiak irmo babestu zituen. Enpresako partaidetzen % 3ren jabe, Eusko Jaurlaritzak ere CAFen jarrera defendatu zuen, nazioarteko legearekiko errespetua azpimarratuz eta Arizkorretak emandako azalpenak «ontzat» joz.

Hala ere, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak berak legez kanpokotzat jo zuen tranbiaren proiektua 2016an eta 2017an, eta argi eta garbi adierazi zuen nazioarteko eskubidea eta NBEren ebazpen egokiak urratzen dituela.

Sidenorren kasua zertxobait desberdina da. Joan den ekainaren 10ean, The Ditch hedabide irlandarrak argitaratu zuen, 2024ko abuztutik, euskal enpresak 1.207 tona altzairu baino gehiago saldu zizkiola IMI Systemsi, Elbit Systems teknologia militar israeldarraren fabrikatzaile nagusiaren jabetzako konpainiari.

Albistea argitaratu bezain laster, Albanesek berak eskatu zien Turkiako agintariei Mersineko portuan zegoen kargamentu israeldarra ikertzeko. Nazioarteko presioarekin bat eginda, ELA, LAB eta ESK sindikatuen eta BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioak eta Zigorra) erreibindikazioek, azkenean, enpresak jarduera horiek uztea lortu zuten. Ohar batean azaldu zuten beren erabakia Espainiako Gobernuak salmenta kontratuak etetearen ondorio izan zela, eta nabarmendu zuten IMIri egindako salmentak guztizko zenbatekoaren % 0,5 baino ez zirela.

«NBEko lege eta giza eskubideetako aditu nabarmenak bat datoz: Nazioarteko Justizia Gorteak zehaztutakoaren arabera, genozidioa egiten ari den estatu bati material militarra transferitzeak nazioarteko zuzenbidea urratzen du», azaldu zuten BDZ mugimendutik.

Horrela, batetik, CAFek okupazioa sustatzen du, eta bestetik, Sidenorrek parte hartzeaz eta ezagutzeaz gain, ez du neurrik hartzen genozidioa saihesteko.

HERRITIK JAIO, BAINA HERRIARI UKO

«Lege, arau eta/edo etika urraketen aurrean tolerantziarik ez», adierazten du CAFen kode-etikoaren 1.4 puntuak. «Pertsonen eta komunitateen kultur aniztasuna, ohiturak eta printzipioak errespetatzen dituzten jarduerak burutuz», azaltzen du Sidenorrek bere kodearen 7.2 puntuan.

Adierazpen hutsak direla ondorioztatu daiteke; deigarria da enpresek beren kode-etikoekiko erakusten duten koherentzia falta. Albanesek salaketa publikoa egin ondoren, CAF Beasain, CAF Irun, CAF Power & Automation, Trenasa, CAF Signalling Amorebieta, CAF TE Tailerrak, Rail Line eta Geminyseko enpresa batzordeek berretsi egin zuten Palestinarekiko elkartasuna, eta zuzendaritzari exijitu zioten «nazioarteko legearekiko errespetua bermatzea, giza eskubideak ez urratzea eta Israelekin duen edozein harreman komertzial etetea».

SINDIKATUEN PRESIOA

Sidenorren kasuan, ELA, LAB eta ESK sindikatuek egindako presioa funtsezkoa izan zen kontratua eteteko. Hori bai, erabakiak ez zuen ondorio sakonik izan, Israelgo Estatuarekin egindako jardueren bolumen komertziala CAFekoa baino askoz txikiagoa zen. Horrela, euskal gizartea bera da enpresek lurralde okupatuetan egiten dituzten, edo egiten zituzten, negozioak ukatzen dituen lehena. Honen garrantzia funtsezkoa da, aktore hori - Euskal Herria - bere «stakeholder» nagusietako bat baita.

CAFen kasuan, Eusko Jaurlaritzaren (%3) edo Kutxabanken (%13 eta %19 artean) parte hartzea lurraldearen eta enpresaren arteko harremanaren adibide argia da. Hala ere, «Cartera Social SA» da CAFen lotura nagusia, bai gizartearekin bai langileekin ere. Langileek sortua eta langileentzat bideratua, 1994an sortutako sozietateak enpresako kapitalean parte hartzea erraztea zuen xede. Hala ere, akziodunen masa horrek ez du ordezkaritzarik erabaki estrategikoez arduratzen den Administrazio Kontseiluan.

Bestalde, euskal lurraldearen eta Sidenorren arteko lotura ere nabarmena da. 2016an, Jose Antonio Jainagak gidatutako Sidenorreko zuzendaritza taldeak konpainia erosi zion Gerdau multinazional brasildarrari, Clerbil SL sortuz. Erosketa horren helburu nagusia Sidenorren erabaki estrategikoak eta inbertsioak euskal lurraldeari lotuta geratzea zen, eta, horrela, tokiko errotzea indartzea. Egungo erabaki horrek konpainiaren eta ingurune sozialaren arteko lotura sendotzeko borondate argia islatu zuen, hortaz, gaur egun harremanari egozten zaion garrantzia.

Hala, euskal gizartean jaio eta hazi diren enpresek tirabira nabarmena dute orain haiek ardazten dituzten printzipio moralak jarraitzearekin, haien jarduera gidatu beharko luketen horiekin, hain zuzen ere.