
Euskotren Liga 2025 itsasora hurbildu da aurten lehendabiziko aldiz. Aurreko asteburuan Bilbon eta Sestaoko ibaietan jardun eta gero, Kontxako badiak, Donostian, hartu du hirugarren bandera. Ez da iazko itsaso txarra egon, baina bai dantza giroa eta lana egin beharra.
Egoera horretan, estropada eremu honetan hirugarren eta laugarren kaleak nahiago dituzte arraunlariek. Eta Tolosaldeak bikain aprobetxatu du hirugarren kalea denboraldiko lehen garaipena lortzeko.
Dena bere alde zuela, gipuzkoarrek hortzak estutu behar izan dituzte azken luzerako azken metroetan. Izan ere, Orio, behetik gora eginda eta olatu ona hartuta, garaipena 'lapurtzeko' oso gertu egon baita. Metroak faltatu zaizkie 'mirotzei' eta bandera Tolosaldeak astindu du.
Atzetik, lehenengo bi banderak irabaztetik zetorren Arraun Lagunakek itsasoaren egoera ordaindu du eta, bigarren kaletik, hasieratik amaiera arte asko sufritu behar izan du. Egia da lehenengo luzean bigarren jarri dela, baina ziabogan Aiora Belartietari arrauna joan zaio maniobra egiterakoan eta denbora asko galdu dute.
Ondoren ezin izan diote egoerari buelta eman eta, behintzat, hirugarren postua eskuratu dute, lehenengo txandan aritu den Hondarribiaren aurretik.
Hondarribia, arantza ondo kenduta
Aipaturiko lehenengo txanda horretan, Hondarribiak ez du aurkaririk izan. Hemen bai nabaria izan dela baita ere kaleen arteko ezberdintasuna. Berdeek laugarren kaletik egin dute arraun eta irteera eman eta berehala ipini dira aurrean.
Justu kontrakoa gertatu zaio Donostiarrari. Nahiz eta estropada eremua bikain ezagutu, etxeko trainerua atzean geratzen hasi da hasiera-hasieratik.
Hibaikak ondo jarraitzen zion Hondarribiari eta atzean, Astillerok eta Donostiarrak lehia polita mantendu dute hirugarren postuarengatik. Gipuzkoarrak pixkanaka aurrera egiten hasi dira, eta Astillero atzean geratzen; baina ziabogan Donostiarra azkena izan da maniobra egiten.
Itzulekoan, Miren Garmendia Hondarribiko patroiak alde batetik bestera dominatu behar izan du trainerua olatuengatik –ondoren aitortu duenez, laugarren kale horretan bazegoen puntu bat olatuak gehiago altxatzen zenekoa–, baina txanda dominatuta izan du. Hori bai, azken metroetan, Hibaikak beste martxa bat hartu du olatu ona hartuta, baina ez da nahikoa izan txandako garaipena ospatu duen "Ama Guadalupekoa" harrapatzeko.
Euskotren Liga - IX. Fabrika Bandera
1. Tolosaldea 11:34.20
2. Orio 11:36.62
3. Arraun Lagunak 11:50.60
4. Hondarribia 11:53.27
5. Zumaia 12:00.48
6. Hibaika 12:03.21
7. Astillero 12:19.85
8. Donostiarra 12:26.83
Euskotren Liga - Sailkapen nagusia
1. Arraun Lagunak 22 puntu
2. Orio 21 p.
3. Tolosaldea 19 p.
4. Zumaia 14 p.
5. Hibaika 12 p.
6. Hondarribia 8 p.
7. Astillero 7 p.
8. Donostiarra 5 p.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

