
Eusko Label Liga 2025, Euskotrenekoa bezalaxe, itsasora hurbildu da aurten lehendabiziko aldiz. Aurreko asteburuan Bilbon eta Sestaoko ibaietan jardun eta gero, Kontxako badiak, Donostian, hartu du hirugarren bandera. Ez da iazko itsaso zakarra egon, baina bai dantza giroa eta lana egin beharra. Eta hor azkarrena Donostiarra etxeko trainerua izan da.
Estropada eremu honetan hirugarren eta laugarren kaleak izaten dira onenak arraun egiteko, eta nabaritu egin da estropadan zehar ikusitakoaren arabera. Emakumeetan Tolosaldeak hirugarren kalea baliatu badu garaipena erdiesteko, gizonetan Donostiarrak laugarrena aprobetxatu du olatuak surfeatu, aurkari zuzenei abantaila polita atera eta etxeko bandera eramateko.
Igor Makazagaren gizonek ez dute inongo oztoporik izan aurtengo lehen garaipena lortzeko. Hori bai, hasieran, irteeran, badirudi Zierbena lehenago atera dela, baina epaileek ez dute ezer esan eta aurrera jarraitu du estropadak.
Donostiarrak lidergoa hartu du segituan, baina segundo batean zeuden lau traineruak. Oriok ondo eusten zion kale txarrari, lehenengoa, baina 'mirotzak' kale egiten hasi dira, segundoak galtzen.
Bigarren luzean gauzak erabat aldatu dira. Ez Donostiarrarentzat, olatu ona hartu baitu ziztu bizian atzetik aurrera zetorren Oriori 13 segundo ateraz. Bigarren eta hirugarren ziabogetan Oriok eta Bermeok bigarren posturako lehia mantendu dute, Zierbena atzerago zetorrela ikusita. Bizkaitarrek 10 segundo atera dizkiete gipuzkoarrei baina segituan jaitsi dute aldea eta amaieran, Donostiarraren atzetik, Bermeo helmugaratu da.
Bigarren txanda: Hondarribia dominatzaile
Hondarribiaren helburua denboraldi honetan, ziklo aldaketa delakoan, bigarren txanda dominatzea da. Eta esan behar da berdeak lortzen ari direla, behintzat Donostian ikusitakoaren arabera. Berez kale txarrenetariko batetik abiatuta (bigarrenetik), azkarrenak izan dira hasieratik amaiera arte.
Justu kontrakoa gertatu zaio Ondarroari. Laugarren kaletik, putzutik irten ezin aritu dira bizkaitarrak estropada osoan zehar. Pentsa, lehen ziabogan lehenengo txandan aritu den Kaikuren atzetik zeuden.
Bigarren luzean lanak hobetu dituzte, baina sufritzen ikusi zaie. Kontrakoa gertatu zaio Getariari. Bigarren maniobran Ares baino azkarragoak izan dira gipuzkoarrak eta ondoren lehia polita mantendu dute galiziarrekin.
Azken luzean, ordea, Aresek olatu ona hartu eta Hondarribiari gerturatu zaio, 7 segundora. Ez da nahikoa izan eta amore eman behar izan dute, Ioseba Amunarrizen arraunlariek seigarren martxa sartu eta helmugaraino ez baitute abiadura moteldu. Azkenean Ares lehen txandako San Juan baino motelagoa izan da.
Lehen txanda: San Juan, hegan
Eusko Label Ligako estropada ireki duen txandan, San Juanek dominatu du hasiera bukaera arte. Pasaitarrei laugarren kalea egokitu zaie, eta egoera aprobetxatu dute beste traineruei mina egiteko.
Hala, lehen ziabogan azkarrenak izan dira. Baina adi, zeren eta bigarren luzean Cabok olatu ona hartu du eta lider jarri da. Galiziarrei gutxi iraun die poztasuna, San Juan berriro jarri baita buruan eta 5 segundo atera dizkio. Are gehiago, luze honetan hautsi du txanda, 11 segundo ateraz bigarren ziabogan.
Hirugarren luzean inork ikusi nahi ez duen egoera gertatu da. Txalupa batek gurutzatu du estropada eremua, inongo arrazoirik gabe. Zorionez, honek ez du eraginik izan; akaso lehen eta bigarren txandan zihoazen Lekittarra eta Kaikuri.
Bi traineru hauek protagonista izan dira hirugarren maniobra egiterakoan. Izan ere, ia ia jotzen dira, Lekittarra asko zabaldu delako eta Kaiku maniobra egitera zetorrelako.
"Bizkaitarra" ontziak neka-neka eginda amaitu du estropada, azken postuan; baina Lekittarrak sekulako erakustaldia eskaini du azken luzean. Cabori bigarren postua ostu dio eta hasiera batean, helmugan, bigarren postua Cabori eman badiote, irudiek argi eta garbi erakutsi dute bizkaitarrak azkarragoak izan direla.
Eusko Label Liga - XVII. Fabrika Bandera:
1. Donostiarra 20:06.34
2. Urdaibai 20:31.46
3. Orio 20:40.14
4. Zierbena 20:59.44
5. Hondarribia 21:06.20
6. San Juan 21:13.74
7. Ares 21:19.46
8. Getaria 21:24.94
9. Lekittarra 21:25.58
10. Cabo 21:26.12
11. Ondarroa 22:06.54
12. Kaiku 22:20.34
Eusko Label Liga - Sailkapen nagusia:
1. Orio 34 puntu
2. Zierbena 31 p.
3. Donostiarra 30 p.
4. Urdaibai 30 p.
5. Hondarribia 23 p.
6. Ares 18 p.
7. Getaria 18 p.
8. San Juan 12 p.
9. Lekittarra 12 p.
10. Ondarroa 11 p.
11. Kaiku 8 p.
12. Cabo 7 p.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

