Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskarak justizia behar duela aldarrikatzeko elkarretaratzeak deitu ditu UEMAk larunbaterako

UEMAk agerraldia egin du espainiar Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzeko. Epaia larria dela adierazi du, eta elkarretaratzeko deia egin du larunbat honetarako, udaletxeen aurrean. Udal, eragile eta herritarrak animatu dituzte epai hau salatzera eta euskaldunon eskubideen alde egitera.

UEMAko zuzendaritza batzordeko kideak, Zarautzen egindako agerraldian.
UEMAko zuzendaritza batzordeko kideak, Zarautzen egindako agerraldian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dute, beste behin ere. Izan ere, eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak ere eta, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi dute sententzian», salatu du UEMAko zuzendaritzak ostegun honetan Zarautzen egindako agerraldian.

Azaldu dutenez, aukera guztiak aztertu, eta prest daude EAEko udal legea dagokion lekuan defendatzeko, baita Europako auzitegietan ere, zerbitzu juridikoek horretarako aukera ikusiz gero.

Era berean, UEMAko kide diren 118 udalei dei egin diete, epai hau salatzera eta euskaldunon eskubideen alde egitera kalera atera daitezen, ‘Euskararekin bat’ lelopean, udaletxeen aurrean elkarretaratzeak eginez, larunbat honetan, 12.00etan. Deialdi horiekin bat egitera deitu dituzte euskalgintzako eragileak eta herritarrak ere.

«Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen»

«Euskara ez da beste hizkuntza ofizialen parekoa. Ezta ofiziala den lekuetan ere», ohartarazi dute. Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duen bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago. Baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan. Izan ere, euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan.

«Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere». Hori da, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen ustez, gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua.

Orekak ez du balio lurrean zaudenean

«Euskal gizarteak eta euskal erakundeek, ordea, gehiengo zabalarekin, euskarak dagokion lekua izan behar duela erabaki dute. Gutxitutakoa lehengoratzea. Normalizatzea. Biziberritzea. Horretarako ezinbestekoa da euskara lehenestea, eta euskararen aldeko erabakiak hartzea, elebitasun simetrikoa gaindituta. Parekidetasunik ezean, berdintasuna heriotz zigorra baita. Orekak ez du balio lurrean zaudenean. Horregatik lehenesten dugu euskara. Euskaldunak garelako. Euskara delako gure hizkuntza. Euskaraz garelako. Eta euskaraz izaten jarraitu nahi dugulako», aldarrikatu dute prentsaurrekoan.

«Euskarari dagokion lekua ematea euskararentzat justizia egitea baita. Zapaldua eta gutxietsia izan denari duintasuna itzultzea, eta egindako kaltea konpontzeko bidea jartzea».

Horregatik, nabarmendu dute udalerri euskaldunentzat mugarria izan zela EAEko udal legea, elebitasun simetrikoa gainditzeko eta euskara lehenesteko aukera eman zuelako. Ezagutu berri dugun epaiak, ordea, udal legea kimatu eta ebatzi du ezin dela «neurririk hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak koofizialtasuna urratuko lukeelako».

Epaia larria dela azaldu dute, euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza-politiken aurkakoa ere badelako, eta euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen duelako, ondoan gazteleraren makulua ez duenean. 

Oroitu dutenez, ia UEMA sortu zenetik aritu da Espainiako justizia udalerri euskaldunen jardunaren aurka, euskararen normalizazioa eta biziberritzea eragotziz. Ez dituzte ahantzi aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko oztopoak eta epaitegien ezpatapean igarotako urte guztiak.

UEMA osatzen duten 118 udalen eta horiek ordezkatzen duten 353.000 biztanleko lurgunearen izenean, eredu izatea eta erantzukizunez jokatzea dagokiela gogoratu dute, eta euskaraz jarraituko dutela adierazi. 

Lakuaren erantzuna

Lakuako Gobernua ere «oso kezkatua» agertu da Gorenaren epaiarekin. Euskadi Irratiari emandako elkarrizketa batean, Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu du Gobernua gehien arduratzen duena «erabaki politikoak judizializatzen» hastea dela, euskararen arloan bereziki. Izan ere, baloratu duenez, eremu horretan «akordio historikoa» lortu dute indar politiko ezberdinen artean eta horri esker ibilbide bat egin ahal izan dute.

«Ez dugu epailearen erabakia babesten, gaztelaniari eskatzen ez zaiona edo gaztelaniarekin zalantzan jartzen ez dena egiten baita euskararekin, hau ere koofiziala dela kontuan hartu gabe. Konstituzioaren aurka doa euskararen arloan baina ez gaztelaniarenean», argitu du.

Salatu du badirela «indar politiko jakin batzuk» euskararen erabilerari oztopoak jarri nahi dizkiotenak eta «epaitegiak baliatzen dituztenak traba horiek jartzeko».

Gorenaren sententziaren aitzinean «zer bide» dituzten aztertuko dutela esan du. «Traben gainetik, konbentzituta nago gure bidea jarraituko dugula», berretsi du.

EH Bildu

Bide horretan, EH Bilduk gehiengoei balioa emateko eskatu du, «euskararen arloan ausartak izateko eta erabaki eraginkorrak hartzeko». «Euskararen aurkako oldarraldi hau ukatzen dutenei», berriz, galdegin die ea Vox bezalako alderdi «euskarafobiko» bati segituko dieten.

Donostian emandako prentsaurreko batean, Nerea Kortajarena EH Bilduko Programa idazkari eta Gasteizko legebiltzarreko bozeramaileak Gorenaren azken epaiaren «larritasuna» azpimarratu du. Euskararen normalizazioaren aurka ez ezik, udalen autonomiaren eta autogobernuaren beraren kontra ere badoala ohartarazi du. EH Bildurentzat «onartezina» da gure herrialdean hain indar eskasa duen ultraeskuin espainolak, zinegotzi bakar bat ere ez duenak, «bidea markatzea eta ekimena hartzea eta horren arabera epaitegi espainol batek gure hizkuntz eskubideen gaineko erabakiak inposatzea».

Esan duenez, sententzia honek frogatzen du «daukagun autogobernua erabat mugatua eta etengabe erasana dela».

«Larrialdi linguistiko batean gaude eta jada ez da aski kaleak betetzea sententzia hauek ateratzen direnean, jada ez da aski gure haserrea erakustea. Politika linguistiko ausartak behar ditugu. Ezin dugu erabakiak atzeratzen segitu», azpimarratu du. «Zer gehiago gertatu behar da hizkuntz normalizazioak eskatzen duen jauzi hori eman dezagun?», galdetu du, eta EAJri egin dio dei erabakiak har ditzan.

LAB eta ELA

Estatuaren oldarraldiaren aurrean, euskalduntzearen aldeko indarraldi sendoa sustatzera deitu ditu LABek eragile eta herritar euskaltzaleak. «Euskarari lehentasuna ukatzeak de facto gaztelaniari lehentasuna onartzea dakar. Egoera desorekatuan dauden bi hizkuntza legalki modu berean tratatu beharra ezartzeak desoreka hori betikotzea dakar; euskara normalizatu ahal izateko aldeko ekintza positibo legalak eta politikoak indarrean jarri behar dira», azaldu du.

UEMAk antolatutako mobilizazioekin bat egin du ELAk. «Herri mobilizazioaren bidez euskararen estatus juridikoa irauli behar da benetako ofizialtasuna lortzeko», defendatu du. «Auzitegi Gorenak eskuin muturraren argudioak bere egin ditu eta euskararekin lotuta udal legean azaltzen zen araudia baliogabetu du gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko», salatu du.

«Euskararen moduko hizkuntza gutxitu batek diskriminazio positiboko neurririk izan ezean ezinezkoa da herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea», ziurtatu du. «Auzitegi Gorenak egoera ezberdinean dauden bi hizkuntzei trataera bera eskainiz euskararen desagerpena bultzatzen du».

Kontseilua

Kontseiluak oroitu du urteak daramatela euskararen normalizazioaren kontrako epaileen esku-hartzeak gaitzesten. «Agerikoa da oldarraldi judizial eta politiko honek euskararen gutxiagotzea betikotu nahi duela», agertu du, eta erantsi du Gorenaren sententziak «ia VOXen premisa guztiak jaso dituela».

Garrantzitsua da Kontseiluarentzat euskara eta bere hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daudela jabetzea. «Egiazko arriskua dago normalizazioaren prozesuan atzera egiteko».

Egoera horretan, baliogabetutako artikuluek «gutxieneko zoru bat ezartzen zuten administrazioan euskararen gutxiagotze egoera errekuperatzeko eta sustapenean aurrera egiteko. Baina botere judizial espainolak bide hori oztopatu du beste behin», salatu du.

Bergarako Udalaren eta Behatokiaren ituna

Herritar euskaldunen hizkuntza eskubideen babesean eraginkorragoak izateko helburuarekin, hitzarmena sinatu dute Bergarako Udalak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak. Hala, bi erakundeek bat egin dute euskara sustatu, hizkuntza eskubideak bermatu eta euskaldunok ahalduntzeko zenbait erronkarekin, hala nola euskararen normalizazioa agenda politikoaren erdigunera eramatearekin edota Bergarako Udalean berariazko nahiz zeharkako hizkuntza politikak garatzearekin.

Halaber, administrazio publikoan zein enpresa pribatuetan herritarrek pairatzen dituzten hizkuntza eskubideen urraketekiko neurrietan eragingo dute elkarlanean, eta aldaketak eskatuko dituzte hizkuntza eskubideen urraketak egiten dituzten administrazio, enpresa zein eragileengan. Herritarren ahalduntzean eta hizkuntza ohituretan ere eragin nahi dute, euskaraz bizitzeko dituzten oztopoak gainditzen lagunduz.