
Gazan «bizia galdu duten edo bizitza arriskatzen duten» osasun langileei omenaldia egin diete larunbat honetan. Bilbon, Gasteizen eta Donostian, esate baterako, egin dituzte elkarretaratzeak, Parar la Guerra plataformak deituta.
Guztira 200 mobilizazio dituzte Estatu osoan eta, aipatutako hiriburuez gain, Barakaldon, Eibarren, Basaurin eta Zallan ere elkarretaratzeak egin dituzte. «Beste batzuek suntsitu nahi dituzten bizitzak salbatzen saiatzeagatik egunero beraiena arriskatzen dutenei» omenaldia egin diete eta palestinarren genozidioaren amaiera eskatu dute.
Zehazki, Gazan lan egiten duten osasun langileak gogoan izan dituzte; izan ere, «nahiz eta erredurak sendatzeko xaboirik edo gasarik eta anputazioak egiteko anestesiarik ez izan, bizitzak salbatzeko modu nekaezinean borrokan jarraitzen dute».
Partekatu dituzten datuen arabera, Gazan erasoaldia hasi zenetik 400 langile humanitario eta 1.200 osasun langile hil dituzte; 300 bahitu dituzte eta Gurutze Gorriko 15 langile humanitario hobi komun batean aurkitu dituzte, Israelgo Armadak tiroz hil ostean».
«Giltzurrunetako gaitza duten pazienteen %41 hil da gerra hau hasi zenetik tratamendu faltagatik, eta milaka umetxok desnutrizio akutua dute eta hiltzeko arriskuan daude, NBEren arabera», gaineratu dute.
Gainera, Gazako ospitaleen eta osasun zentroen %95 «larriki kaltetuta edo erabat suntsituta daude, OMEren arabera», eta plataformatik diotenez, «ez dira alboko kalteak», baizik eta «aurretik pentsatutako suntsiketa sistematikoa». Zenbakitan, «Al Awdako ospitaleak 28 eraso zuzen jasan ditu eta bi aldiz inbaditu dute».
Bestalde, martxoaren 2tik Israelek Gazako Zerrendara «janaria, ura, sendagaiak eta erregaia sartzea erabat debekatu» duela salatu dute.
Manifestuaren irakurketan nabarmendu dutenez, «Gazan gertatzen ari dena genozidio bat da. Genozidio horren azken helburua bi milioi gazatar baino gehiago akabatzea eta garbiketa etnikoa egitea da, eta horien erdiak adingabeak dira», eta Zerrenda «Israelgo Gobernuak hogei hilabete daramatzan sarraskiaren unerik krudel eta hilgarrienetako bat» bizitzen ari da.
«Egunero gerra krimenak egiten dituzte, ospitaleak eta eskolak bonbardatzen dituzte, etxebizitzak, edateko uraren azpiegiturak eta saneamendua suntsitzen dituzte, laguntza humanitarioko ilarak balaz josten dituzte eta Palestinako herriari erabateko gosetea ezartzen diote», gaitzetsi dute.
Azpimarratu dutenez, «infernu hau bereziki krudela da haurrekin, NBEren ohartarazpenen arabera, egunero milaka hiltzen has baitaitezke laguntza humanitarioa berehala iristen ez bada».
Trump eta Netanyahu, «mehatxua»
Bestalde, AEBko eta Israelgo presidenteak «munduko bakearentzat mehatxu bat» direla ohartarazi dute, eta horren aurrean erantzuteko deia egin diete «demokratei eta munduko herri guztiei».
«Mundua zeharkatzen duen haserrea genozidioaren eta bakearen aurkako ekintza baketsu, bateratu eta solidario bihurtzeko unea da», adierazi dute, «ideologiak edo sinesmenak alde batera utzita, bizi garen eskualdea edo herrialdea kontuan hartu gabe».

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon


